Berriak
Eu

Lehendakariak Legebiltzarrera eramango du “ETAri exijitzen zaionari, terrorismoaren biktimekiko konpromisoari eta presoen gizarteratzeari” buruzko ibilbide-orria

2012.eko martxoak 06

Legebiltzarkide taldeen ekarpenetarako eta adostasunak lortzeko irekita dagoen abiapuntu bat” da

Lehendakariak datorren ostegunean Eusko Legebiltzarrean azalduko ditu ETAri exijitzen zaionari, terrorismoaren biktimekiko konpromisoari eta presoen gizarteratzeari buruzko ibilbide-orriaren nondik norakoak. Esku-hartze hori “abiapuntu bat da, ez helmuga bat, eta legebiltzarkide talde guztien ekarpenak jasotzeko eta adostasunak lortzeko prest” dagoela azaldu du Jaurlaritzaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, gaur Lehendakaritzan (Gasteizen) egin den Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Zerga eta Finantza Politikako Kontseilua

Eusko Jaurlaritza “ados” dago defizitaren xedea malgutzeko erabakiarekin, baina “kontsultatu gabe” egin izana kritikatu du, baita “autonomia erkidegoen erantzukizunak areagotu” nahi izatea ere. Horren harira, Mendiak adierazi du Eusko Jaurlaritza defizita egokitzearen alde dagoela, “baldin eta oinarrizko zerbitzuek ez badute eraginik jasaten eta ekonomia sustatzen bada”.

Bozeramaileak gogorarazi du Euskadik eta Nafarroak beren negoziazio organoak dituztela eta, ondorioz, Zerga eta Finantza Politikako Kontseilura “entzule” gisa joaten direla.

Seme-alabentzako laguntzak

Euskadi are gehiago finkatu da seme-alabak dituzten familiei eta kontziliazioari laguntza gehien ematen dien autonomia-erkidego gisa, gaur Eusko Jaurlaritzak 57,48 milioi euroko aurrekontu-saila onartu baitu. Horrela, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 27,44 milioi euro jarriko ditu seme-alaben jaiotza edo adopziorako laguntzetarako. Beste 30,04 milioi euro erabiliko ditu lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko laguntzetarako; 2009. urtean baino % 62 gehiago.

Beste autonomia-erkidego batzuetan era horretako laguntzak kendu edo murriztu diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak 400 eta 900 euro bitarte ordainduko ditu lehenengo seme edo alabaren jaiotza edo adopzioagatik, urtesari bakar batean ordainduta.

Epsilon Euskadi

2007ko abenduaren 26an, Jaurlaritzaren Kontseiluak zera erabaki zuen, Epsilon Euskadiri itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bat ematea, proiektu estrategikoetan inbertitzeko laguntza-programaren esparruan. Alabaina, Joan Villadelprat jaunak zuzendutako enpresak ez ditu laguntza eragin zuten baldintzak bete.

Horregatik, 2011ko azaroaren 26an, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak konpainiari ez-betetzeagatiko espedientea ireki zion, gaur amaitu dena Jaurlaritzaren Kontseiluak ez-betetzearen deklarazioa onartu ondoren. Erabaki horri jarraiki, Epsilon Euskadik behar ez bezala jasotako zenbatekoa, hau da, 3.045.000 €, itzuli beharko du, eta horri 313.816,32 € erantsi beharko dizkio legezko interes gisa.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.03.06)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-03-06n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)