Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

NEIKERek lehen sektoreari buruzko euskarazko dibulgazio zientifikoa saritzen du

2024-06-06

● NEIKER zentro teknologikoak bere sari propioa du CAF-Elhuyar sarietan, zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko azterlanak eta ikerketak aitortzeko

● Zehazki, NEIKER sariak, 2.000 eurorekin hornituta, abeltzaintza-nekazaritza eta basogintza industriari buruzko euskarazko zabalkunde artikulurik onena aintzatesten du

NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Allianceko kideak (BRTA), bederatzigarren urtez jarraian sarituko du lehen sektoreari buruzko dibulgazio zientifikoa, CAF-Elhuyar Sarietan parte hartuz, urtero ikerketa zientifiko eta teknologikoen euskarazko zabalkundea aitortzeko eta sustatzeko egiten den lehiaketan.

«Konta(kta)tu» leloarekin, sarien azken edizioak hauspotu egiten ditu bai profesionalak bai zientzia zaleak beren ezagutza eta ikerketak kontatzeko eta gizartearekin konektatzeko, jendearen kezka edo interesei erantzunez.

Testuinguru horretan, NEIKER sari bereziak lehen sektoreari lotutako euskarazko dibulgazio artikulurik onenaren 2.000 euroko saria emango du, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura batekin batera.

Zentro teknologikoaren sari berezia aurkeztutako lan guztien artean aukeratuko da, eta gainerako CAF-Elhuyar sariekin bateragarria da, hau da, NEIKERen aitortza jasotzen duen pertsona lehiaketako beste kategorietako bateko irabazlea ere izan daiteke. Artikuluak entregatzeko azken eguna uztailaren 1 da, asteazkena, eta esteka honen bidez entrega daitezke.

Zientzia kontatzea eta gizartearekin konektatzea. Hori da sarietan parte hartuko duten lagunentzako erronka. Egindako lanak hiru kategoriatara aurkez daitezke NEIKER saria jasotzeko. Lehenik eta behin, “Dibulgazio artikuluak” daude, eta bi azpikategoriatan banatzen dira: bata, ikerketa lan orokorrak, eta bestea, doktore tesian oinarritutako artikuluak. Azpikategoria bakoitzean, irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko ditu.

Bigarrenik, “Zientzia kazetaritzako lanak” daude, lehen kategoriaren sari berdinarekin; eta, azkenik, “Sorkuntza beka” dago. Kategoria horretan euskaraz sortutako proiektuak aurkeztuko dira, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituztenak. Horren ardatz nagusia da esparru zientifiko-teknologikoaren eta gizartearen arteko kontaktua modu berritzailean lantzea, eta saria 5.000 eurokoa izango da.

NEIKER eta Elhuyar hitzarmena

Saria NEIKERen eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskara sustatzeko 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da. Bi erakundeen arteko hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu bat garatzen laguntzea; NEIKERek Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, lehen sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak dira ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzea, klima larrialdiak nekazaritzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea, bioekonomia bultzatzea, lehengai ez berriztagarriekiko menpekotasuna murrizteko eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko, nekazaritzako fitosanitarioak arrazionalizatzea, eta abeltzaintzan antibiotikoen erabilera murriztea, antibiotikoekiko erresistentzia handitzearen inpaktua minimizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da Eusko Jaurlaritzak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, Euskadiko nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)