Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak nabarmendu du memoriarik gabe pertsonak eta herriak ez direla ezer Jaurlaritzaren Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Historikora funtsak transferitzeko ekitaldian

2024-06-10
  • Dokumentu gehienak XX. mendekoak dira, frankismo garaikoak asko, baina agiririk zaharrena 1506koa da
  • Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Orokorretik Euskadiko Artxibo Historikora dokumentu historikoak transferitzen diren lehen aldia da. Orain arte, Artxibo Orokorra Artxibo Historiko ere izan da
  • Gordeko diren funtsen gaien artean hauek daude: etxebizitza, industria, meategiak, institutu eta ikastetxeetako espedienteak edota Ondarreta eta Basauriko kartzeletako presoen, langileen eta eraikinen espedienteak , beste batzuen artean.

Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Historikora 13.000 kutxa dokumentazio transferituko da 2024. urtean zehar. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur funts hauek  Euskadiko Artxibo Historikora transferitzeko ekitaldiaren buru. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere Euskadiko Artxibo Historikoan egin den ekitaldian izan dira.

Orain arte artxibo orokor eta historiko bezala jardun duen Artxibo Orokorrean, egungo Eusko Jaurlaritzak bere eguneroko jardunean sortutako dokumentuak sailkatu eta gorde dira. Orain arte milioi bat kutxa baino gehiago eta 100 milioi dokumentu elektroniko baino gehiago jaso dira.  2030. urtetik aurrera dokumentu horiek, 50 urte betetzen hasten direnean, dokumentu historiko bilakatuko dira. Artxibo Nagusiak, gainera, badauka berezitasun bat: Eusko Jaurlaritzak Estatuaren erakundeen eskumenak jaso ahala, transferentzia prozesu horretan, sarri, azpiegitura, dirua eta langileez gain, dokumentazio historiko aberatsa jaso zuen: Etxebizitza Ministeriotik, Industriako ordezkaritzatik, meategietako erregistroetatik, institutu, ikastetxe eta bulego ugarietatik milaka kutxa heldu ziren Lakuako egoitzara. Ondarreta eta Basauriko kartzeletako presoen, langileen eta eraikinen espedienteak izan dira heldu diren azkenekoak, duela gutxi. Dokumentu gehienak XX. mendekoak dira, frankismo garaikoak asko, baina agiririk zaharrena 1506koa da. Gasteizko Gamarra auzoan biltegia duen Artxibo Nagusia izan da haien aterpea eta babeslekua azkeneko urteetan. Dokumentu guzti hauek Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko dira aurrerantzean, izan ere, 50 urtetik gorako agiriak dira; beraz, dokumentu historikoak dira.

Lehendakariak gaurko ekitaldian esan duenez “sistema bat ari gara eraikitzen. Sistema bat osatzen da ekipamenduz eta arautegiz, gidalerroz eta profesional trebeez, agiritegi publikoen elkarlanaz, artxibo pribatuen lankidetzaz, eta elkarrekin elkarlanerako adostu ditugun joko-arauez. Hori ari gara eraikitzen. Denon artean. Auzolanean”. Iñigo Urkullu Lehendakariak gaurko ekitaldiarekin Eusko Jaurlaritzaren barne memoria herritar guztien eskura jartzeko prozesua burutu dela azpimarratu du eta leku garden eta eskurakoan dagoela orain. Memoriak “gure bizitzan txertatua, eskurakoa, emankorra” izan behar duela gaineratu du. “Gaur esan dezakegu, harrotasunez, lankidetzari esker heldu garela honaino eta elkarrekin ibiltzeko bide garrantzitsu bat zabaldu dugula.  Zaindu, babestu eta zabaldu dezagun Jaurlaritzaren memoria. Azken finean, memoriarik gabe ez gara ezer, ez pertsonak eta ez herriak” adierazi du Lehendakariak Euskadiko Artxibo Historikoan egin den ekitaldian.

Lekualdatze-prozesua

Funtsak Artxibo Orokorretik Artxibo Historikora eramateko eragiketa konplexua izan da, eta une honetara iristeko, bi artxiboetako artxibozainek eta informatikariek lankidetza estua izan dute urte eta erdi baino gehiagoan. Aplikazio informatikoak egokitu eta eguneratu dira, inbentarioak egiaztatu, biltegietako espazioak kalkulatu eta atondu, armairu konpaktuak jarri eta Vitoria-Gasteiztik Bilborarako bidea egin.

Azken hamarkadetan, Artxibo Nagusia arduratu izan da dokumentu historikoak eta administrazio instituzionalen artxibo zentralek sortutako beste dokumentu batzuk zaintzeaz eta sailkatzeaz. Orain, lehen aldiz, Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Historikora transferitzen dira dokumentu-funts historikoak. Orain arte, Artxibo Orokorra Artxibo Historiko ere izan da.

Bi fasetan egingo da transferentzia hori. Lehen fase baten 5.700 kutxa inguru heldu dira Euskadiko Artxibo Historikora eta urtea amaitu aurretik beste 8.000 inguru helduko dira. Lan honen neurria baloratzeko kontutan izan behar dugu une honetan Euskadiko Artxibo Historikoak 8.000 kutxa inguru zaintzen dituela, 1936ko Eusko Jaurlaritzaren artxibo historikoarenak batzuk, baina bereziki funts pribatuenak: jauntxo familia askotarikoenak baita era guztietako erakunde eta pertsonenak ere. Gainera Euskadiko Artxibo Historikoaren Badator web zerbitzariak 883.454 agirien erreferentziak bildu eta 6.204.425 irudi digital banatzen ditu.

Dokumentazioaren sailkapena

Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Nagusira lehen momentu honetan transferitu den dokumentazioa sei multzo handitan banatzen da:

  1. Lehena 50 urte baino gehiago dituzten Bizkaia eta Gipuzkoako kartzeletako presoen espedienteen zati batek osatzen du; 800 kutxa inguru dira, zaharrenak 1912koak.
  2. Bigarrena, irakaskuntzarekin lotuta dago, XIX. mendeko institutuetako ikasleen espedienteak eta ikastetxeetako dokumentazio administratiboaz osatuta, 1500 kutxa inguru. Hor dago, adibidez, Bilboko Unamuno institutuaren agiriak, lehenak 1832koak, edota Oñatiko unibertsitatekoak, 1820tik aurrerakoak.
  3. Hirugarrena, meagintzarekin lotuta dago eta zehatzago Bizkaian zeregin horrek izan zuen presentziarekin. 1500 kutxa inguru dira, 1843koa zaharrena.
  4. Laugarrena, Etxebizitza Ministerioaren agiriek osotzen dute. Hor daude, esate baterako, gerra zibilaren ondoren erregimen frankistak sortutako Regiones Devastadas-ko zuzendaritzaren 120 kutxa.
  5. Bosgarrena Osasunarekin lotuta dago eta Basurtoko ospitalearen 700 kutxa biltzen ditu. XVI. mendetik hasten da serie hau. Multzo horretan dago Tuberkulosiaren aurkako borrokarako patronatoaren dokumentazioaren zati bat.
  6. Azkena, Bizkaiko portu txikien obren agirien osatzen dute. Seriea 1820an hasten da.

Dokumentazio hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko Artxibo Nagusian zegoen ikerlarien esku, orain Euskadiko Artxibo Historikoan egongo da, beste funts osagarri batzuekin batera. Era horretan euskal iraganaren konplexutasuna hobeto ezagutzeko aukera egongo da.

4 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @artxibo
    2024-06-10

    Comentario de X:
    Lehendakariak nabarmendu du memoriarik gabe pertsonak eta herriak ez direla ezer Jaurlaritzaren Artxibo Nagusitik Euskadiko Artxibo Nagusira funtsak transferitzeko ekitaldian
    https://t.co/wKTqclwmtF

  • Argazkia SN Robot
    @artxibo
    2024-06-10

    Comentario de X:
    El Lehendakari ha destacado en el acto de transferencia de fondos del Archivo General del Gobierno al Archivo Histórico de Euskadi que sin memoria las personas y los pueblos no son nada
    https://t.co/JrFcqlZB7Z

  • Argazkia SN Robot
    @euskadiartxiboa
    2024-06-10

    Comentario de X:
    Eusko Jaurlaritzaren dokumentuak Artxibo Orokorretik Artxibo Historikora eramateko lekualdatze-prozesua martxan da jada. Lan eskerga datorkiguna!

    https://t.co/clDbthXvaW https://t.co/4z44wbTeqi

  • Argazkia SN Robot
    @euskadiartxiboa
    2024-06-10

    Comentario de X:
    El traslado de documentos del Gobierno Vasco del Archivo General al Archivo Histórico ya está en marcha. ¡Trabajo inmenso el que nos viene!

    https://t.co/rQkJJLjCWm https://t.co/Czhb4loeVY

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)