Javier Hurtado sailburuak: “Euskadik turista aktiboa eta errespetutsua hartzen du, gu ezagutu eta gure lurraldea zehartu nahian datorrena”
Euskal Autonomia Erkidegoa era askotako eskaintzagatik nabarmentzen da, eta besteak beste turista errespetutsua, aktiboa eta “oinetako erosoekin” datorrena hartzen du. Eskaintza turistikoa eta eskaria ezin hobeto egokitzen dira.
-
Bisitarien erdia baino gehiago sasoiz kanpo etortzen direnez, desestazionalizazioa sendotu egin da.
-
Batez besteko egonaldia 4,1 egunekoa da, gogobetetze-maila % 99koa eta atxikipen-tasa % 66raino igo da.
-
Batez besteko gastua % 19 hazi da (612 euro) eta guztizko zuzeneko gastua % 10 (1.982 milioi euro)
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Ibiltur 2023 txostena aurkeztu du gaur, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solanarekin batera. Ibiltur Turismo Sailaren estatistika ofizialaren makroazterlan bat da: Euskadira datozen turisten portaera, motibazioak eta profila aztertzen ditu, urte osoan zehar turismo-establezimenduetan egindako zuzeneko inkesten bidez.
Sailburuak nabarmendu du lehenengo ondorioa desestazionalizazioaren hazkundea dela, Euskadiko turismo-estrategiaren oinarrietako bat. 2023an % 8,3 hazi ginen 2022aren aldean, baina hazkunde hori sasoiko hilabeteetatik kanpo eman zen, uztailean eta abuztuan % 0,4 baino ez baikinen hazi. Ibilturrek ziurtatu bezala, denboraldi baxua edo sasoiz kanpokoa deitzen diogun horrek bisitatzen gaituztenen erdiak baino gehiago erakartzen ditu, eta 5 puntu hazi da 2019tik.
Desestazionalizazio hori Sailaren lanaren emaitza da, hainbat ildo estrategikoren bidez lortua, besteak beste eskaintzaren dibertsifikazioa, hau da, udako edo denboraldiko turismo batekin zuzenean lotuta ez dauden produktu-sorta zabala sortzea. “Zikloturismoa, turismo industriala, gastronomia eta enoturismoa bezalako produktuez ari gara, eta horiek guztiak barne hartzen ditu, Touring edo ibilbideko turismoa. Izan ere, azken urteotan apustu sendoa egin dugun horien alde”.
Ibilturrek jasotzen duenez lortu egin da dibertsifikazio hori, Euskadiko turismoaren ezaugarri nagusia bere aniztasuna baita. Eta eskaintza askotarikoak bisitari aktiboak erakartzen ditu, batez beste 4,1 eguneko egonaldiarekin eta jarduera asko egiteko gogoarekin.
Desestazionalizazioa bultzatzeko beste funtsezko elementu bat nazioarteko turismoa da. Sailburuak azaldu duenez, pandemiaren ondoren, bisitari horiek, bereziki distantzia luzekoak, berreskuratzeko eta handitzeko estrategia zabaldu da. Nazioarteko turismoa hazi egin da eta guztizkoaren ia % 45 da.
Bigarren ondorio garrantzitsua da eskaintza turistikoa eta eskaria ezin hobeto egokitzen direla Euskadin. Bisitatzen gaituztenen motibazioak gero eta zabalagoak dira, eskaintza dibertsifikatuaren ildotik. Motibazio nagusiak gure hiriburuak, gastronomia eta lurraldean zeharreko ibilbideak dira. Hain zuzen ere, gastronomia motibazio gehienetan agertzen da, plan osagarri gisa eta horien barruan pisu handia duena, eta beste helmuga batzuetatik bereizteko efektu garrantzitsu gisa jokatzen du, bereziki pintxoen marka propioagatik.
Txosteneko beste datu batzuei dagokienez, batez beste 612 € gastatzen ditu turismoak Euskadin, hau da, 2019an baino % 19 gehiago. Eta zuzeneko gastua, guztira, 1.982 milioikoa da urtean, 2019an baino % 10 gehiago. Eta azpimarratzekoa da, halaber, erosketen igoera; 5 puntu hazi da, % 49k adierazi baitu erosketak egiten dituela gure merkataritzan.
Gogobetetze-mailari dagokionez, balioak positiboak edo oso positiboak dira (% 99), baita helmugaren kalitatearen balorazioa ere. Garrantzitsuena da atxikipen-tasa hobetu dela; 12 puntu igo da, % 66ra arte. Tasa hori hurrengo 12 hilabeteetan berriro bisitatuko gaituztela diotenei dagokie. Gainera, Euskadi bisitatu duten pertsonen % 88k adierazi dute positiboki sustatuko dutela.
“Euskadin ongi etorriak dira turista guztiak, maletarekin, motxilarekin edo zakutoekin datozenak. Eskaintza zabala dugu, eta horrek aukera ematen digu askotariko bidaiariak hartzeko, gure geografia eta kultura ezagutu nahian datozenak. Turista errespetutsua, aktiboa eta “oinetako erosoekin” datorrena. Hori da lortu nahi dugun turista ere. Izan ere, Euskadiri buruz egiten duten baloraziorik onenen artean bertako biztanleen izaera eta nortasuna daude, eta Turismo Sailetik argi daukagu hori. Pertsonak erdigunean jartzen ditugu. Oreka bilatu behar dugu bisitatzen gaituztenak eta herritarrak zainduz, turismoaren kanpo-eragin positiboak bultzatuz eta negatiboak arinduz. Eta horixe da gure politika turistikoen helburu nagusia”, esanez amaitu du sailburuak.
-
2024-07-03
Turismo osasuntsua ongi hartzen da, legez kanpoko alokairuak ugaritzen ez diren baliabideak ondo kalkulatzen dira, eta kalkuluak gaizki egiten dira, dela bizitokietan, dela deklaratu gabeko lekuetan, eta tokiko langileei mugarik gabeko espekulazio baten aurrean baliabideak aurkitzea zailtzen diete. Espekulazio hori etorkizunera begira egon gabe etorritakoez baliatzen direnen kasuan, tokiko biztanleria egonkorraren esku dago, adibidez, behin gazta zatia hartu eta irabaziekin beste leku batzuetara joatea geratzen den gazta agortzeko, harik eta ekoiztu ahal izan arte, dirua ezin da mugarik gabe inprimatu. Epe luzerako iraunkortasunari begiratu behar zaio, beste auzo bateko atea joko lukeen apurra mozteko gatazkarik sortu gabe.
-
2024-07-03
Turismo sano es buen recibido, calcular bien los recursos no proliferen alquileres ilegales hagan hacer mal los cálculos ya sea habitacional o de otra cosa en lugares no declarados, y terminen de dificultar al personal local encontrar recursos ante una especulación sin límites de quien se aprovecha de las venidas sin pensar en escenarios a futuro depende de la población local estable como que una vez cogida el trozo de queso irse con las ganancias a otros lugares a agotar el queso que quede hasta que no pueda fabricarse, dinero no se puede imprimir ilimitadamente. Hay que mirar por la sostenibilidad a largo plazo sin generar conflictos de esquilmar lo poco que hubiera va a tocar la puerta de otra vecindad.