Ortuellako gazteentzat alokairuko 20 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko hitzarmena (Gobernu Bilera 2024-6-18)
Gobernu Kontseiluak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eskatuta, baimena eman du Ortuellako Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko eta, horren bidez, Bizkaiko udalerri horretako Peñota eremuan gazteentzat alokairu-erregimeneko 20 zuzkidura-bizitoki inguru eraikitzeko.
Hitzarmenari jarraikiz, Etxebizitza Sailak oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua egingo ditu, eta eraikuntza kontratatu eta egikarituko du. Halaber, bizitokien sustapenaren eta ingurunearen urbanizazioaren obra-zuzendaritzaz arduratuko da, eta Udalari lagako dio partzela nagusiaren gainerakoa. Bestalde, udal-administrazioak ez du fidantzarik edo abalik eskatuko esku hartzeko, eta beharrezkoak diren lizentziak izapidetuko ditu.
Etxebizitza Arloa Peñota inguruan (Trapagaranen mugakidea den eremuan) esku hartzen ari da alokairuko etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien hainbat sustapenen bidez eta ingurunea urbanizatzearen bidez. Gaur egun, Visesak 84 etxebizitza publikoko sustapen bat du eraikita, eta datozen urteetan beste sustapen bat eraikiko du. Zuzkidura-bizitokien inguruko hitzarmen berriak Eusko Jaurlaritzak eremu horretan egindako jarduketak osatzeko balio izango du.
Alokairuko hogei zuzkidura-bizitokiak 1.950 m2-ko partzela batean eraikiko dira, eta ekipamendu-lurzoruan eraikitako etxeak izango dira. Beren ezaugarriak direla eta, bereziki gazteen emantzipazio-prozesua bultzatzera bideratuta daude. Esleipendunak gehienez bost urtez biziko dira apartamentuetan, hileko kanon baten truke. Kanon hori ez da izango esleipendunaren diru-sarrerak baino % 30 handiagoa.