Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak gaur jasoko du ONCE Gizarte Taldearen 2024ko sari solidarioa, adimen-desgaitasuna duten pertsonak laneratzearen alde egindako apustua aitortzeko

2024-06-18
  • Saria astearte honetan emango da Gasteizko Europa Jauregian 

Osakidetzak 2024ko Sari Solidarioa jasoko du astearte honetan, hots, ONCE Talde Sozialak autonomia-erkidegoan urtero ematen duen sari instituzional gorena. Zehazki, euskal osasun sistemak Administrazio Publikoaren kategorian jaso du saria, adimen-desgaitasuna duten pertsonen enplegurako sarbidea normalizatzeko sinatutako hitzarmenagatik.

Osakidetzari emandako aitorpenaren arrazoia izan da EAEko hainbat elkarterekin sinatuta duen hitzarmena. Hitzarmen horren helburu nagusia adimen-desgaitasuna duten pertsonak Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko lanpostuetan sartzea eta finkatzea da. Osakidetzak gogorarazi duenez, hitzarmenak esparru horretan lankidetza sendotzea dakar, eta, batez ere, adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzean eta laneratzean aurrera egiten jarraitzea.

Ildo horretan, Osakidetzak dagoeneko onartu ditu (eta bide horretan jarraitzeko asmoa du) Enplegu Publikoaren Eskaintzak, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuekin lanbide-kategoria desberdinetan.

Hauek izan dira epaimahaikideak: Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Eugenio Prieto, ONCEko kontseilari nagusia; José Antonio Pérez Arias, ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidentea; Usue Vallejo, ONCE Euskadiko ordezkaria; Alazne Olabarria, ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteordea; Aitor Bedialauneta, EDEKAko presidentea eta Pertsona Gorren Euskal Federazioko presidentea; Iratxe Celis, Euskadi Irratiko kazetaria; eta Alejandro Martínez Berriotxoa, Eroski Fundazioko zuzendari nagusia eta Eroskiko Osasun eta Jasangarritasuneko zuzendaria. Epaimahaiak honako hau adierazi du, Osakidetzari dagokionez: "nabarmena da aukera-berdintasunarekiko duen konpromisoa eta erakunde espezializatuekin izandako lankidetza, lan-ingurunean laguntza egokia dagoela ziurtatuz".

Osakidetzaz gain, epaimahaiak beste lau erakunderi eman die saria:  Gipuzkoako eta Arabako Futbol Federazioei, Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomia katedradunari; Hirekin Euskadiko Esku-hartze Sozialeko Hirugarren Sektoreko Enpresa Elkarteari; eta EITB Gasteiz Irratiaren "Déjate Llevar" programari.

Saria astearte honetan emango da, 18:30ean, Gasteizko Europa Jauregian. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)