Kooperaren proiektuak merkataritza-berrikuntzaren bidez eraldaketa sozialari egiten dion ekarpena azpimarratu du Javier Hurtado sailburuak
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Sailak finantzatutako proiektua aurkeztu du Kooperarekin batera, merkataritzaren berrikuntzaren bidez eraldaketa soziala bultzatzen duena.
Proiektu honen helburu nagusia gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako enplegua sortzea eta ohitura jasangarri eta osasungarriak sustatzea da, bigarren eskuko arropa erosteko benetako aukera gisa nabarmenduz. Gainera, zero kilometroaren kontzeptua inplementatzen du, CO2 emisioak minimizatzeko; zero hondakinaren sistema bat, osagaiak bereizi eta birziklatuz; eta autokudeaketaren esperientzia integral bat, kontsumo arduratsu baterako.
Sailburuak azaldu duenez, Kooperaren proiektu hau “merkataritzari laguntzetik harago doa, eta ekonomia zirkularraren adibide argia da, hiru eraldaketa garrantzitsu biltzen baititu. Lehenik eta behin, soziala, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako lanpostu berriak sortuz. Bigarrenik, ingurumenarena, bigarren eskuko arroparen erabilera sustatuz, hondakinen ekoizpena murrizteko kutsadura gehien sortzen duen sektoreetako batean, eta slow fashionen aldeko apustua eginez. Eta, hirugarrenik, ekonomikoa, kontsumo-ohitura berriei erantzuten diena; izan ere, gero eta ohikoagoa da jantziak berrerabiltzea”.
Proiektuaren ardatza orain Bilboko erdigunean dagoen Fernández Campo kaleko denda eraldatzea da. Bertan, hainbat ekimen sustatuko dira, besteak beste, dendan bertan dohaintzak egitea, birmoldatzea, birziklatzea, upcycling, trukea, zero hondakin, eta esposizioa birdiseinatzea zirkuitu batekin, jarduera osagarriak eskaintzeaz gain, esaterako tailerrak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak.
Sailburuak gogorarazi duenez, Kooperaren proiektua eraldaketaren osagarri garrantzitsua da merkataritza aurre egiten ari zaion trantsizioan, ingurumenekoan eta digitalean, eta kontsumo-moduetan. “Gure gaurko erosketa-erabakiek zehaztuko dute eraiki nahi dugun gizartea, eta kontsumitzaileok gero eta sentsibilizatuago gaude. Horregatik, horrelako proiektuek gizarte hobea sortzen laguntzen dute, herritarrok eskatzen duguna eta administrazio autonomoek bultzatu behar duguna”.