Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadi-Basque Countryk presentzia eta kanpoko garrantzia irabazten jarraitzen du, nazioartekotzearen azken erradiografiaren arabera (Gobernu Bilera 2024-06-11)

2024-06-11

Eusko Jaurlaritzaren kanpo-sarea – instituzionala eta komertziala – hazi egin da 2016tik, eta 96 herrialdetara iritsi da

2022ko Nazioartekotze Erradiografiaren azken txostena gaurko Gobernu Kontseiluan aurkeztu da, eta Euskadik nazioartean duen protagonismoa eta presentzia nabarmen handitu dela erakusten du.

Erradiografiak, guztira, 38 adierazle ditu. 38 adierazle horiek aukeratu dira adierazgarrienak direlako, konparatu ahal direlako eta denboran neurtu ahal direlako. 38 adierazle horien bidez, 10 dimentsio desberdin aztertzen dira, adibidez, erakundeak, ekonomia eta industria, kultura eta euskara, turismoa, gizartea edo garraioa.

Honako hau egiten den hirugarren erradiografia da. Lehenengoa  2016an egin zen; bigarrena, 2019an; eta, 2022an, esan bezala, hirugarrena egin da. Izan ere, helburua ez da bakarrik unean uneko argazkia lortzea; horretaz gain, euskal presentziak kanpoan  izan duen garapena ere ezagutu nahi da.

Era berean, dokumentu baliotsua da Euskadi Basque Country nazioartekotzeko markoaren Estrategiak zer nolako eragina duen neurtu eta bideratzen laguntzeko.

Erakundeei helduta, azken neurketak honakoa islatzen du:

  • 2016tik hazi egin da Eusko Jaurlaritzaren kanpoko sarea –bai sare instituzionala, bai sare komertziala– eta 96 herrialdetara iristen gara (aurreko erradiografian baino 14 herrialde gehiagotara);
  • Nazioartean, 147 lankidetza saretan parte hartzen da, beste gobernu batzuekin batera (2019an baino 25 gehiago);
  • 196 euskal etxeek 25 herrialdetan euskal gizataldeak elkartzen dituzte.

Bestalde, 50 bat herrialdek kontsulatuak dituzte Euskadin; eta EAEn bizi diren bizilagunen % 8,8k atzerriko jatorria dute (2016an % 6,6k zuten atzerriko jatorria).

Enpresa munduari dagokionez, ehunekotan, esportaziorako euskal joera 6 puntu handitu da (% 38,3) eta euskal enpresek ia 2.600 lantegi dituzte kanpoan (2.600 horietatik 700 berriak dira).

Pandemiaren eraginez, 2019-2021 hirurtekoan, apaldu egin da atzerritik jasotako inbertsioa; hala ere, 2022an, gora egin du berriro.

Kultura dela eta, 47 irakurletza eta katedra daude munduan zehar gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko −2016an, 41 ziren−. Eta Kirolari dagokionez, Euskadik 34 atleta olinpiko ditu.

COVIDa gorabehera, turismoak Euskadin eragindako gastua handitu egin da. Zehazki, 2022an, 2019an baino 526 milioi gehiago gastatu dira; era berean, 2019an, guztira, 3,3 milioi turista iritsi ziren Euskadira; eta, 2022an, zifra hori gainditu egin da.

Hala ere, kontuan hartu behar da 2022an, pandemiaren ondorioz, askatasunez mugitzeko mugek bere horretan jarraitzen zutela; hori dela eta, 2022an, pandemiaren aurretik baino bidaiari atzerritar gutxiago izan dira gure aireportuetan.

Erradiografiaren arabera, euskal ikasleen nazioarteko mugikortasuna hazten ari da, eta oso altua da. Horrela, Erasmus programan, unibertsitateko ikasleen kasuan, biztanle kopuruarengatik egokituko litzaigukeena baino % 50 handiagoa da gure pisua; lanbide heziketaren kasuan, berriz, 2,5 aldiz handiagoa.

Gizarteari erreparatuta, lau euskal herritarretatik hiruk baieztatu dute maila globalean jazotako gertakariek nahikotxo edo asko eragiten dietela, eta gero eta sentsibilitate handiagoa dago munduko arazo eta gertaerekiko. 2022an, batez beste, pertsona bakoitzak 37,2 euro bideratu zituen nazioarteko garapenean laguntzeko −2016an baino ia 12 euro gehiago−, eta Euskadik 0,969ko nota lortu du  Gobernu Kalitatearen Europako Indizean, hain justu ere, 48. lekuan dago ebaluatu dituzten Europako 208 eskualdeen artean. 

Nahiz eta pandemiak eragin kaltegarriak izan dituen, lortutako emaitzak ikusita, esan daiteke kanpoan presentzia eta garrantzia irabazten jarraitzen duela Euskadi Basque Countryk.  Euskadi gero eta nazioartekoagoa da; erakundeek, sare sozioekonomikoak eta gero eta irekiagoa eta anitzagoa den euskal gizarteak bere posizio globala hobetu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko