Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak euskal enpresak finantzatzeko programa berezia aurkeztuko du

2012.eko martxoak 07

Eusko Jaurlaritzak ohiz kanpoko programa bat abiarazi du, enpresen jarduera aktibatu eta ekonomia sustatzeko; aurten 2.180 milioi erabiliko dira

Ekimen berri hau Lehendakariak aurkeztu du, eta ekoizpen-sarea mantendu eta indartzeko balio izango du, eragin biderkatzailea edukiko duelako. Elkarren Bermerako Sozietateei beste berme osagarri batzuk ematea, aurten onartuko diren beste abal mota batzuk, finantza-erakundeekin izenpetuko den beste hitzarmen bat (Kutxabank-ek dagoeneko onartu du) edo “Ekarpen” izeneko funtsa indartzea dira neurrietako batzuk. Lehendakariak esan duen bezala, “nire gobernuak gure langile eta enpresariengan konfiantza dauka. Euskadi gai da aurrera egiteko. Gai da, laguntza izanez gero, krisialditik irteteko”

Ohiz kanpoko programa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta horri esker, 2.180 milioi eurora arteko kopurua erabili ahal izango da ekonomia suspertu eta Euskadiko enpresek dituzten finantzazio-arazoei irtenbideak aurkitzeko.

Patxi López lehendakariak gaur aurkeztu du ekimena, Carlos Aguirre (Ekonomia eta Ogasun sailburua), Bernabe Unda (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua), eta Mario Fernández (Kutxabank-eko lehendakaria) lagun zituela. Enpresei finantza arloko laguntza eskaintzeko estrategia bat da, eta hainbat ikuspegitatik eramango da aurrera.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, gaur egun bizi dugun krisia 80 eta 90eko hamarkadan bizi izan zen industriaren berregituratze gogorrarekin parekatzeko modukoa da, eta hori dela eta, beharrezkoa da, oraingoan ere, neurri indartsuak hartzea, ziklo txarrari buelta ematen saiatzeko eta, horrela, hazkundea eta ekonomiaren jarduera berraktibatzeko.

Esandakoagatik, beharrezkoa da enpresei laguntzeko beste tresna berri batzuk eskueran jartzea, eraldaketa lehiakorreko estrategiekin eta nazioartekotzearekin, I + G + b-ko inbertsio-planekin, eta eskari nahiz kontratu handiei erantzuteko gaitasunarekin aurrera egiteko modua izan dezaten, horrek guztiak industriaren jarduerari eta enpleguari bultzada emateko eragin berezia baitu. Euskal enpresek eragozpen larriak dituzte lan horietan aurrera egiteko, arazo nagusi bat dutelako: Finantzazioaren iturria itxita dago ia erabat.

Eusko Jaurlaritzak idatzitako programa ezintasun horri emandako erantzuna da, eta bertan jasotzen diren neurriek zuzeneko eragina izango dute ekonomia-jardueran eta, beraz, baita enplegua sortu eta mantentzeko gaitasunean ere.

Ekimenak aldez aurreko premisa batzuk hartu behar izan ditu kontuan: Europako Erkidegoaren jarraibideak zein Jaurlaritzak 2012rako dituen aurrekontu-baliabideak errespetatzea. Alde batetik, Europar Batasunaren industria-politikako irizpideetan oinarritzen da; zehazki, enpresei bermeak emateari buruzko Europako Erkidegoaren xedapenetan (Itunaren 87. eta 88. art.), behin 2011n denbora-esparruaren erregimena amaituz gero.

Bestetik, 2012rako Aurrekontuen Legearen 9. artikuluko xedapenetan oinarritzen da. Jaurlaritzak honako tresna hauek aurreikusi ditu han:

- 550 milioi euro gehienez maileguetarako, elkarren bermerako sozietateen (EBS) aldetik.
- 400 milioi gehienez edozein motatako abal-eragiketetarako.
-  Beste finantza-eragiketa batzuk, honako hauekiko hitzarmenen esparruan: BEC, Europako Inbertsio Bankua (BEI), Europako Inbertsio Funtsak (EIF) eta beste erakunde batzuk, enpresetarako eragiketak egiteko, “Luzaro”ren eta beste erakunde laguntzaile batzuen bidez.

Azken puntu horrek aukera ematen du, hain zuzen ere, aurrekontuetan zehaztutako abal-lerroak zabaltzeko eta hainbat baliabide publiko-pribatu mugiarazteko, enpresen eskueran baliabide gehiago jartzeko.

Gainera, ekintza horietaz gain, bazkide-akordio osagarri bat ere badago, enpresa estrategikoetan inbertsioak bultzatzeko Ekarpen inbertsio-sozietatearen baitan. Sozietate hori Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Kutxabankek partekatzen dute.

Horrekin guztiarekin, gure enpresentzako laguntza finantzarioko programa berezia honela egituratuta geratuko da:

1.- Enpresa txiki eta ertainei laguntza finantzarioa emateko programa.  Guztira, 1.310 milioi euro mobilizatuko ditu, bazkideen zirkulatzaile-aukerak, inbertsioak eta kapitalizazioa eskaintzeko. Programa hori honako tresna hauetan banatuko da:

a) Maileguetarako 550 milioi emango dira, Elkargi eta Oinarri elkarren bermerako sozietateen (EBS) bidez.

b) Hitzarmena izenpetuko da programa horretara atxikitzen diren finantza-erakundeekin, 660 milioi euro gehienez. Jaurlaritzak abal batzuk emango ditu (400 miloi euro gehienez) arrisku partekatuan (% 60 Eusko Jaurlaritzak, eta beste % 40a finantza-erakundeek) partaidetza-mailegu eta -kredituetarako. Kutxabankek dagoeneko eman dio adostasuna hitzarmen horri, bankuko lehendakari Mario Fernándezek azaldu duenez. Eta beste finantza-erakunde batzuen partaidetzara ere irekita dago.

c) Luzarok 50 euroko abala jarriko du inbertsioak egiteko eta birfinantzatzeko, eta gehienez 100 milioi mobiliza ditzake horrek.

2.- Proiektu eragileei laguntzeko programa. 470 milioi euro izango ditu, eta honako jarduera hauek egingo dira:

a) Txoke-abalen beste dekretu bat onartuko da aurten, Europako Batzordearen baimena jaso ondoren, eta dagoeneko foru-aldundiekin adostuta dago. Aurreikusitako abal-zenbatekoa 200 milioi eurokoa da.

b) “Ekarpen” izeneko funtsari eginiko abalak, partaidetza-mailegu estrategikoetarako.  100 milioi euro ditu.

c) “Ekarpen” funtsean adostasuna bultzatzea, eragile diren inbertsio handiko proiektuetan parte hartzeko eragiketa berriak sustatzeko. Administrazioek (Jaurlaritza eta aldundiek) 20 milioi euroko kapital-gehikuntza egin dute, eta horri beste 150 milioi euro gehitu behar zaizkio, Kutxabank-ek proiektu berriak finantzatzeko jarriko dituenak.

Aipatutako ekarpen horiei –1.780 milioi euro aparteko programa honen barruan– 400 milioi euroko mailegua gehitu behar zaie, zenbateko hori eskaini baitu Europako Inbertsio Bankuak aurten, Eusko Jaurlaritzaren I+G+b 2010-2014 Programa finantzatzeko.

Hortaz,  guztira 2.180 milioi euro jarriko dira aurten euskal enpresentzat.

Jaurlaritzak antolatutako programa hau Europa mailako krisialdi larriaren testuinguruan kokatu behar da. EBko ekonomia gehienek geldialdia izan dute 2011ren bigarren zatian, eta geldialdi horrek izugarri ahuldu du enpresa-sarea, lehendik ere nahikoa jota zegoen-eta, hiru urtean egoera zailari aurre egiteko ahaleginean.

Espainiaren egoera bereziki zaila da, Europar Batasunak zerga-doikuntzako eta aurrekontu-murrizketako prozesuekin jarraitzeko exijitzen baitio. Pentsatzekoa da Espainia teknikoki atzeraldian sartuko dela lehen hiruhilekoaren amaieran, eta baliteke Euskadik ere bide berari jarraitzea.

Doitze-politika huts-hutsekin jarraitzeak dezelerazio-prozesu are indartsuagoa eragin dezake Espainian eta Euskadin. Euskadi ez da irla bat, eta Europako eta Espainiako geldialdiak zuzen-zuzenean eragiten dio.

Ekonomia sustatzeko eta suspertzeko politika

Gure konpromiso fiskalak ahaztu gabe, Eusko Jaurlaritzari iruditu zaio jarduera mantentzearen eta sustatzearen alde egin behar duela. Hori egiteak ondorio biderkatzaile argiak ditu ekonomian: Gobernuak teknologia-programetan erabiltzen duen euro bakoitzeko, gutxienez beste bi euro mugitzen dira sektore pribatuan. Horren adibide dugu Etorgai, non zenbait enpresak, zentro teknologikok edo unibertsitatek parte hartzen duten. Horrenbestez, jarduera eta enplegua sortzen da.

Horregatik, Gobernuak jokatu du aurrekontuetako baliabideak baino ez dituela jakinda, baina, aldi berean, aintzat hartuta Aurrekontuak ekonomia sustatzeko aukera asko eskaintzen dituela, eta aukera horiek ezin direla alferrik galdu, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatu gabe. Kontua da benetako ekonomiari laguntzea, atzeraldi luzea saihestea eta bat egitea handitzen ari diren ekonomiekin.

Gure erkidegoak, gaur egun, Espainiako langabezia-indizerik txikiena du, soldaten batez bestekorik handiena izan arren. Gaur egun dugun langabezia-tasa aurreko krisietan (80ko eta 90eko hamarkadetan) izan genuenaren erdia da, eta horrek erakusten du gure produkzio-sarea egokitu eta hobetu egin dela.

Euskadiren egoera mantentzeko edo hobetzeko, funtsezkoa da enpresak finantzatzea. Dena den, Gobernuak beste hiru lehentasun ezarri ditu, jarduera mantentze eta sendotzearekin zuzenean lotuta daudenak: nazioartekotzea, merkatuari begira egindako berrikuntza eta ekintzailetza.

JARDUERA EKONOMIKOA SUSPERTZEKO ETA EUSKAL ENPRESAK FINANTZATZEKO NEURRIAK

 

Neurria

Egindako finantzazioa

M€

Enpresa txiki eta ertainei finantza-laguntza emateko programa

1.310

A) Zirkulatzailearen finantzazioa, Elkarren Bermerako Sozietateen bidez.

550

B) Hitzarmena finantza-erakundeekin (abalak: % 60 -% 40).

660 (400 + 260)

C) Luzarori emandako abalak, inbertsioak egiteko eta birfinantzatzeko.

100

Proiektu eragileei laguntzeko programa

470

A) Txoke-abalak (Europar Batasunaren aurretiko baimenarekin).

200

B) “Ekarpen”i eginiko abalak, partaidetzako mailegu estrategikoetarako.

100

C) “Ekarpen” bultzatzea, inbertsio handiko proiektuetan, trakzio-efektua dutenetan, parte hartzeko.

170 (20 + 150)

Beste batzuk

400

Europako Inbertsio Bankuaren kreditua, Ikerketa eta Garapeneko programetarako

400

GUZTIRA

2.180

3 iruzkin
  • @Gtzl
    2012.eko martxoak 08

    Comentario de Twitter:
    Una buena medicina: El Gobierno Vasco lanza un programa extraordinario para financiar la actividad de las pymes vascas. http://t.co/5nZEEqOn

  • @alorza
    2012.eko martxoak 08

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco lanza programa extraordinario para financiar actividad de las empresas con 2.180 millones € http://t.co/vdedJKEf

  • @EmpreSEA
    2012.eko martxoak 08

    Comentario de Twitter:
    Docs., declaraciones, etc. sobre los 2.180 millones de euros GV-Kutxabank para incentivar actividad empresas http://t.co/WX8FH3bq

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)