Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernu Kontseiluak bertsolaritza Babes Bereziko Kultura Ondasun Inmaterial izendatzeko dekretua onartu du

2024-06-11
  • Bingen Zupiria Gobernuko Bozeramaileak azpimarratu du adierazpen honek ‘bertsolaritza babesten eta bere transmisioa bultzatzen’ lagunduko duela
  • Izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru Lurralde Historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratzen denean indarrean sartuko da, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 2020an egindako eskaeraren emaitza da

Bingen Zupiria Gobernuaren Bozeramaileak ohiko prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluan hartutako akordioen berri emateko helburuarekin. Horien artean, azpimarra jarri du bertsolaritzaren gainean hartutako erabakian, Babes Bereziko Kultura Ondasun Inmaterial izendatzeko dekretua onartu baitute.

Erabaki honekin, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2023ko urrian hasi zuen prozesuari amaiera eman zaio. Bingen Zupiria Gobernuko Bozeramaileak azpimarratu duenez, “bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da” eta, horren ildora, gehitu du adierazpen honek ‘bertsolaritza babesten eta bere transmisioa bultzatzen” lagunduko duela. 

GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO BESTE ERABAKI BATZUK

Bestalde, Gobernuko Bozeramaileak azpimarratu du baimena eman duela Eudelekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, NIK Patrika Digitala aplikazio mugikorra udalen eskura jartzeko. Tresna honek, adierazi du, “aukera ematen du administrazio guztien txartel guztiak mugikorrean modu homogeneoan eramateko”. Aplikazio honek 250.000 deskarga daramatza eta, hizarmenaren bidez, udalek bat egin ahal izango dute, dagozkioen osoko bilkuretan hala erabaki ondoren.

Era berean, Zupiriak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman diola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailari Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko eta 151.000 euroko zuzeneko laguntza emateko, Barik sistemari atxikita dagoen probintziako errepide eta kable bidezko garraioan eta itsas garraioan Mugi txartelak erabili ahal izateko. Dirulaguntza honekin, Partzuergoak ekipamenduaren egokitzapenak eta beharrezko garapenak egin beharko ditu 2024. urtea amaitu baino lehen. Hitzarmen hau Bat txartelaren elkarreragingarritasuna sustatzeko 2022ko azarotik indarrean dagoenari gehitzen zaio, eta Jaurlaritza burutzen ari den garraio-zerbitzuen integrazio progresiboaren barruan kokatzen da.

Azkenik, Justizia arloan, Jaurlaritzak hitzarmen bat onartu du Erkidegoko abokatuen hiru elkargoekin, Euskadiko espetxeetan erregimen itxi eta arruntean dauden pertsonentzako orientazio eta laguntza juridikoa garatzeko. Zupiriak jakinarazi duenez, “akordio honek lau urte iraungo du, eta 343.000 euroko zuzkidura izango du aurtengorako, iaz baino nabarmen handiagoa (160.000 euro)”. Espetxe Laguntzako Zerbitzua aktibo dago Euskadin 1987tik.

Prentsaurrekoan, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusiak 2022 urteko Euskadiren azken Nazioartekotze-Erradiografiaren xehetasunak azaldu ditu, hauek Gobernu Kontseiluko kideei jakinarazi ostean. 38 adierazlez osatuta dagoen hirugarren Erradiografia horretan jasotzen denaren arabera, “Euskadik nazioartean duen protagonismoa eta presentzia nabarmen handitu da” .

Prentsa txostena

Gai-zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)