Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

3 milioi euro baino gehiago Euskadiko turismoaren lehiakortasuna hobetzeko (2012-03-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko martxoak 06

Ebazpena, 2012ko martxoaren 16koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, 2012ko ekitaldirako Euskadiren turismo lehiakortasuna bultzatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduan finkatutako esparruaren barruan laguntzak emateko deialdia iragartzen duena

Jaurlaritzaren gaurko Kontseiluak Euskadiko turismoaren lehiakortasuna hobetzeko laguntzetarako 3 milioi euro baino gehiago onartu ditu. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Turismoaren 2010-2013ko Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana eta Euskadiko Turismo Marketin Plana (2010-2013) egin ondoren, euskal sektore publikoko erakundeetarako eta irabazi-asmorik gabekoak izanik turismo-sektorean diharduten bestelako erakunde pribatuetarako dinamizazio-laguntzak berrantolatu zituen. Egituraketa berri hori kontuan hartuz, laguntza horiek abiarazi zituen, turismo-helmugak antolatzeko eta arestian adierazitako planetako ikuspegiarekin bat egiteko.

Turismoak sorturiko oparotasuna eta enplegua areagotzeko jomuga orokorra dute laguntza horiek, turismo-industriako enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren bitartez, eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea garatuz eta Euskadi aitortutako turismo-marka gisa kokatuz.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak honako hauek sustatzen ditu: EAEn kokatutako udalak, udal-sozietate publikoak, enpresa-alorreko udal-erakunde publikoak, kuadrillak eta mankomunitateak, tokiko eta eskualdeko garapen-agentziak, landa-garapenerako elkarteak, turismo-partzuergoak eta berezko izaera juridikoa duten eta turismoa sustatzen duten bestelako eskualde-erakundeak, eta irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatuak, betiere horien helburuetako bat turismo-jardueraren garapena bada.

Laguntzak jasoko dituzten erakunde horietako edozeinen jardunak honako hauek dira:

-Helmugen eta produktuen elkarlan- eta kudeaketa-egiturak indartzea, betiere turismo-sektoreko eragile publiko eta pribatuak biltzen badituzte.

-Helmugen lehiakortasuna hobetzea.

-Lehentasunezko sektoreetako produktu-planekin -"Euskadiko Turismo Marketin Planean" eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak sustatutako turismo-plan zuzentzaileetan halako gisa definitutakoekin- eta aipatutako "Euskadiko Turismo Marketin Planean" identifikatutako Esperientziekin, Playgroundekin eta Zirkuituekin bat datozen turismo-produktuak sortzea eta garatzea.

- Eta produktuen, Esperientzien, Playgrounden eta Zirkuituen eta helmugen sustapen- eta marketin-jardunak ezartzea.

Laguntzen zenbatekoak ezartzeko, tokiko esparrua, tokiz gaindiko esparrua eta EAEko hiru hiriburuak bereizten dira. Gehieneko zenbatekoak, bestalde, honako hauek dira: 280.000 € lurralde handiagoak biltzen dituzten erakundeetarako (hiru hiriburuak eta eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak), 240.000 eskualde-esparruko gainerakoetarako, eta 150.000 toki-esparruko erakundeetarako.

Hona hemen laguntza horiek zuzenduta dauden kontzeptuen adibide bat: langileak kontratatzea % 85en eta % 90en, pertsona bakoitzeko gehienekoa 38.500 izanik, eta Jaurlaritzaren marketin-planarekin bat datozen produktuak, esperientziak, playgroundak edota zirkuituak sortzea eta garatzea, 100.000-150.000 euro jaso ditzaketenak, toki-esparrukoak, tokiz gaindikoak edo hiriburuak ote diren ere kontuan hartuta, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritza hainbat modutan eta zenbait inbertsio eta laguntza-linearekin ari da laguntzen Euskadiko turismoa, EAEn oparotasuna eta lanpostuak sortzeko aukera handiak izanik hazten ari den sektorea dela baiteritzo. Helburu horrekin, hainbat laguntza abiarazi ditu, batetik, enpresa pribatuetarako, negozioen kalitatea, kudeaketa eta berrikuntza hobetzeko xedez, eta bestetik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sustapen-politikekin batera lan egiten duten erakunde publikoetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan