Soldatapekoek gora egin dute eta autonomoek behera Euskadiko merkataritza-sektoreko enpleguan
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Efokamer – Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egindako 2023ko Euskadiko Txikizkako Merkataritzaren Barometroaren azterlana eta ISEAK Fundazioak egindako Euskadiko merkataritza-sektoreko enpleguari eta etorkizuneko erronkei buruzko diagnostikoa aurkeztu ditu gaur. Aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira Elena Moreno Merkataritzako zuzendaria eta Sara de la Rica ISEAK Fundazioaren zuzendaria.
Bi azterlan horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak analisi enpirikoak indartzeko egiten duen apustuaren parte dira, helburua izanik Euskadiko merkataritza-sektorea ahalik eta modurik zehatzenean aztertu, deskribatu eta monitorizatzea eta datuen araberako erabaki estrategikoak hartzea.
Sailburuak gogoratu du merkataritza Euskadiko hiru jarduera ekonomiko nagusietako bat dela, industriarekin eta osasun-zerbitzuekin batera; izan ere, enpleguaren % 13 (135.000 familia inguru) eta gure BPGren % 11 suposatzen du. Merkataritza eraldaketa sakon batean murgilduta dago. Ingurumen-trantsizioari, soziodemografikoari eta digitalari aurre egin behar dio, bost belaunaldi elkarrekin bizi diren eta kontsumitzeko eta erosteko ohiturak erabat aldatu diren gizarte batean.
“Egoera horren aurrean, administraziook errealistak izan behar dugu, eta zeri aurre egin behar diogun jakin behar dugu, merkataritzari politika publiko eraginkorrekin lagundu ahal izateko. Eta horretarako, funtsezkoa da jakitea zein testuingurutan mugitzen den, gaur aurkezten ditugun azterlanek dakartzaten bezalako datu enpirikoetan oinarrituta. Merkataritza-sektoreko enpleguaren agertokia aldatu egin da azken urteotan: autonomoek behera egin dute, etorkinen hazkundea nabarmena da eta soldatapekoen gorakada orokorra, errotazio handia erakutsiz. 50 langile baino gutxiagoko enpresetan, % 75 soldatapekoak dira, eta kontratu mugagabeen kopurua batez bestekoa baino 10 puntu handiagoa da, eta horrek agerian uzten du merkataritzan enpleguaren baldintzek alderdi erakargarriak dituztela. Beste alde batetik, txikizkako merkataritza zahartuta dago, bereziki autonomoetan, eta zailtasunak ditu erreleboa erakartzeko”.
Merkataritza-sektoreko enpleguaren diagnostikoa
ISEAK Fundazioak egindako eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako enpleguari buruzko 2023ko azterlana 2016ko urritik 2021era Euskadiko merkataritza-sektoreak izan duen aldaketari buruzko diagnostikoa da. Gainera, oso aurreratuta dago 2024ko azterlana, oraingoaren jarraipena izango dena. Azterlan horrek etorkizuneko erronkak, belaunaldien arteko erreleboa, teknologia berriak eta globalizazioa jorratzen ditu, eta 2023ra arteko datuak barne hartzen ditu.
Euskadiko merkataritzaren profil soziodemografikoak eta enpleguaren profilak erakusten digute sektorea zahartuta dagoela, batez ere enplegu autonomoari dagokionez, % 77 40 urtetik gorakoa baita, emakumeak dira gehiengoa, batez ere soldatapeko enpleguan, eta jatorri atzerritareko pertsona gehiago dago enplegu autonomoan (%7) soldatapekoan baino (% 5)
Soldatapeko 4 enplegutatik ia 3 daude 50 langile baino gutxiagoko enpresatan; 4 enpresatatik 1 sortu berriak dira edo 5 urte baino gutxiago dituzte; eta azpimarratzekoa da, datuek adierazten duten bezala, merkataritzan hazten ari diren beste sektore batzuetan baino kontratu mugagabe gehiago dagoela, kontratuen bi heren, batez bestekoa baino % 10 gehiago.
Teknologia berriak, globalizazioa eta kontsumo-jarraibideen aldaketak sektorea aldatzen ari dira, 2016 eta 2021 urteen artean afiliazioaren % 1 galdu du, 1.412 enplegu; 2016an 136.621 afiliatu izatetik 2021ean 135.209 izatera igaro da. Hala ere, merkataritzako enplegu guztiak ez dira maila berean murriztu; izan ere soldatapeko enpleguak % 2 egin du gora enplegu autonomoak % 7,9 behera egin duen bitartean.
Ondoriozta daiteke 2016 eta 2021 urteen artean EAEko merkataritza-sektorea maskulinizatuago eta zahartuago dagoela eta atzerritar jatorriko pertsona asko sartu direla, merkataritza-enpresa handiagoak dituela eta egoitza soziala Espainiako beste probintzia batzuetan duten establezimendu gehiago dituela, baina baita kontratu hobeak ere.
Hauteman diren joera nagusien artean sektorean iraupen-tasa txikia duten soldatapeko enpleguen txandakatze handia dago, eta gazteak, langabeak, ez-aktiboak eta atzerritarrak dira sartzen direnak, baina baita irteten direnak ere.
Enplegu autonomoaren ezaugarria erreleborik eza da, eta irteerak baino sarrera gutxiago daude. Irteerak batez ere erretiroengatik eta negozioak ixteagatik dira. Sartzen direnen artean gehienak emakumeak dira, eta asko dira etorkinak, % 19. Hauteman da gora egin duela enpleguak espezializatu gabeko txikizkako merkataritzan, eta behera denda txiki espezializatuetan.
Azkenik, enpresa handietako enpleguaren gorakada hauteman da, banaketa-enpresa handien, kate nazionalen eta nazioartekoen, hazkundearen ondorioz, enpresa ertain eta handietako lan-baldintza hobeekin batera.
2023ko Merkataritzaren barometroa
Barometroak merkataritzaren testuingurua definitzen du: establezimenduen ezaugarri fisikoak, langileen profila, digitalizazioa, negozio-bolumenaren bilakaera, merkataritzaren eta bezeroen arteko harremana eta merkataritza-establezimenduek jasangarritasunarekin duten lotura.
Barometroaren ondorioen arabera, sektorea ia erabat mikroETE-etan oinarrituta dago, % 69,4 baitira, eta langile 1 edo 2 dituzte. Zerbitzu gehigarriei dagokienez, % 74,2k adierazten dute zerbitzu gehigarriak eskaintzen dizkietela bezeroei, hau da, aurreko barometroarekin alderatuta 4 puntu gehiago dira. Merkataritzaren % 70,5ek ordutegi zatituan zabaltzen dituzte ateak. Hala ere, edizio honetan ordutegi jarraitua duten establezimenduen kopuruak gora egin duela ikusten dugu, batez ere Euskadiko hiriburuetan daudenetan, bereziki Bilbon eta Donostian. Era berean, merkataritza-sektorearen % 55,9 bezeroak euskaraz artatzeko prest dago.
Esan daiteke sektorea gero eta konprometituago dagoela jasangarritasunarekin eta ingurumena zaintzearekin. Establezimenduen % 80,4k adierazi dute jasangarritasun-ekintzak gauzatzen dituztela, eta datu horrek gora egin du aurreko azterlanarekin alderatuta. Gainera, aurreko edizioetan sektoreak plastikozko poltsak ezabatzean jarri zuen arreta, eta orain jarduera-ardatz nagusia ekonomia zirkularraren eta birziklatzearen aldeko konpromisoa da.
-
2024-07-14
Adibidez, kanpoko agente komisionistaren bidez gehiago egin behar izatea salmentak, baita etxera eramandakoak ere, gastu finkoak ere estaltzeko behar besteko sarrerarik ez dagoenean. Erosketa-tiketa nola edo hala eskatzeak ez dakar ezkutuko salmentarik, eta, gainera, estaldurarik gabe geratzen da geroko erreklamazio-bermea, gauzak gertatuz gero.
-
2024-07-14
Como que se tuviera que hacer más mediante agente exterior comisionista relanzar ventas incluso llevadas a domicilio cuando por momentos el público no diese entrada suficiente para cubrir siquiera gastos fijos. Exigir ticket de compra de algún modo no den lugar a ventas ocultas además de quedar sin cobertura garantía reclamación posterior en caso de pasar cosas.