Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendatu du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2024-06-11)

2024-06-11

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du izendapena jasotzen duen dekretua. Aurrerantzean bertsolaritzak babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendapena izango du. Euskadin izendapen hau jasotzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten duenez “kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena”. Gainera legeak bertsolaritza ondare inmaterialeko kategoria bat bezala finkatzen du.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2023ko ekainean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez bertsolaritza da ondare inmaterialaren “adibiderik argiena: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da”. Kultur ondare immaterialaren izendapen honek bertsolaritzaren babesa eta transmisioa bultzatzeko balioko du.

Gobernu Kontseiluak bertsolaritzaren babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendapena onartuta dekretuaren berri Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, Eudeli eta Eusko Jaularitzako Hezkuntza Sailari emango zaio. Gainera Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bertsolaritza inskribatuko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan eta dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da. Orduan sartuko da indarrean.

Bertsolaritza

Bertsolaritzaren jatorri argia ezarri ezin bada ere, argi dago Erdi Aroko ahozko literatura aberatsarekin lotuta dagoela; izan ere Europa osoan lekukotza ugari daude, hainbat metriketan. Lirika tradizional horren barruan, nabarmentzekoa da koplen aberastasuna, horietako asko gaur egunera arte iritsi baitira, adibidez Marijesiak; edo hainbat eskerako kanta, hala nola Santa Ageda bezperakoak eta abar.  Hala ere, XVIII. mendearen amaierara arte itxaron behar da erreferentzia zehatzak lortzeko. Bertsolaritza oinarrizko komunikazio-modua da eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da une bakoitzeko testuingurura egokituz. Hizkera arruntaren oso antzekoa, bat-batekotasuna, baliabide erretorikoak eta errealitatearen ezagutza eskatzen ditu.  Gaur egun une onean dagoen arren, guztiz euskaraz egiten den ekimena izanik eta euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan izanik, euskararen erabileraren beherakada da arriskurik nabarmenena. Ezaugarri hauek bat datoz Euskal Kultura Ondarearen 2019ko Legean ageri den kultura ondare immaterialaren definizioarekin.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2023ko urrian hasi zuen bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial izendatzeko prozesua. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoen aurkeztutako ebazpen proposamen bat aintzat hartuta 2023ko urrian Kultura sailburuordearen ebazpen baten bitartez bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun inmaterial izendatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Espediente hori jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren ez da alegaziorik aurkeztu eta 2024ko ekainaren 4an Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak aho batez aldeko txostena eman zuen. Prozesu guzti honetan Eusko Jaurlaritzak lankidetza estua izan du Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko