Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Bizikidetza euskal gazteen ikuspegitik jorratzen duen ‘Gaztedia, Bizikidetza eta Etorkizuna” proiektua prozesuaren ikaskuntzari buruzko hausnarketak biltzen dituen liburu batean amaitu da

2024-06-11
  • Nerea Melgosak azpimarratu du “erronka” orain “begirada eta horizontea zabaltzea eta printzipioak euskal bizikidetza-eredura eramatea” dela

Bilbo, 2024/06/11

Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Juventud, Conviencia, Futuro liburuaren aurkezpenean izan da gaur arratsaldean Deustuko Unibertsitatean. Liburu horretan Eusko Jaurlaritzak bultzatutako izen bereko prozesutik ateratako hausnarketak biltzen dira. Prozesu horri esker, 2022az geroztik gazteek gogoeta eta eztabaida aske eta irekia egin dute etorkizuneko bizikidetzari buruz.

“’Gaztedia, Bizikidetza, Etorkizuna’ proiektua legealdi honetako altxorretako bat izan da”, adierazi du gaur arratsaldeko ekitaldian sailburuak. “Egiaztapen eta intuizio batetik abiatzen ginen. Egiaztapena: sozialki badirudi bizikidetzari buruz Euskadin terrorismoaren eta indarkeria politikoaren zentzugabekeria lehenengo pertsonan bizi izan zuten belaunaldi haietako pertsonek bakarrik izan zezaketela/genezakeela ahots baimendua. Eta intuizioa: gazteen ahotsak eta begiradak elkarbizitzaren kontzeptua zabalduko digute. XXI. mendeko hirugarren hamarkadan, gatazka politikotik jasotako muga zorrotzetatik haratago joateko kontzeptua izanik”.

Deustuko Unibertsitatearen laguntzaz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak 2022tik “Gaztedia, Bizikidetza, Etorkizuna” prozesua lideratu du. Prozesu horrek parte hartzeko ikerketa-teknikak eta elkarrizketa sakonak konbinatu ditu gazteen munduko erakunde, entitate eta eragile garrantzitsuekin.  Prozesua hamar bat gaztek eta Deustuko Unibertsitateak gidatutako gune bideratzaile batek osatutako talde egonkor batek gidatu, dinamizatu eta sistematizatu du, eta EGK – Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Baketik erakundeak ere parte hartu dute.

Joa den otsailean aurkeztu zen Donostiako Aiete Jauregian, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, La convivencia, una inquietud durante largos años / Elkarbizitza, kezka haundia urte luzeetan’ dokumentala, prozesuaren emaitzetako batzuk protagonistek kontatuta jasotzen dituena.

Gaur arratsaldean aurkeztu da Deustuko Unibertsitatean, Melgosa bera eta Juan José Etxeberria Unibertsitateko errektorea bertan zirela, prozesuaren ikaskuntzei buruzko hausnarketak jasotzen dituen eta ikuspegiak sakontzen eta aberasten dituen liburua.  

Liburua ‘Gaztedia, Bizikidetza, Etorkizuna” prozesua lideratu zuten Féliz Arrietak eta Maider Marañak sinatzen dute, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Sergio Campo Lladók, Eider Landabereak eta Ainhoa Gomez Izagirrek ere parte hartu dute.

“Erronka bat daukagu”, esan du gaur Melgosak amaitzeko. “Ez zen ariketa teoriko-praktiko bat eta kito. Kontua da begirada eta horizontea zabaltzea eta zabaldutako horizonte horren printzipioak gure bizikidetza-eredura eramatea.  Belaunaldien arteko eredu partekatua izango da, gazteen ahotsak eta begiradak berezko argiz distira egiteko aukera emango duena”.

Liburuaren egileen profila:

Felix Arrieta

Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea. Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Balioen Europako Inkestan Espainia ordezkatzen duen “Deustuko Gizarte Balioak” taldeko ikerlaria. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea (2007) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuaren aholkularia izan da (2007-2011). Hainbat ikerketa-proiektu lideratu ditu lehia-deialdietan eta deialdi hitzartuetan hirugarren sektoreko erakundeekin eta erakunde publikoekin elkarlanean. Bere espezializazio-arlo nagusiak gizarte-politikak eta zaintzaren gizarte-antolamendua dira, eta arlo horietan argitalpenak eta ekarpen zientifikoak ditu. 2019an, El archipiélago del bienestar (Catarata) liburua, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen sistemaren gobernantzari buruzkoa, argitaratu zuen, eta 2023an Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen (Elkar). Grace Boffeyrekin batera, Hacia la reconciliación (Catarata, 2019) liburuaren editorea ere izan da. Ohiko kolaboratzailea eta analista da hainbat komunikabidetan, besteak beste, Euskadi Irratian eta El Diario Vasco eta Berria egunkarietan. Deustuko Unibertsitateko Gizartean Kalteberatasun eta Bazterketa Egoeran dauden Pertsonen artean Esku Hartzeko Masterraren zuzendaria izan da. Maider Marañarekin batera, Gazteria, Bizikidetza eta Etorkizuna prozesua lideratu eta bideratu zuen 2022tik 2024ra.

Maider Maraña

Gaur egun Baketik Fundazioaren, giza eskubideetan oinarrituta gatazkak konpontzeko eta gizartea eraldatzeko prozesuak sustatzen dituen euskal erakundearen, zuzendaria da. Aholkulari independente gisa, giza eskubideak eta diskriminaziorik eza politika publikoetan sartzea sustatzen du nazioarteko erakundeentzat, besteak beste, UNESCOrentzat eta Europako Batzordearentzat, tokiko gobernuentzat eta elkarteentzat. Historian lizentziatua da eta Kulturaren Zuzenbideko Ikerketa masterra du, eta kultura-eskubideetan espezializatu da: bere ikerketek eta lanek memoriaren eta kulturaren, ekitatearen, generoaren eta parte-hartze sozialaren arloko politika publikoak jorratzen dituzte. Hainbat urtetan nazioarteko erakundeentzat lan egin zuen, besteak beste, UNESCOrentzat, bai Parisko egoitzan bai Uruguaikoan. Kultura Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedraren (Euskal Herriko Unibertsitatea) ikertzailea eta koordinatzailea izan da, eta aipatzekoa da GKEtan egin duen lana ere, besteak beste, UNESCO Etxea – Euskadiko UNESCO Zentroan. Irakaskuntza-jarduera ugari egin ditu, eta hainbat argitalpen ditu: Cultura y Desarrollo. Evolución y perspectivas (2010), Patrimonio y Derechos Humanos (2015) edo Cambio climático: amenaza a los derechos humanos (2020). Catarata argitaletxean El futuro de las lenguas. Diversidad frente a uniformidad (2008) liburuaren editoreetako bat izan da, eta Ensayos UNESCO Etxea bildumaren zuzendarietako bat. Gaur egun hainbat boluntario-lanetan ere aritzen da, eta, besteak beste, Interarts Fundazioaren Patronatuko, AIPAZen Batzordeko eta Coordinadora Estatal de Mentoría Social sarearen Batzordeko kidea da.  Felix Arrietarekin batera, Gazteria, Bizikidetza eta Etorkizuna prozesua lideratu eta bideratu zuen 2022tik 2024ra.

Sergio Campo Lladó

Aholkularitza-lanak eta lan teknikoak egin ditu hainbat zentro eta erakundetan, horietako batzuk dira Biltzen, Eusko Jaurlaritzaren kulturarteko-zerbitzua; Hegoa, UPV/EHUra atxikitako Nazioarteko Garapenari eta Lankidetzari buruzko Ikasketa Institutua; eta Bakeaz, bakeari buruzko dokumentazio eta ikerkuntzarako zentroa. Era berean, euskal mugimendu bakezalearekin eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko mugimenduekin konpromiso militantea du.

Ainhoa Gomez Izagirre

Zuzenbidean graduatua, gobernantzan eta giza-eskubideetan espezializatua. Nerabea zela gizarte-mugimenduetan eta bake-kulturaren sentsibilizazioan interesatzen hasi zen. Gaur egun, bake- eta bizikidetza-proiektuak gauzatzen ditu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK).

Eider Landaberea Abad

Historian doktorea Deustuko Unibertsitatean, eta bertako irakasle titularra. Bere ikerketa-arlo nagusia Euskal Herriko historia garaikidea da. Bakarrik eta taldean aritu da ikertzen historia politikoaren esparrua eta Trantsizioan zehar Euskadin izandako diskurtso politikoen analisia, bai eta memoriarekin eta identitate kolektiboarekin lotutako gaiak ere. Bere argitalpenen artean honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Los nosotros en la Transición: memoria e identidad en las cuatro culturas políticas del País Vasco, 1975-1980 (Tecnos, 2016), Deustuko Unibertsitateko doktore-tesi onenaren Ignacio Ellacuria Sari Berezia jaso zuen bere doktore-tesiaren emaitza (2013-2014), edo España, lo único importante: el centro y la derecha española en el País Vasco durante la Transición (Historia del Presente, 2012) artikulua. Azken urteotan, Euskadiko indarkeria politikoaren iragan hurbileko memoriari buruzko hainbat lan kolektibotan parte hartu du. Horren adibide dira lan hauek: Hacia la reconciliación: una mirada compartida entre el País Vasco y Colombia (Catarata, 2019) edo Violencia política, derechos humanos e historia (Tirant lo Blanch, 2022). Era berean, hainbat euskal erakunde publikorekin lankidetzan aritu da bakeari eta bizikidetzari buruzko hainbat proiektutan, besteak beste, Bizikidetza Lantzen (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2022) eta Begiradak: Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak (Eusko Jaurlaritza, 2022) proiektuetan.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-06-11

    Comentario de X:
    👁️Nerea Melgosa enfatiza que “el reto” ahora es “ampliar la mirada y el horizonte y trasladar los principios al modelo de convivencia vasco”.

    👉https://t.co/xAAnPYEqrM

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-06-11

    Comentario de X:
    🫂 Bizikidetza euskal gazteen ikuspegitik jorratzen duen ‘Gaztedia, Bizikidetza eta Etorkizuna” proiektua prozesuaren ikaskuntzari buruzko hausnarketak biltzen dituen liburu batean amaitu da.

    #Bizikidetza #Juventud #Eorkizuna #Futuro 🧵👇1

    👉https://t.co/3qQcWlIsZi https://t.co/hldKtCTieg

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Jose Etxeberria (Deustuko Unibertsitateko errektorea); Félix Arrieta, Maider Maraña, Sergio Campo Lladó, Eider Landaberea, Ainhoa Gómez (liburuaren egileak);