Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro emango dizkie Euskadiko saltokiei moderniza daitezen (2012-03-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko martxoak 06

Ebazpena, 2012ko martxoaren, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena; honen bidez, merkataritza-ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programan ezarritako diru-laguntzak 2012ko ekitaldian emateko deialdia egiten da

Eusko Jaurlaritzak % 11 igo ditu merkataritza modernizatzeko laguntzak, berritu diren saltokien kopuruari dagokionez (3.000tik gora) eta sortu duen eragindako inbertsioari dagokionez (80 milioi eurotik gorakoa 2 urtean) lortutako emaitzengatik.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko merkataritza modernizatzeko laguntzak onartu ditu gaurko Kontseiluan. 4,6 milioi eurotik gorako laguntza horiek % 11 igo dira 2011ko zifren aldean.

Azken bi urte hauetan Jaurlaritza laguntza horien aldeko apustua egiten ari da, eta oraindik ere eusten zaie lortutako emaitzak apartak direlako; izan ere, deialdi guztiak arrakastaz amaitu dira eta apustu horri esker sektoreko inbertsioa sustatu da, aldi horretan 80 milioi euroko inbertsioa egin baita, zailtasun ekonomikoko garaian gauden arren.

Renove plan horri jarraiki saltokiei itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen zaizkie; zehazkiago, % 15eko diru-laguntzak altzarietan, establezimenduak eraberritzeko obretan, askotariko ekipamenduetan, argiztapenean, errotuluetan eta abarrean egindako inbertsioetarako, eta % 20ko diru-laguntzak ekipo informatikoetan, aplikazioetan edo osagarrietan egindako inbertsioetarako, hurrenez hurren. Ehuneko horiek handiagoak ere izan daitezke baldin eta enpresak Euskadin ugari diren merkataritza-elkarteren bateko kide badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute.

Merkataritza-jarduera duten ETEak izango dira laguntzen hartzaileak, eta merkataritza-jardueratzat hartuko da xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, funtsezko eraldaketarik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek, eurek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, inbertsioek 600 eurotik gorakoak izan behar dute ekipamendu informatikoei dagokienez edo 2.000,00 eurotik gorakoak gainerako kasuetan; bestalde, establezimendu bakoitzeko lor daitekeen gehieneko diru-laguntza 12.000 € izango da.

Plan hori 2010ean jarri zen abian, 2015erako Merkataritzaren Egokitze Plana onartzean egiaztatu zenean Euskadiko saltokiak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen zirela. Datu horren berri izatean, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman zion Eusko Jaurlaritzak. Bi urte hauetan, programa horri esker 3.000 saltokitik gora modernizatu ahal izan dira, eta jasotako laguntzen % 90 merkataritza-lokala eraberritzera bideratu da.

Egun bizi dugun egoera ekonomikoa gorabehera, Euskadiko saltokien partaidetza handia izateak, eta iazko emaitzek (horiek erakusten dute merkataritzak eutsi diola enpleguari) adierazten dute Euskadiko saltokiek ahaleginak egiten dituztela beren eskura jartzen diren prozesuetan hobetuz; esate baterako, saltokien kalitatea, berrikuntza eta modernizazioa.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jarduera igotzen jarraitzeko beharrezkoak diren baliabideak Euskadiko saltokien eskura jartzeko bidetik jarraituko du, 2010-2013 aldiko Lehiakortasun Planean eta 2015erako Merkataritzaren Egokitze Planean ezarrita dagoenaren arabera; izan ere, plan horien bidez Euskadirentzat merkataritza lehiakorra eta kalitatezkoa sustatu nahi da.

Iruzkin bat
  • @emprenderzitek
    2012.eko martxoak 06

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro emango dizkie Euskadiko saltokiei moderniza daitezen http://t.co/F8hinsBh

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan