Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Lanbidek 66 milioi euro bideratuko ditu laneratzeko enpresak sortzera, langabetu zein landunak prestatzera, ikerketara eta zaintzara

2024-06-19
  • Enplegu Zerbitzu Publikoak berezko programa gisa sartu ditu Zainlab (zaintzaren arloko prestakuntza) eta ikerketa-proiektuetarako gazteak kontratatzea

Legegintzaldiko azken bileran, Lanbide - Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak 66 milioi euroko laguntzak onartu ditu, enplegua sortu eta hobetzeko ekintzak finantzatzeko. Arreta berezia jasoko dute laneratzeko zailtasunak dituzten kolektibo ahulek (laneratzeko enpresak sortuz eta horiei eutsiz), gehi hainbat langabek zein landunek (zehazki, prestakuntza-programei esker lan-aukerak hobetu nahi dituztenek). Era berean, nabarmentzekoa da programa hauek berezko programa gisa sartu dituela: Ikerlan programak (batez ere ikertzaile gazteei zuzenduak) eta Mentsad-Zainlab programa (arreta zainketen arloko prestakuntzan jartzen duena).

Laneratzeko enpresak sortzea eta mantentzea

Lanbidek 14,5 milioi euroko laguntza onartu du, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko. Xedea da egoera txarrenean  edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboei lan-merkatu arrunterako sarbidea ahalbidetzea. Diru laguntza horiek bideratuta daude, batetik, mota horretako erakundeak martxan jartzera; eta, bestetik, azterlan egitera (horien bideragarritasuna eta merkatu berriak irekitzeko aukera ebaluatzeko). Aparte, hauek ere izango dira laguntzen onuradunak: enpresa horien bidez lanbide bat ikasten dutenak (beren lanpostuei eusteari esker); eta ekoizpenean eta laneratzean laguntzeko teknikariak.

Iaz, deialdi horrek 12,3 milioi euroko hornidura izan zuen. Aparte, 2,7 milioi gehiago jarri ziren (jasotako eskaera guztiei erantzun ahal izateko). Oraingoan ere gaitutako zuzkidura handitzea aurreikusten da. Azken hiru urteetan, sektore horretako 40 enpresa inguruk jaso dituzte laguntza horiek; eta lanpostu hauek sortu dira: laneratzeko 900 lanpostu, eta  175 teknikari laguntzaile.

Langabeen prestakuntza

Prestakuntza Planak finantziatzean,  Lanbidek antzemandako beharrei erantzun nahi die (batez ere langabetuei eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintza baten bidez). Deialdi honen zenbateko ekonomikoa 33 milioi eurokoa da. Hiru Lurralde Historikoen artean banatuko da, prestakuntza motaren arabera (egiaztagarria edo egiaztaezina). Diru laguntza hori jaso ahal izango dute behar bezala erregistratutako prestakuntza-erakunde pribatu eta publikoek, baldin eta Lanbidek argitaratutako "2024-2025 espezialitate programagarrietarako txostenean" jasotako prestakuntza-ekintzak eskaintzen badituzte.

Langile landunentzako prestakuntza

Era berean, 2024. eta 2025. urteetarako ere langile landunen prestakuntza-eskaintza finantzatzeko deialdia onartu da. Bertan, gaitasunak eta kualifikazioak hobetzera eta langileak banaka birkualifikatzera bideratutako ekintzak sartzen dira.

Deialdi honek 14,8 milioi euroko zuzkidura du, eta parte hartu ahalko dute EAEko langile guztiek, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, administrazio publikoetan diharduten langileek (guztizkoaren %10eko mugarekin) eta prestakuntza-plan horien titular diren erakundeetako langileek (guztizkoaren %10eko mugarekin). Halaber, Lanbiden, beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean edo Gazte Bermearen Fitxategian eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahalko dute. Aurreikusitako kopuruarekin 37.000 pertsona prestatu ahal izatea espero da.

Bestalde, Administrazio Kontseiluak bi programa onartu ditu, hemendik aurrera bere egitura-deialdietan sartuko direnak. Horiek helburu dute gazteak kontratatzea ikerketa-proiektuetarako eta zainketa arloko prestakuntza jasotzeko.

Gazteak kontratatzea ikerketa-proiektuetarako

Ikerlan programa (Investigo programaren jarraipena), azken urteetan, Europako funtsek finantzatu dute. 2024an, berriz, Lanbideren egiturazko deialdi bihurtu da . Deialdi horren bidez, Enplegu Zerbitzu Publikoak diru laguntzak eskaintzen dizkie euskal enpresei, gazte langabeak kontrata ditzaten. Helburua da arlo hauetan berritzea eta ikertzea: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea, zerbitzuen digitalizazioa edo "data science" izenekoa.

Lan-kontratuek gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko dute eta lanaldi osokoak. Diru laguntzen zenbatekoak, berriz, balioko du kontratatutako pertsonen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko ( 2 urtera arte). Pertsona horiek 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago izan beharko dituzte. Aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da. Eta aurreikusten da 2024an 44 kontratu inguru finantzatzea.

Zainketen arloko prestakuntza-ekintzak

Era berean, Lanbidek bere egiten du Mentsad-Zainlab programa arrakastatsua. Programa hau bideratuta dago zainketen arloko prestakuntza-jarduerak egiteko. Eta bertan landunek dute lehentasuna. Ekimen hau Lan eta Enplegu Sailak bultzatu du orain amaitzear dagoen legegintzaldi honetan. Eta helburu du, batetik, zainketen sektoreko langileak birkualifikatzea (bereziki emakume migratuak); eta, bestetik, profilak diseinatzea, adinekoei zerbitzuak emateko. Esan bezala, aurrerantzean  Lanbideren ohiko deialdietan sartuko da.

Diru laguntza hori 900.000 eurokoa izango da (2024. eta 2025. urteetarako). Prestakuntza- erakunde pribatuek zein publikoek jaso ahalko dute; beti ere, behar bezala erregistratuta egonez gero. Gainera, esperientzia izan beharko dute arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak eta/edo zaintza-sektorearekin lotutako edukiak ematen. Prestakuntza-ekintza hauek modalitate mistoan emango dira (aurrez aurre eta tele-prestakuntza). Eta espero da 200 pertsona inguruk parte hartzea.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @LanDpto
    2024-06-19

    Comentario de X:
    ℹ️ Lanbidek 66 milioi euro bideratuko ditu laneratzeko enpresak sortzera, langabetu zein landunak prestatzera, ikerketara eta zaintzara.

    🔗 https://t.co/ZeEr5WTSyD https://t.co/ddhYRlhwJW

  • Argazkia SN Robot
    @LanDpto
    2024-06-19

    Comentario de X:
    ℹ️ @lanbideejgv destina 66 millones de euros a la creación de empresas de inserción, la formación de desempleados y ocupados, investigación y cuidados.

    🔗 https://t.co/lzFQ8unvm7 https://t.co/2bPcVpmlgt

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)