Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak: "Gaur esan dezakegu euskal ekonomiak erakutsi duela ezbeharren aurrean hazten ari dela"

2024-06-03
  • Iñigo Urkulluk Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 32. edizioa inauguratu du BECen. Azokak ekainaren 7ra arte iraungo du, eta 1.500 enp333resa baino gehiagok hartuko dute parte
  • Nabarmendu du sektore hau "erantzuteko gaitasun handia" erakusten ari dela teknologiaren, digitalaren eta energiaren eta ingurumenaren arloetako erronken aurrean, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa dela industriaren "inbertsio-, berrikuntza-, prestakuntza- edo nazioartekotze-prozesuak babesten jarraitzea"


Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburu eta BECeko Presidentarekin batera, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 32. edizioa inauguratu du gaur eguerdian. Urtero bezala, BECen izango da, sektore honen garapen eta aurrerapen guztiak aurkezteko helburuarekin.

Azoka datorren ostiralera arte luzatuko da, eta 1.500 enpresa baino gehiagok parte hartuko dute bertan. Irekiera ekitaldian, Urkulluk honakoa nabarmendu du: "Azken hamarkada honetan, industria eta zerbitzu aurreratuak egonkortu dira gure ekonomiaren % 40an, bai Europan eta baita Euskadin ere", eta, aldi berean, datozen hilabeteetarako hazkunderako eta enplegurako emaitza onak iragarri ditu, nazioarte mailan ziurgabetasun ekonomikoa dagoen arren. Ziurtatu duenez, "gaur esan dezakegu euskal ekonomiak erakutsi duela gora egiten ari dela ezbeharren aurrean", eta EUSTATek emandako datuari egin dio erreferentzia: 888 milioi euro izan dira Euskadiko makina-erremintak 2023an egindako esportazioak. "Serie historikoaren errekorra", azpimarratu du.

Lehendakariak sektoreak dituen erronkak ere aipatu ditu. Bere hitzetan, erronka horiek teknologia-digitalaren eta energia-ingurumenaren esparruetan kokatzen dira, eta "sektore hau horiei erantzuteko gaitasun handia erakusten ari da".

Horrela, Hannover-Messe aipatu du, munduko Industria Azokarik garrantzitsuena, non Euskadi makina-erremintaren Europako mendebaldeko lurralde liderra bezala aurkeztu zen.

ERAKUNDEEN KONPROMISOA

Erakundeen esparruan, Iñigo Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa dela industriaren "inbertsio-, berrikuntza-, prestakuntza- edo nazioartekotze-prozesuak babesten jarraitzea", baita prozesu horiek modernizatzea ere. Horren aurrean, Lehendakariak Renove Smart Industry programari buruz hitz egin du. Programa horren helburua da industria-enpresek makineria berrian eta ekipamendu aurreratuan egiten duten inbertsioa sustatzea 4.0 Industriako proiektuak garatu ditzaten, eta Urkulluk nabarmendu du "aurtengo edizioak errekorra hautsi" duela.

Gainera, Lehendakariak gaineratu du "euskal erakundeen ardura eta betebeharra" dela "hurbiltasuna erakustea eta lankidetzarako esparruak zabaltzen jarraitzea".

Hitzaldiaren ostean, Lehendakariak, irekiera-ekitaldian izan diren erakundeetako eta enpresetako agintariekin batera, aurtengo Makina-Erremintaren Biurtekoa osatzen duten standak bisitatu ditu.

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-06-04

    Dena ez fidatzea zerbitzu eta turismoetan, eta dibertsifikatzea, adibidez unitate txikiagoen baturarekin elektrifikatzeko ahalegina eginez, klima-aldaketako migrazio-mugimenduen populazio-hazkundea aurreikusteko sareak prestatuz, hondamendi posibleekin hornidura-gabeziaren arriskuak areagotu ditzaketen beharrak areagotzen ditu, eta ibai nahasian arrantzatzen duenik ere badago.

  • Argazkia Xaver
    2024-06-04

    No fiar todo a servicios y turismo y diversificar poniendo empeño en electrificar por ejemplo con suma de unidades más pequeñas, preparando redes para previsible aumento poblacional movimientos migratorios cambio climático aumenta las necesidades que con posibles desastres puedan aumentar los riesgos de falta de suministro y haya quien pesque a río revuelto.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)