Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko errezeta elektronikoa Grezian ere erabil daiteke jada

2024-06-17
  • Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Letoniari batu zaie, herri horietan jada operatibo baitago Euskadiko errezeta elektronikoa 
  • Euskadik errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna Europar Batasunean zabaltzen jarraitzen du; hurrengo urtean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara zabaltzea aurreikusten da

Euskadin bizi den edonork bere errezeta elektronikoa, e-rezeta, erabili ahal izango du Grezian —edo alderantziz— sendagaiak farmazietan hartzeko.

Europako Batzordeak baimena eman ondoren, Grezia batu zaie lehendik Euskadiko errezeta elektronikoa erabilgarri duten herrialdeei, hau da, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Letoniari.

Hala, Euskadik erreferente izaten jarraitzen du errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunak Europar Batasunean duen hedapenean. Izatez, 2025ean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara hedatzea aurreikusten da.

Urrats hori Europako erakundeek eta Euskadik programa horretan elkarlanean egindako lanaren beste erakusgarri bat da. Programa horrek, berrikuntza teknologikoaz gain, Europar Batasun osoan farmazia-prestazioa eta herritarrentzako osasun-asistentzia hobetzeko balio du eta behar-beharrezkoa da. Izatez, eta besteak beste, programa horrek sendagaiak modu egokian eta zentzuz erabiltzen laguntzen du, sendagaiak erraz eskuratzeko aukera ematen du, tratamenduak agindu ondoren osasun-zentroetara bisitak egitea saihesten du, paperean ematen ziren errezetak galtzea saihesten du eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna areagotzen du.

AUTONOMIA-ERKIDEGOEN ARTEKO ELKARRERAGINGARRITASUNA

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko urtarrilean ezarritako errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunari esker, Estatuko edozein farmaziatan eskura daitezke sendagaiak, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztearekin.

Abian jarri zenetik, 528.214 euskal herritarrek beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan hartu dituzte beren sendagaiak. Guztira 9.135.549 sendagai-emate izan dira. Gaztela eta Leonen erabili da gehien (2.898.443), ondoren Kantabrian (1.705.927), Valentziako Erkidegoan (833.211), Errioxan (711.873) eta Galizian (688.077).

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek beste erkidego batzuetako 166.548 paziente artatu dituzte, guztira 1.208.813 sendagai-ematerekin: 233.630  Araban, 550.644 Bizkaian eta 382.168 Gipuzkoan. Sendagai-emate gehien-gehienak Gaztela eta Leondik (229.991), Madrildik (188.847) eta Kantabriatik (128.960) etorritako pertsonekin lotzen dira.

Beraz, e-rezetak segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei; hori dela eta, ia guztiz zokoratu du paperezko errezeta. Izan ere, 2023an, fakturatutako errezeten % 99,5 errezeta elektronikoak izan ziren.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-06-17

    Comentario de X:
    🇪🇺 Euskadik errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna Europar Batasunean zabaltzen jarraitzen du; hurrengo urtean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara zabaltzea aurreikusten da

    https://t.co/Ao3iegLaIc

  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-06-17

    Comentario de X:
    🇪🇺 Euskadi sigue así sumando países al despliegue de la interoperabilidad de la receta electrónica en la Unión Europea, con la previsión de extenderlo a sus 25 países miembros el próximo año

    https://t.co/bcG7HlmBYV

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)