Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak laguntzetan emango dituen 1.346.000 eurorekin modernizatu ahalko dira turismo-establezimenduak (2012-03-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko martxoak 06

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskadiko turismo-establezimenduak modernizatzeko laguntzen programa bikoiztu egin zuen 2011n, eta deialdi honetan ere 226.000 eurotan gehitu du.

2011ko laguntzek 8,8 milioitik gorako inbertsioa eragin zuten, 2010ean baino % 500 gehiago.

Jatetxe, taberna eta kafetegiez gain, turismo-ostatuek, bidaia-agentziek, interpretazio-zentroek, turismo-garraioak eta turismo aktiboak ere balia ditzakete laguntza horiek.

Jaurlaritzaren Kontseiluak laguntzak onartu ditu turismo-sektorea modernizatzeko, 1.346.000 euroko zenbatekoaz. Turismo-sektoreko enpresen modernizazioa bultzatzeko linea abiarazi zuen 2010ean Eusko Jaurlaritzak. 2011n, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bikoiztu egin zuen inbertsioa eta 1.120.000 euro bideratu zituen establezimenduek aldaketak egin zitzaten kudeaketako tresna eta azpiegituretan, horri guztiari esker turismo-eskaintza gero eta lehiakorragoa izan zedin.

Turismoa da azken hiru urteetan gehien hazi den sektorea % 17arekin, eta hori horrela, Eusko Jaurlaritzak erabaki du laguntzen programa hori aurten 226.000 eurotan gehitzea, hau da, % 20 gehiago, aurrekontu-egoera zaila gorabehera.


Sukaldaritzan jarduten duten negozioak ez ezik, honako hauek ere izango dira laguntzen onuradun: jatetxe, taberna eta kafetegiak, turismo-ostatuak, bidaia-agentziak, interpretazio-zentroak, turismo-garraioa eta turismo aktiboa.

Guztiak ere itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira eta eskaera aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuta daude. Honako kasu hauetan jaso ahal izango dira: ekipamendu informatikoak, horien aplikazioak eta osagarriak erosi eta instalatzea eta wifiguneak prestatzea; Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari atxikitako establezimenduen irisgarritasuna hobetzea, zerbitzuak pertsonen dibertsitate funtzionaletara (fisikoa, bisuala, entzunezkoa, intelektuala eta organikoa) egokituz; eta zerbitzuaren eskaintzari balio erantsia eman eta erakargarritasuna hobetzea ekarriko duten inbertsioak.

Ildo beretik, turismoaren sektoreko enpresaburuek jarduera egikaritzen deneko lokala, altzariak eta ekipamendua eraberritu eta modernizatzeko laguntzak jaso ahalko dituzte, baita sukaldaritza-zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduetan sortutako hondakinak biltzeko sistemak eskuratzeko ere, instalazioak (barrak, zoruak eta abar) modu iraunkorrean garbi izateko lagungarri diren aldetik. Askotariko material, ekipamendu eta elementuak modernizatzeko laguntzak ere emango dira, hain zuzen ere, kirol-materiala, audiogidak eta abar, eta garraioetan erreformak eta egokitzapenak egitea ere diruz lagunduko da, turismorako erabiltzeko baldin badira (erosketa ez da sartzen).

Aipatu behar dugu, jatetxe, taberna eta kafetegien kasuan, terrazak prestatu eta modernizatzeagatik eta urte osoan turismo-erabilera izateko egokitzapenak egiteagatik izaten dituzten gastuak ere estaliko direla.

24.000 euroko laguntza gehienez

Laguntzak, gehienez, enpresek egindako inbertsioaren % 40 izan daitezke, kalitate-ziurtagiria edo jardunbide egokiei buruzko ziurtagiria duten edo irisgarritasun-zigiluak dituzten enpresentzako hobaria barne. Establezimendu bakoitzak 12.000 eurotik 24.000 eurora bitarteko diru-laguntza jaso dezake gehienez deialdi bakoitzean, inbertsio motaren arabera.

2010ean, 400.000 eurotik 550.000 eurora gehitu behar izan ziren aurrekontuan bilduriko laguntzak. Horri esker, 211 establezimenduk jaso zuten laguntza eta, diru-laguntza horiei esker, enpresek 1,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzeko aukera izan zuten. 2011n, 8.831.785,33 eurora iritsi zen zenbateko hori, hau da, % 500eko gehikuntza, eta ia 300 establezimendu modernizatu ahal izan ziren horri esker.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan