Elkarlan Sariak
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Eraikingintzaren sektoreko profesionalek bermatu dute industrializazioa gakoa dela etxebizitzen parke publikoaren eraikuntza helburuak betetzeko

2024-06-14

Etxebizitza sailburuordeak Visesak antolatutako Industrializazioa, alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko errealitatea jardunaldian azpimarratu du eraikitzeko modu berri horrek epeak, kalitatea, energia-efizientzia eta lan‑baldintzak hobetu eta karbono-aztarna eta hondakinak murrizten dituela

Eraikingintzaren sektoreko 200 profesional baino gehiago elkartu dira ostiral honetan Bilboko Euskalduna Jauregian, Industrializazioa, alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko errealitatea jardunaldian. Jarduera Visesak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren sozietate publikoak. Saioan zehar, nazio-mailako eta nazioarteko adituek eraikitzeko modua aldatzen ari den eta sektorea modernizatzeko aukera dakarren prozesu eraldatzaile honen aurrerapen eta erronkak azaldu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguik jardunaldiari hasiera eman dio, eta azpimarratu du Euskadiko 90 erakunde publiko eta pribatuk sinatutako Etxebizitzaren aldeko 2022-2026 aldirako Itun Sozialak nabarmen areagotuko duela alokairuko etxebizitza babestuen parkea; hain zuzen, 26.000 etxebizitza izatetik 50.000 izatera igaroko da. “Asmo handiko helburuak dira, baina errealistak”, eta, adierazi duenaren arabera, horien aurrean industrializazioak asko du esateko. Izan ere, “ekoizpen-epeak hobetzeko aukera ematen digu; fidagarritasuna sortzen du egikaritzearen kalitatean eta lan-baldintzak hobetzen ditu. Aldi berean, efizientzia energetikoa hobetzen da eta gure etxebizitzetako hondakinak eta karbono‑aztarna murrizten laguntzen du”. Testuinguru horretan, Jauregik bertaratuak animatu ditu egoera berri honetan agertzen diren “aukerak alde batera ez uztera”: “sektoreak etxebizitzaren arloko behar berriak aprobetxatu behar ditu berrikuntzaren bidez, bai eta bertan lan egiten duten pertsonak etengabe erronka berri horiei egokituz ere”.

Goizean zehar, sailburuordearen hitzetan, datozen urteetan Euskadiko etxebizitza babestuaren eraikuntza industrializatzeko oinarriak ezagutarazi dira: Euskadiren industrializazio-estrategia eta Gizarte Laguntzako Etxebizitza Industrializatuaren Liburu Zuria.

Industrializazio-estrategiari dagokionez, Pablo García Astrainek (Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria) azpimarratu du “industrializazioa aukera bikaina dela eraikingintzaren sektoreak bilakaera izan dezan, lehiakortasun eta berrikuntza gehiagorekin, gaztetzeko eta feminizatzeko, pertsonak gaitzea ahalbidetzen diguten ekintza zehatzei esker, talentu berriarentzat nahiz jada aktibo dagoenarentzat, berrikuntza suspertu eta digitalizazioa txertatzen duten neurriei esker; gainera, bide horretan jasangarritasunaren arloan azkarrago egin dezakegu aurrera”. Ekintza estrategikoei dagokionez, Etxebizitza sailburuordeak azpimarratu du eraikuntza industrializatuaren esparruan prestakuntza dual espezifikoa abiarazteko beharra, eta, aldi berean, paradigma hori kontratazio-publikoko prozesuen bidez indartzearen alde agertu da. Era berean, etxebizitza industrializatua behin betiko definitzeko eta zehazteko garrantzia azpimarratu du, eta horretarako argi utziko duten eta etxebizitza horien balioa azpimarratuko duten egiaztagiriak edo zigiluak erabiltzea proposatu du.

Testuinguru horretan, Alejandro Santamariak, Industrializazio, Urbanizazio eta Ingurumen-Espedienteen Visesako zuzendariak Gizarte Laguntzako Etxebizitza Industrializatuaren Liburu Zuria aurkeztu du; hots, Eraikal programaren (Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak, etxebizitza‑eraikuntzaren sektorearen berrikuntzara bideratuta) esparruan sortutako ekimen bat. Argitalpenak sektorerako gida eta motor gisa balioko du. Bertan, prozesu- eta sistema‑industrializatuak ikertzeko eta Sopela-Asun uda eta gero fabrikatu eta eraikiko diren 33 alokairurako etxebizitza babestuen sustapenaren proiektua idazteko, zuzendaritza fakultatiboa eratzeko eta obrak egikaritzeko sozietate publiko honek abiarazitako elkarrizketa lehiakorrean jasotako ezagutzak bilduko dira. Halaber, merkatuan eskuragai dauden soluzio berritzaileen analisia eta konparatiba egin dira, eta horrek teknologia eta material berrien erabilera ahalbidetu du.

Liburuan ondorioztatzen denez, “ekosistema nahikoa da” industrializazioan aurrera egiteko, eta Visesak “alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzean progresiboki soluzio industrializatuak txertatu beharko ditu”. Hala ere, etxebizitza industrializatuaren eskaria aktibatzeko “erronka” aipatzen da: “oztopo administratiboak, finantzarioak eta araudiaren arlokoak”. Eskariak luze jo du, eta “beharrezkoa” da horretara bideratutako erakundeen “ekosistema mantentzeko eta sendotzeko”.

Bestalde, nazioartean erreferentzia den Russell Loveridgek (Managing Director NCCR Digital Fabrication, ETH Zürich) nazioartean aplikatzen ari diren estrategiak azaldu ditu. Ildo horretatik, garatzen ari den abangoardia teknologikoa partekatu du, bai eta, punta-puntako aurrerapenek (besteak beste, material berriek edo fabrikazio aurreratuak, eta horren parte den industrializazioak) ekarriko duten aprobetxamendua bizitza babestua sustatzeko.

360 ikuspegia osatzeko, finantzaketaren arloa jorratu da Oriol Fornerren (CaixaBankeko Negozio eta Produktu Sustatzaileko zuzendaria) eta Begoña Ortuzarren (CaixaBankeko C.E. Iparraldeko Higiezinen Negozio zuzendaria) eskutik. Biek industrializaziotik eratorritako etorkizuneko erronkei aurre egiteko finantzaketa-tresnen inguruan hausnartu dute, eta eztabaidan Ibon Gangoitik parte hartu du (Alkora Correduría de Seguroseko Eraikuntzako zuzendaria).

Mahai-inguruan, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Carlos Quindós (Visesako zuzendari nagusia), Teresa Batllé (Pich Architects eta Pich-Aguilerako kide sortzailea) eta Luis Fernández (OCHko presidentea), bestelako adituez gain. Sortu den eztabaidari esker, industrializazio-prozesuaren erronkari aurre egiteko beharrezkoak diren ikuspuntu desberdinak sakon aztertzeko aukera izan dugu.

Gaur eguerdian jarduerari amaiera emango dio Etxebizitza eta Hiri-agenda Ministerioko Etxebizitza eta Lurzoru departamentuko zuzendari nagusi Javier Martínek.

3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-06-16

    Eraikuntza azkarreko etxebizitza, obra-premia handirik gabea, eta, ahal dela, erraz desmuntatzeko modukoa. Izan ere, premia larrietarako, populazioak eskatu egiten du, norabide batean eta bestean pertsonen fluxu-fenomenoak etengabe bizi ditugunean, eta, inbertsio bat egiteko garaian, behin betiko egoiliarrak denboraleen artean sailka ditzakegunean, ibilgailua bizitza baliagarriko urte jakin batzuk aprobetxatu gabe erosten denean, ezin da dirua galdu.

  • Argazkia Xaver
    2024-06-16

    Vivienda de rápida construcción sin grandes necesidades de mucha envergadura de obra y a poder ser de fácil desmontaje por si cabe el traslado para necesidades acuciantes población demanda cuando vivimos fenómenos de flujo de personas en una y otra dirección incesantes pudiendo clasificar personas residentes definitivas de las temporales a la hora de una inversión no acabar poder perdiendo dinero igual cuando se compra un vehículo sin aprovechar ciertos años de vida útil amorticen la compra.

  • Argazkia SN Robot
    @PJaureguiF
    2024-06-14

    Comentario de X:
    Profesionales del sector de la construcción avalan la industrialización como un factor clave para lograr los objetivos de edificación de un parque público de vivienda - Irekia https://t.co/WMyRnQPv0g

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)