Etxez etxeko arretako Estatuko lehen maleta digitala jarri du martxan Osakidetzak
- "Maletik" maleta digitalaren bidez, zerbitzu azkarragoa, arinagoa eta seguruagoa ematen da, eta pazienteen historia klinikoan zuzenean kargatu ahal dira etxean egiten diren proba guztiak, hala nola elektroa, tentsioa, tenperatura edo auskultazioa
- Uribeko ESIan eta Barrualde-Galdakaoko ESIan egin da pilotajea, eta hilabete honetan Osakidetzaren sare osoan hedatzea aurreikusi da
- Teknologia aitzindari honi esker, behar duenari arreta hobea ematen zaio etxean, gertutasunean oinarrituta, eta hori Lehen Mailako Arretaren funtsezko ezaugarri eta balio bat da
Osakidetzak maleta digitala jarri du martxan, eta horrela, euskal herritarren etxeetan Lehen Mailako Arretaren bidez ematen den arreta hobetuko da. Maletik deitzen den tresna honi esker, etxeko kontsulten maneiua eta erabakimena hobetzen dira; izan ere, kontsulta horietan egiten diren ohiko proba guztiak digitalizatzen dira, hala nola elektrokardiograma bat egiten denean, tentsioa hartzen denean edo fonendo bidezko auskultazioa egiten denean.
Teknologia hau aitzindaria da estatuan, eta etxez etxeko arreta ematen dute mediku eta erizain taldeei hornitzen hasi zaie, haien lana errazteko eta kalitate handiagoko asistentzia emateko. Maleta digitalari esker, pazienteen etxeetan egiten diren proba guztiak zuzenean erregistratu daitezke historia klinikoan, eta ez da beharrezkoa ondoren emaitzak sartzea, osasun-zentroetako profesionalekin kontsulta bat egin daiteke unean bertan, edo, behar izanez gero, espezialistarengana deribatu ahal da. Gainera, prozesuak segurtasuna handitzen du, konstanteak berriz idatzi behar izatea eta akatsak egitea saihesten baititu.
Maletik sistemak tresna digital hauek ditu: elektrokardiograma, espirometroa, dermatoskopioa, otoskopioa, tentsiometroa, pulsioximetroa, fonendoa, termometroa, tableta eta kanpoko bateria bat. Tresna horiei esker, konstanteen erregistroak, irudiak eta auskultazioen audioak hartu eta pazientearen historian kargatu ahal dira. Osakidetzak mota horretako 170 unitate eskuratu ditu guztira. Lehen Mailako Arretako profesionalek diseinatu dituzte, sektoreko enpresa teknologikoekin lankidetzan.
Pilotajea Uribeko ESIan eta Barrualde-Galdakaoko ESIan
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duenez, "tresna honek oso harrera positiboa izan du profesionalen eta pazienteen aldetik, eta Osakidetzak sendoa, kalitatezkoa, gertukoa eta berritzailea den Lehen Mailako Arreta baten alde egiten duen apustuaren adierazgarri da". Pilotajea Uribeko ESIan eta Barrualde-Galdakao ESIan egin da, otsailetik apirilera bitartean, eta aurreikusita dago hilabete honetan zabaltzea Osakidetzaren sare osoan.
Lehen mailako arreta: hurbila eta gertukoa
Teknologia aitzindari honi esker, behar duenari arreta hobea ematen zaio etxean, gertutasunean oinarrituta, eta hori Lehen Mailako Arretaren funtsezko ezaugarri eta balio bat da. Tresna honen beste indarguneetako bat da oso erabilgarria dela sarbide zaileneko eremuetan dauden etxebizitzetarako, hala nola landa-eremu batzuetarako. Horren harira, Osakidetzak nabarmentzen du Maletik tresnari esker ekitate falta jakin batzuk desagerraraziko direla eta kronikotasunari babes handiagoa emango zaiola; izan ere, askotan, etxetik irteteko eta osasun-zentroetara kontrolak edo azterketak egitera joateko zailtasunak dituztenak adineko pertsonak dira, gaixotasun kroniko bat edo gehiago dauzkatenak.
Ekimen hau Osakidetzaren 2023-2025 Plan Estrategikoaren eta Euskadi 2030 Osasun Planaren helburuei lotuta dago. Azken batean, ezinbestekoa da berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustu egitean etengabe, osasun-arazo nagusiei eta haien gizarte-baldintzatzaileei erantzuteko. Horrela, aurrerapausoak emango ditugu desberdinkeria murrizteko, eta horixe, hain zuzen ere, Planaren jarduera-ardatzetako bat. Gainera, Lehen Mailako Arreta eta sistemaren ardatz gisa duen papera indartzeko eta sendotzeko aukera ematen du.