
Eusko Jaurlaritzak laguntza berriak onartu ditu Euskadiko lurralde-proiektu turistikoetarako (Gobernu Bilera 2024-6-18)
- Eusko Jaurlaritzak 1,84 milioi euroko laguntzak eman ditu Euskadiko turismoa hobetzeko
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak lurralde-proiektu turistikoak babesteko laguntza-programa berri bat proposatu du. Dirulaguntzek 1.840.000 €-ko aurrekontua dute guztira (1.288.000 € 2024an eta 552.000 € 2025ean), eta Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetzeko diseinatuta daude.
Laguntza-programa bi dirulaguntza-lerrotan banatzen da. Alde batetik, Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzea helburu duten lurralde-proiektu turistikoak. Eta, bestetik, helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetuko duten proiektuak.
Laguntza hauek erakunde publiko zein pribatuei zuzenduta daude. Erakunde hautagarrien artean daude udalak, tokiko erakunde autonomoak, enpresa- eta toki-erakunde publikoak eta turismoa sustatzeko ardura duten titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak. Gainera, eskualdeko edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten erakundeak ere hautagarriak dira, besteak beste kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak eta turismo-produktuak kudeatzen dituzten beste erakunde eta elkarte batzuk.