Berriak Osasuna
qrcode

Transfusio Eta Giza Ehunen Euskal Zentroak urtean gutxienez 100.000 odol-emate jasotzea finkatu nahi du autosufizientzia lortzeko

2024-06-14

GAUR, EKAINAREN 14A, ODOL-EMAILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

  • Osakidetzak udako hilabeteetan odola emateak duen garrantzia azpimarratu du odolaren eta hemoderibatuen stockak betetzeko
  • Odol-plasma ematea egungo eta etorkizuneko lehentasun bihurtu da Euskal Osasun Sisteman hemoderibatuak emateari lotutako estrategian

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) kudeatzen eta koordinatzen du Euskadin odola eta hemoderibatuak emateri eta transfusioei lotutako guztia. TGEEZren helburua da Euskal Osasun Sistemak berak lortzea behar duen hornidura osoa, eta horretarako, urtero gutxienez 100.000 odol-emate lortu behar ditu, 70.000 odol-emate arrunt eta ia 30.000 plasma-emate, hain zuzen. Helburu horri eusteko, egunean 400 dohaintza baino gehiago behar dira. Gainera, kontuan izan behar da urtean 8.000 emaile berri behar direla egungo emate-kopuruari eusteko.

Udako hilabeteek garrantzi berezia hartzen dute donazioaren eremuan, batetik, emate-kopuruak behera egiten duelako, eta bestetik, udan trafiko-istripuak ugaritu egoten direlako. Hortaz, hemoderibatuen premiak gora egiten du urteko sasoi honetan.

10 unitate mugikor

Emate guztiak jasotzeko, 10 unitate mugikor baliatzen dira, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ibiltzen dira, herriz herri eta hirigunez hirigune. Gainera, Euskadiko hiru lurralde historikoetako odol-emateak jasotzeko gune finkoak ere badaude. Estrategiaren elementu nagusietako bat da emaileei aldizka odola ematera joateko deiak bidaltzeko programazio bat dagoela zabaltzea; eta Osakidetzak indartu egiten du hori udan, odolaren eta hemoderibatuen stockak betetzeko eta udako sasoiari lasaitasun pixka batekin aurre egin ahal izatea.

Odol-plasmaren dohaintza lehentasun estrategiko gisa

Plasma ematea egungo eta etorkizuneko lehentasun estrategikotzat jotzen da Osakidetzan, donazioen eremuan.

Donazio horiek errazteko, duela gutxi odol-emaileen aplikazio mugikorra berritu da, eta atal berri bat ezarri da emaileek plasma-emateko gunean hitzordua erreserbatu ahal izateko.

Odol-plasmak gero eta protagonismo handiagoa lortu du arlo-sanitarioan, ezaugarri bereziak dituelako eta aplikazio terapeutiko ugari dituelako; izan ere, medikuek gero eta gehiago agintzen dituzte tratamenduetan COVID-19aren pandemiaren ondoren, bereziki. Gainera, Europako Osasun Sistemen konpromiso bat dago, odolaren osagai horren erreserbei dagokienez estrategikoki buruaskiak izateko beharraren inguruan.

Ematen den odolari eta odol-plasmari esker, urtean milaka bizitza salbatu ahal dira; gainera, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituzten pazienteak gehiago eta bizi-kalitate hobearekin bizi daitezela lortzen da, eta, era berean, Euskadiko Osasun Sistemako pazienteei ebakuntza mediko eta kirurgiko konplexuak egitea ahalbidetzen da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)