Berriak
qrcode

Ertzaintzak ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du bigarren mailako errepideetan

2024-06-02
  • Batez ere pneumatikoen egoeran, argietan eta IATan jarriko da arreta

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, bigarren mailako errepideetan dabiltzan ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du ekainaren 3tik 9ra bitartean. Kanpaina honen helburua da egiaztatzea betetzen direla erabilera publikoko errepideetatik zirkulatzeko araudi bidez ezarritako eskakizunak. Batez ere azpimarratuko dira:

  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
  • Argiak.
  • Pneumatikoen egoera.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, “ibilgailuen mantenimendua behar bezala egitea erabakigarria da horien bizitza baliagarrian segurtasun-baldintza jakin batzuk ziurtatzeko. Horregatik da funtsezkoa IATan baldintza horiek ziurtatzea, bai eta baimendutako mekanika-lantegietan aldian behin azterketak egitea ere, errepidean ezustekorik gerta ez dadin”.

IATa egunean ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zehapena dakar. Argiei dagokienez, anomaliaren bat hautematen bada, gidariari jakinaraziko zaio, konpon dezan. Anomalia bidean gertatzen bada, ez da eragotziko bidean aurrera jarraitzea, arriskutsua izan ezean; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanpara-sorta bat eramatea. Era berean, pneumatikoek gutxienez 1.6 mm-ko errodadura-sakonera izan behar dute. Gainera, beti mantendu behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ez dute babarik, deformaziorik, hausturarik edo pitzadurarik izan behar, ezta kablerik ere agerian.

Ibilgailuen baldintza teknikoak ikuskatzeko kanpaina trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 38 kanpainen egutegiaren barruan dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)