Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu

2024-06-16
  • Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake

Uda iristear dagoenean, Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidarien prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu. Kontrol horiek, zehazki, ekainaren 17tik 23ra bitartean, uztailaren 1etik 7ra bitartean, abuztuko asteburu guztietan eta abuztuaren 5ean, 6an, 12an, 16an eta 19tik 25erako astean egingo dituzte.  

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Gidariak proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio eta 1.000 euroko isuna jarri ahal izango zaio.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Egiaztatuta dago alkohola edo drogak kontsumitzeak murriztu egiten dituela gidariaren gaitasunak. Berez, alkoholaren eta drogen kontsumoa da hildakoak edota zauritu larriak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, abiadura desegokiarekin eta arreta-galtzeekin batera. Kontrol hauekin herritarrak errealitate horren gainean kontzientziatzen saiatzen gara; izan ere, errepidean bizitza segundo batean alda daiteke”.  

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu ondoren:

  • Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
  • Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
  • Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko diote, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Bigarren proba hori ahal dela osasun-langileek egingo dute odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada.

Droga-kontrola

Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko geroko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 1.000 euroko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)