qrcode

Eusko Jaurlaritzako XIII. Legealdiko Sailburuak karguez jabetu dira

2024-06-25

XIII. Legealdiko Jaurlaritza osatzen duten hamabost sailburuek gaur goizean hartu dute kargua, Ajuria Enea Jauregian egindako ekitaldian. Horretarako, formula tradizionala erabili dute, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean, eta, horrela, ‘Euskadiren zerbitzuan’ eta ‘legearen arabera’ hartzen duten agintea ‘zintzo eta leialki’ erabiltzea hitz eman dute.  

Imanol Pradales Lehendakaria, izendapen-dekretuak irakurriz ekitaldiari hasiera eman diona, izan da ekitaldiaren buru, eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko Lehendakaria eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak ere bertan izan dira.

Lehendakariak hitzaldi labur bat eskaini die talde berria osatzen duten pertsonei, ‘Euskadirekin eta Euskadiren alde’ hartutako konpromisoagatik eskerrak emanez, eta ausardia eta apaltasuna eskatuz: ‘Ausardia eskatzen dizuet. Ez izan huts egiteko beldurrik. Euskadiko pertsonen bizitza hobetzea denean helburua, saiatu beti. Beti uste izan dut hobe dela huts egitea saiatzeagatik, pausoa ez emateagatik damutzea baino'. Baieztatu du, gainera, 'eredu izan behar dugula. Zorrotz jokatu eta guztiontzako gobernatu, Euskadi plural eta anitz batean'.

Horrela, gaineratu duenez, helburu hori lortzeko, ‘agenda hirukoitz batetik lan egingo dugu: Ongizate Berria, Euskadi Globala eta Euskadi Humanista, funtsezkoak izango direnak,-adierazi du- esparru politikoan eta emozionalean euskal gizartearekin konektatzeko’.

Pradalesek bere adierazpenak amaitzeko esan duenez, ‘aurrera egin behar dugu, gure autogobernua eguneratu eta hobetu, Gernikako Estatutua behin betiko osatu eta alderdi politikoen eskutik lan egin, 1979 urtean adostutakoa zabaltzea lortuko duen Estatutu Itun berri bat lortzeko helburuarekin’.

Ekitaldia Sailburu berrien lehen hitzaldiekin amaitu da eta, ostean, Ajuria Enean, Gobernu berriaren lehen Gobernu Kontseilua egin da.

2 iruzkin
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak