Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Ikerbasquek ikerketarako 40 milioi euro erakarri ditu Euskadira bost urteko ibilbidean

2012.eko martxoak 05

Ikerbasque Fundazioak nazioarteko zientzialariak kontratatzeko inbertitu duen euro bakoitzeko bi euroko itzulkina lortu da atzerritik Euskadin I+G alorreko proiektuak finantzatzeko Orain arte kontratatu diren 24 herrialdetako 190 ikertzaileek mila artikulu baino gehiago argitaratu dira nazioarteko aldizkarietan.

Horrez gain, zientzia-bikaintasunean oinarritutako ikerketa-proiektuak bultzatzen dituen Europako Ikerketa-Kontseiluaren (ERC) sei beka ere lortu ditu Fundazioa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu zuen 2007an, eta gaur egun, EAEko zientzia-eragile nagusia bihurtzea du xede ikertzaile kopuruari dagokionez. Gaur arratsaldean, Ikerbasquek Euskadiko komunitate zientifiko eta unibertsitarioaren 300 ordezkari bilduko ditu Guggenheim Museoan

Bost urteko ibilbidean, IKERBASQUE Fundazioak argi frogatu du Zientzia eta I+Gren aldeko apustuaren errentagarritasuna: inbertitu duen euro bakoitzeko, bi euro lortu ditu atzerriko laguntzetan ikerketa-proiektuak aurrera ateratzeko. Hauxe da, 2013an ikertzaile-kopuruari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia-eragile nagusia bihurtu nahian dabilen erakunde honek landutako balantzearen ondorio nagusietakoa.

20 herrialdetako 190 talentu, indexatutako 1.000 artikulu zientifiko baino gehiago eta 6 BERC edo ikerketa-zentro dira, Ikerbasquek, 2007an abian hasi zenetik, euskal zientzia sistema sendotzearen alde egin duen apustuaren emaitza batzuk.

Era berean, fundazioak Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) sei beka ere lortu ditu, Advanced Grants delako alorrean (ospe eta ibilbide handiko adituentzat) eta Starting Grants deritzonean (ikertzaile gazteentzat). Ikertzaileei kontratu mugagabea egiteaz gain, IKERBASQUEk ikertzaile bisitariaren figura bultzatu du (orain arte 87 zientzialarik atxiki diote aukera honi), eta doktorego-ondorengo ikertzaileei zuzendutako laguntza programa kudeatzen du (24 talentu gazte baliatu dira aukera honetaz).

Lehen bosturteko honetako jarduerari buruzko balantzea gaur goizean aurkeztu dute Isabel Celáa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak eta Fernando Cossío Fundazioko presidenteak, aldean bi ikertzaile zituztela: Joaquín Castilla Zientziako doktorea, mekanismo molekularretan espezializatutakoa, duela hiru urte etorri zena, eta Amanda Sierra Neurozientziako doktorea, irailean Euskal Herriko Unibertsitatean lanean hasi zena. Bata zein bestea, Ipar Amerikako maila goreneko ikerketa-zentroetan trebatutakoak dira.

 

Datuak

Txostenean bildutako datuen arabera, euskal fundazioak 40 milioi euroko itzulkina lortu du bost urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak ikertzaileak kontratatzeko egin duen guztizko inbertsioa bikoiztuz. Datu honek oso-osorik berresten du, krisi garaian eta aurrekontuen murrizketa garaian, ikerketaren alde apustu egiteak duen garrantzia, eta ez soilik egindako inbertsioa sobera berreskuratzeko ahalmenagatik: I+G atzeralditik ateratzeko neurri eraginkorra da, produktu eta merkatu berriak sortzeko duen gaitasunagatik.

2007az geroztik, IKERBASQUEk 24 herrialdetako 190 zientzialari erakarri ditu guztira Autonomia Erkidegoko unibertsitatea eta I+G zentroetara, beste herrialde batzuetan lanean ziharduten euskaldunak eta beste autonomia erkidegoetakoak barne. Euskadin egin duten lanaren emaitza dira nazioarteko argitalpen ospetsuetan kaleratu dituzten 1.300 liburu eta artikulu zientifikoak. Aditu hauen lanak EAEko ekoizpen zientifiko osoaren %13 suposatzen du.

Epe laburrera, IKERBASQUEk Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia-eragile nagusia izan nahi du 2013an ikertzaile-kopuruari dagokionez, talentu zientifikoa erakarri eta atxikitzeko hartu duen esperientziagatik eta bikaintasunezko oinarrizko ikerketa-zentro berriak sortzeko egin duen ahaleginagatik. Horrek, gainera, bultzada garrantzitsua emango dio ikerketari, Herriaren etorkizuneko aukera izaten jarrai dezan, aurrekontuetako murrizketak nagusi diren egungo egoera ekonomiko zailaren gainetik.

Fundazioak lortutako ospearen frogatzat jo ditzakegu 2011n lortutako Bikaintasunezko Kudeaketaren zilarrezko Q eta HR Excellence in Research zigilua. Azken hau Europako Batzordeak ematen duen golardoa da, eta Estatu espainiarrean, Madrilgo Ikasketa Aurreratuen Institutua (IMDEA) da, IKESBASQUErekin batera, eskuratu duen erakunde bakarra.


BERC, Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak

BERC deritzonak unibertsitate-inguruneari lotutako bikaintasunezko ikerketa-zentroak dira. Bost urte hauetan, Ikerbasquek sei zentro ireki ditu, hiru Bizkaian (bi Bilbon eta bat Leioan) eta beste hiru Gipuzkoan (hirurak Donostian daude).

BC3-Basque Centre of Climate Change delakoak (Bilbo), Anil Markandya-ren zuzendaritzapean eta 20 ikertzaileen jardunari esker, klima-aldaketara eta honen ondorioetara egokitzeari dagozkion alderdiak eta klimari buruzko politiken nazioarteko oihartzunak ikertzen ditu; BCAM-Basque Center for Applied Mathematics deritzonak sareen diseinua, analisia eta optimizazioa eta Matematika konputazionala ditu ardatz, besteak beste, eta 45 ikertzaile ditu horretarako. BCBL-Basque Center on Cognition, Brain and Language izenekoak (Donostia) 35 ikertzaile biltzen ditu Manuel Carreiras-en gidaritzapean. Hizkuntzaren jabetzea, errepresentazioa eta prozesamendua edota eleaniztasuna dira zentro honen ohiko ikerketa-eremu nagusietako batzuk.

Era berean, Pedro Miguel Etxenikek zuzendutako DIPC-Donostia International Physics Center-ek (Donostia) nano-eskalako propietate elektronikoak edota azalak eta azalartekoak bezalako gaiak ikertzen ditu 32 adituren laguntzaz. Ricardo Díaz Muiñok zuzendutako Donostiako Material Physics Center delakoak 101 ikertzaile ditu eta material konplexuen ezaugarri kimiko-fisikoak eta fotonika ikertzen ditu, besteak beste. Azkenik, Bizkaiko Biofisika Fundazioak (Leioa) mintz biologikoak, biofotonika eta mikroskopia, eta Biologia zelular, konputazional eta integratiboa ikertzen ditu. Félix Goñi zuzendari duen zentro honek 21 ikertzaile ditu.

 

Kontratatutako ikertzaileen profila

Hauxe da IKERBASQUEk erakarritako ikertzaile-ereduaren profila: Europako ospe handiko unibertsitateren batean doktoratutakoa; Europa edo EEBBetako hiru unibertsitate edo ikerketa zentrotan edo gehiagotan 15 urtetik gorako esperientzia duena; ikerketa-taldeak lideratu dituena, eta proiektu batzuetarako europar fintzaketa lortu duena.

Zientzia Esperimentalak eta Matematika dira fundazioak erakarritako 190 adituen ia erdien (%47) ohiko jarduera-eremua, eta gainerakoek Zientzia Medikoetan (%19), Gizarte Zientzietan (%14), Teknologian (%11) eta Humanitateetan (%8) dihardute. Gehienak (%37) espainiar nazionalitatekoak dira. Europarrak -EBkoak eta EBtik kanpokoak- %51 dira, eta iparramerikarrak (EEBB eta Kanada) %6. Zenbait irakasle Latinamerikako herrialde desberdinetatik eta Israel eta Txinatik etorritakoak dira.

IKERBASQUEko ikertzaileek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hogei bat ikastetxe, erakunde eta teknologia-zentrotan dihardute lanean, hiru unibertsitateak (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) tarteko direla, bai eta alor desberdinetako Ikerketa Zentro Kooperatiboak (IZK) ere, biozientzien alorrekoa (BioGUNE), biomaterialei buruzkoa (BiomaGUNE), nanoteknologiakoa (NanoGUNE) eta mikroteknologietakoa (Microgune) barne. Ikerbasquek sortutako BERC zentroez gain, hauexek dira adituei harrera egin dieten beste erakunde batzu: EHU/UPVko Biofisika Unitatea (UB) eta Materialen Fisikari buruzko Zentroa, Tecnalia teknologia-korporazioa, IK4, Osasun alorreko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa, Biodonostia institutua eta Gobernantza Demokratikoaren Institutua.

 

Harrera Guggenheimen

Bosgarren urteurrena ospatzeko, IKERBASQUEk harrera ekitaldia antolatu du Guggenheim Museoan, Euskadiko komunitate zientifiko eta unibertsarioaren 300 ordezkari inguru gonbidatu dituelarik. Ekitaldiaren barruan, Marcus du Sautoy irakaslearen hitzaldia izango da. Matematikari ingeles honek sekulako ospea lortu du matematika prentsa, telebista eta liburuen bidez azaltzeko frogatu duen gaitasunagatik. Bere libururik ezagunenak, "Zenbaki primoen musika" delakoak, best-seller bilakatu eta nazioarteko sari ugari lortu ditu.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando de Cossio, Amanda Sierra, Joaquín Castilla