Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak “Troposfera”, eguraldiari eta klimari buruzko dibulgaziozko podcasta, estreinatu du
- “Troposfera” podcastak meteorologiarekin, klimatologiarekin eta klima-aldaketarekin zerikusia duten alderdi guztiak ikasteko tresna erabilgarria izan nahi du
- Euskalmeteko profesionalek garatu duten programa berri honen asmoa beste erakunde eta organismo batzuetako adituek ere parte hartzea da
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak “Troposfera”, eguraldiari eta klimari buruzko dibulgaziozko podcasta, estreinatu du gaur. Bertan meteorologiarekin, klimatologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako alderdiak jorratuko dira aldian-aldian, bai eta horiek ingurumenean, ozeanografian, hidrologian, osasunean, basoko suteetan edo trafikoan duten eragina ere. Euskalmeteko profesionalek erregulartasunez parte hartuko duten podcast berri honetan beste erakunde batzuetako adituek ere kolaboratuko dute unean-unean, erakundeen arteko elkargune izan nahi baitu.
Programaren izenburu gisa “Troposfera” hitza aukeratu izana ez da kasualitatea. Troposfera Lurreko prozesu meteorologiko gehien-gehienak gertatzen diren eremuari ematen zaion izen teknikoa da, bertan pilatzen da gure planeta estaltzen duen aire-masaren % 80a eta bertan gertatzen dira egunerokotasunean eragiten diguten fenomeno meteorologikoak.
Horregatik, Euskalmetek, zerbitzu publiko gisa, formatu berri honen bitartez, publiko berrietara iritsi nahi du eta muturreko baldintza meteorologikoei buruzko informazio zehatza eta egokia ematen jarraitu nahi du, horrekin herritarrei muturreko fenomenoetatik babesten eta horiei aurre egiteko prestatzen laguntzeko.
“Troposferan” meteorologiarekin zerikusia duten hainbat gai ere jorratuko dira eta elkarrizketak egingo zaizkie adituei eta erakunde eskudunei, ikuspegi ezberdinak emango dituzten gai interesgarrien berri izateko, dibulgazio zientifikoan eta ezagutzan arreta berezia jarrita. Era berean, ez da faltako epe luzeko joera klimatikoen eta klima-aldaketaren analisirik ere, horien ondorioak arintzeko beharrezko neurrien eta ikerketaren garrantzia azpimarratuz.
Euskalmeten podcastaren lehenengo denboraldi honetan urtaroen iragarpenekin, zeruaren koloreekin, marea bizien fenomenoarekin, galernekin eta tornadoekin lotutako gaiak jorratuko dira.
“Troposfera” jada entzun daiteke Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus), Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren Youtubeko kanalaren eta entzuteko plataforma ohikoenen (iVoox, Spotify, …) bitartez.