Berriak Osasuna
qrcode

Prestakuntza Espezializatuko egoiliarren eskaintza Euskadin inoizko handiena izan da aurten: 566 plaza; aurreko eskaintzan baino 38 gehiago

2024-06-18

2024-25eko BAME deialdia

  • Azken hamarkadan, Euskadin bizi diren gazteen prestakuntza-plazen eskaintza % 84 hazi da
  • Beste urtebetez, Euskadik Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan baimendutako plaza kopuru maximoa eskaintzen du: guztizkoaren herena baino gehiago 
  • Osakidetzak ikastaro honetan eskainitako plaza guztiak betetzea lortu zuen, eta 2023an prestakuntza bertan amaitu zuten medikuen % 76,57 eta erizainen % 74,73 kontratatu zuen

Osakidetzak, 2024-2025 deialdian, Prestakuntza Sanitario Espezializatuko 566 plaza eskainiko ditu guztira, eta, beraz, eskaintza inoizko handiena izango da, 38 postutan gaindituz iazko eskaintza.

Azken hamarkadan, Euskadin gazte egoiliarren prestakuntza-plazen eskaintza % 84 hazi da. Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik nabarmendu duenez, plazen hazkunde iraunkor hori funtsezkoa da erretiratzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteen prestakuntza bermatzeko. Alderdi hori funtsezkoa da osasun-sistema gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizartearen erronketara egokitzen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakitera eman duenez, aurten ere Euskadik ahal den plaza kopuru handiena eskaintzen du Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan, horixe baita Sailaren lehentasun estrategikoetako bat. Zehazki, Familia eta Komunitateko Medikuntzako 115 plaza dira, hau da, azken hamarkadan kopuru horrek % 53 egin du gora; 37 plaza Familia eta Komunitateko Erizaintzan, duela hamar urteko kopurua laukoiztuz; eta 29 plaza Pediatrian, hau da, orduan baino % 61 gehiago.   

Euskadik lortu zuen, beste urtebetez, 2023-2024 ikasturtean eskainitako Prestakuntza Espezializatuko egoiliarren plaza guztiak betetzea.

Orain, laster BOEn argitaratuko den 2024-2025 deialdian, 38 plaza gehiago eskainiko ditu, 566ko kopuru errekorrera iritsi arte. Hona hemen horien banaketa:

Kategorien arabera: 

  • 427 BAME mediku-plaza (espezialitate medikoen eta diziplina anitzeko espezialitateen plazak barne).
  • BAEE erizaintzako 114 plaza.
  • BAPE psikologia klinikoko 14 plaza.
  • BAFE ospitaleko farmaziako 10 plaza.
  • Ospitaleko erradiofisikako plaza 1 (kategoria berria)

Lurraldeka, Prestakuntza Espezializatuko 566 plazak honela banatzen dira: 108 plaza Araban, 308 plaza Bizkaian eta 150 plaza Gipuzkoan.

Prestakuntza hori Euskadin irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 15 zentro/unitatetan egiten da: 7 ospitale, irakaskuntza-unitate 1, 5 irakaskuntza-unitate multiprofesional eta 2 irakaskuntza-unitate erizain espezialistentzat.

Azpimarratzekoa da Osakidetzak 2023an egoiliar gisa prestakuntza osatu zuten medikuen % 76,57 eta erizainen % 74,73 kontratatu zituela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)