Berriak

Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, Emakumeen Nazioarteko Eguna

2012.eko martxoak 05

Krisialditik irteteko berdintasuna lantzea proposatu du Emakundek martxoaren 8ko kanpainaren bitartez

  • Enpresetan berdintasun politikak sustatzeak onurak ekarri ditzake produktibitatean, etekinetan eta baita langileen asetze mailan.
  • Emakumeen jarduera tasa handitzeak gaur egun guztiz erabili gabe dagoen emakumeen talentua aprobetxatzea suposatzen du.
  • Enpresa mailan berdintasuna lantzea ez da justizia kontu bat bakarrik, gizarte guztiarentzako onuragarria ere bada.

Emakundek/Emakumearen Euskal Institutuak 2012ko martxoaren 8rako prestatu duen kanpaina enpresa eta ekonomia arloko emakume eta gizonen aukera berdintasunean oinarrituko da, eta azpimarratuko du emakumeen enpleguaren alde lan egitea krisialditik irteteko aukera bat izan daitekeela. Kanpainaren ideia nagusia berdintasuna eta krisi ekonomikoa zentzu positiboan elkartzea da. Hau da, mezu nagusia da berdintasun politikak eredu sozio ekonomiko berri bat eta produkzio eredu berri bat definitzeko lagungarri izan daitezkeela, eta eredu berri honek lagundu dezakeela gizartea krisialditik irteteko.

Kanpainaren leloa honako hau da: "Eskubide bat eta krisialditik ateratzeko neurri bat: LANDU BERDINTASUNA". Enpresetako berdintasun politikek emakumeen talentua aprobetxatzen dute eta krisiari aurre egingo dion eredu sozio-ekonomiko berri bat sortzen dute, justuago eta eraginkorragoa.

Emakundeko zuzendariak, María Silvestrek kanpainaren aurkezpenean adierazi duenez, “enplegua sustatzeko neurriak indartu egiten dira gaur egun lan munduan bere potentzial guztian erabiltzen ez diren gizarteko sektoreen aldeko apustua egiten bada, gazteak eta emakumeak.” Haren hitzetan, “emakumeen talentua aprobetxatu behar dugu, duten ezagutza, esperientzia, ekiteko gaitasuna. Emakumeak enplegatzeko neurriak sustatu behar dira, hauen jarduera eta okupazio tasa handitzeko, honek onurak ekarriko baitizkio gizarte osoari.”

María Silvestrek azaldu duenez, erantzuna eman behar zaie gero eta zaharragoa den gizarte honek dituen eskaerei,  pertsona nagusien zaintzari adibidez, izan ere, “zaintza hau ezin da arlo pribatuan emakumeen eskuetan bakarrik geratu, eta hauen erantzukizuna banatu behar da erakunde, merkatua eta pertsonen artean.”  Silvestreren ustez, “zaintzaren gestio on bat egiteak berarekin dakar emakume askoren lanbideei duten balorea ematea eta enplegua sortuko duen sektore baten aldeko apustua egitea.”

Emakundeko zuzendariak azaldu du,  bestetik, enpresek berdintasun politiken alde egiten dutenean, “ez dira bakarrik justiziaren konpromisoa agertzen duten enpresak bilakatzen, aldi berean, euren langileekin konpromiso bat agertzen dute, hauen artean asetze maila altuagoa lortzen dute, talentua gordetzen dute eta erantzukizun partekatua eta produktibitatearen areagotzea ahalbidetzen dute.”

Berdintasun politikak berrikuntza sozialerako tresna izan daitezkeela hedatu nahi du kanpainak. Hitz batean, kanpainak erakutsi nahi du enpresa mailan berdintasuna lantzea ez dela justizia kontu bat bakarrik, gizarte guztiarentzako onuragarria ere badela. Hauek kanpainaren ideia nagusi batzuk:

•  Enpresetan berdintasun politikak sustatzeak onurak ekarri ditzake produktibitatean, etekinetan eta baita langileen asetze mailan.
•  Zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia areagotzeak ordezkaritza maila eta dibertsitatea laguntzen ditu, eta honela enpresa ereduak hobetzen dira. 
•  Emakumeen jarduera tasa handitzeak gaur egun guztiz erabili gabe dagoen emakumeen talentua aprobetxatzea suposatzen du.
•  Enpresetan abian jartzen diren berdintasun politikak ez dira  erlazionatu behar bakarrik bizitza pertsonala eta profesionala bateratzeko neurriekin, baita ere emakume eta gizonen erantzukizun partekatuarekin baizik. 
•  Enpresetako berdintasun politikak enpresako plan estrategikoen barne sartu behar dira eta sindikatuen adostasuna izan behar dute sozializatuak izan daitezen.

Kanpaina martxoaren 6 eta 13 bitartean hedatuko da prentsa idatzi, digitala, aldizkariak, irratiak eta kartelen bitartez (autobusetako makesinak, Metro Bilbao, Euskotren).

Kanpainaren material guztia www.emakunde.euskadi.net web gunean dago eskuragarri.

2 iruzkin
  • @XabiGV
    2012.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    Presentación de la campaña del #8demarzo, Día Internacional de las Mujeres http://t.co/qv54si81

  • @osvalbuena
    2012.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    Presentacion de la campana del 8 de marzo, Dia Internacional de las Mujeres http://t.co/BTpg1SqJ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
  • María Silvestre
    Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantxa Elizondo