Eusko Jaurlaritzak udako jaietako eta ekitaldi handietako segurtasuna aztertu du “Ezagutza Partekatuz” jardunaldi batean
- Ertzaintzako eta udaltzaingoetako 100 bat agentek parte hartu dute era horretako dispositiboen kudeaketako eta planifikazioko erronka berriei buruz hausnarketa egiteko saioan
Eusko Jaurlaritzak “Ezagutza Partekatuz” jardunaldiaren beste edizio bat antolatu du gaur goizean, polizia-agenteei zuzenduta, udako jaietako eta ekitaldi handietako segurtasuna kudeatzeko eta planifikatzeko erronkak eta aukerak aztertzeko.
Segurtasun Sailaren Erandioko egoitzan egin den saioan Ertzaintzako 100 bat agentek eta Euskadiko 26 udaltzainek hainbat koordinazio-estrategia aztertu dituzte, bai estrategikoak bai operatiboak, datorren udan jai-, kultura- eta kirol-ekitaldiak ugarituko direla aurreikusita.
Jardunaldi hauen helburua da Euskal Polizia osatzen duten polizia-kidegoen artean ezagutza eta esperientzia arrakastatsuak trukatzea sustatzea, jarduketen garapenean eta, horrekin batera, euskal herritarren segurtasunean eta ongizatean laguntzeko.
PROGRAMA
Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Atalaren buruarekin batera, buru izan duen jardunaldiari Xabier Garagarza Oiartzungo Udaltzaingoaren buruaren eta Jose Mari Faya Pasaiako Udaltzaingoaren buruaren azalpenarekin eman zaio hasiera, eta udalerri txikietako jaien eta ekitaldien segurtasuna nola antolatu eta planifikatu azaldu dute.
Jarraian, Edurne Arce Ibaizabalgo Ertzain-etxeko nagusiak eta Eva Moral Basauriko Udaltzaingoko ofizialordeak hartu dute hitza, eta Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak udan zehar hainbat ekitaldi jendetsutan egiten duten kudeaketa partekatuaren esperientzia partekatu dute. Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Ataleko zinegotziak azaldu du, ikuspuntu politikotik, beharrezkoa dela udalerri bakoitzeko Udaltzaingoari ospakizun horietan zenbait eskakizun egitea.
Ondoren, Ramón Mena Gasteizko Ertzain-etxeko nagusiak, Ertzaintzak ekitaldi handietan, besteak beste, Frantziako Tourra 2023an Euskaditik irten zenean edota joan den apirilean, Kopa irabazi ondoren, Bilboko Athletic Clubi harrera egin zitzaionean, segurtasuna kudeatzeko erabilitako gertaeren planifikaziorako eta koordinaziorako sistema aurkeztu du.
Eta, amaitzeko, Patxi Anguerak eta Aritz Irigoyenek, Donostiako Udaltzaingoko komisariorde eta agente lehenak, Gipuzkoako hiriburuan horrelako ekitaldiak kudeatzean, informazioaren eta komunikazioaren arloan teknologia desberdinak nola erabiltzen diren azaldu dute.