Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

3.463 pertsona gehiago langabezian otsailean, Euskadin

2012.eko martxoak 02

 

  • "Murrizketa-politikekin eta produkzio-sareari baliabiderik eta finantzaketarik eman gabe ezin dugu langabeziaren noranzkoa zuzendu", adierazi du Gemma Zabaletak.
  • Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi du "elkarrizketa dela bidea, eta gizarte-agenteekin diagnostiko egokia egiteak lanpostuak sortzeko egoera hobean jarriko gaituela".

Otsailean Euskadin 3.463 pertsona gehiago daude langabezian; beraz, langabeziak % 2,22 egin du gora aurreko hilabetearekin alderatuta, eta, guztira, 159.667 dira enplegu-eskatzaileak. Espainia osoan, 112.269 pertsona gehiago daude langabezian, eta guztira 4.712.098 pertsona dira (2,44%).

Lurraldeen arabera, Araban 612 pertsona gehiago daude langabezian (% 2,53), Gipuzkoan, ordea, 787 pertsona gehiago (% 1,79) eta Bizkaian 2.064 pertsona gehiago (% 2,35).

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak datu horiek aztertu ditu, eta krisialdi ekonomikoaren iraupena dela medio, adierazi du testuinguruan jarri behar direla. 2008ko otsailaren eta 2009ko otsailaren artean krisialdiren unerik larriena izan zen, erregistratutako langabezia 32.334 pertsonatan igo baitzen. 2009 eta 2010 bitarteko aldi berean hazkunde hori moteldu egin zen, eta guztira 21.490 langabetu gehiago izan ziren. Eta 2010eko otsailaren eta 2011ko otsailaren artean, ekonomiaren susperraldian gorakada bat hasi zenez, erregistratutako langabeziaren hazkundea are gehiago moteldu zen Euskadin, 8.313 langabetu gehiagorekin. Azken urtean, krisi ekonomikoa areagotu denez eta nazioarte mailan politika murriztaileak gauzatu direnez, 13.874 pertsona gehiago daude langabezian.

"Oraindik krisialdian murgilduta jarraitzen dugu. Egia da krisiaren portaera ez dela berdina 2008an hasi zenez geroztik, une batzuetan besteetan baino larriagoa izan baita, eta 2011. urtean hobekuntza txiki bat ere nabaritu da", aztertu du Zabaletak. "Argi dagoena zera da: murrizketa-politikekin, ekonomia itotzen duten, produkzio-sareari laguntzen ez dioten, eta produkzio-sare horrek arnas har dezan eta hazi dadin baliabiderik eta finantzaketarik jartzen ez duten  politikekin, ezin izango dugu zuzendu langabeziaren noranzkoa", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Lankidetza gizarte-agenteekin

"Langabezia pertsonentzat eta beren familientzat drama bat izanik, eskura ditugun baliabideak sakontzen jarraitu behar dugu langabeziaren aurkako politikak egiteko, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta horiei laguntzeko, enplegu baten aurrean posiziorik onenean egon daitezen", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialeko mahaiarekin Langabeziaren aurka Borrokatzeko Plan bat lantzeko lortutako akordioari balioa eman dio, mahai horretan, gainera, Confebask, UGT eta CCOO egonik.

"Ugazabekin eta sindikatuekin lortutako akordioa oso positiboa da. Lehenik, baliabide asko bideratzen dituelako. Bigarren, baliabide horiek zein politika motatan erabili behar diren aztertu duelako: pertsonen prestakuntza hobetzeko politikak, gazteei arreta berezia eskainiz, langabezia-tasarik handienak dituzten guneetan. Baina, batez ere, agente sozialekiko lankidetza funtsezkoa delako langabeziaren aurkako borrokan".

"Borroka horretan, ezin liteke administrazioak alde batetik joatea eta agenteak beste alde batetik, inposatu egin den lan-erreforma baten ondorioz agerian jarri den desadostasunarekin gertatu den bezalaxe. Elkarrizketa da bidea, eta agente sozialekin egindako diagnostiko egokiak posizio hobean jarriko gaitu langabeziaren aurkako eta lanpostuak sortzeko borroka adoretsu honetan", adierazi du azkenik.

Confebask, UGT eta CCOOrekin adostu den Langabeziaren aurka Borrokatzeko Planak, enplegua sustatzeko neurri jakin batzuk jarriko ditu abian 2012. urtean zehar, arreta berezia jarriz gazteengan, luzaroko langabetuengan eta Euskadiko gunerik kaltetuenetan, hala nola: Ezkerraldea, Enkarterriak, Ibaizabal, Bilbo, Behe Bidasoa, Debabarrena, Oarsoaldea, Aiaraldea eta Gasteiz. 

Txoke-plan horretarako 321 milioi euro bideratu dira, honako hauetarako laguntzak bultzatzeko: kontratazioa, autoenplegua, enpresa berrien sorkuntza gorantz doazen sektoreetan, zerbitzu espezifikoak enpresentzat, I+G+B proiektuak, langabetu eta langileentzako prestakuntza eta orientazio pertsonalizatuko programak, eta enpresa-ekimen berrientzat gizarte-segurantzaren kotizazio-gastuak ordaintzeko laguntzak.

Joan den otsailean Euskadin erregistratu diren langabezia-datuei dagokienez, 1.951 gizon gehiago geratu dira lanik gabe (% 2,58). Emakumeei dagokienez, 1.512 geratu dira lanik gabe (% 1,88).

Adin-tarteei dagokienez, 25 urtetik beherako 726 enplegu-eskatzaile gehiago daude lanik gabe. 45 urtetik gorakoen tartean ere 646 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta 25 eta 45 urte bitartekoen kasuan, 2.091 pertsona gehiago daude lanik gabe.

Joan den hilean, sektoreen araberako langabezia % 5,17 handitu da lehendik enplegurik ez zuten pertsonen artean. Industria-sektorean, langabezia % 1,58 igo zen. Zerbitzuen sektoreari dagokionez, % 1,95 igo zen. Eraikuntzan, ordea, % 2,16 igo zen, eta lehen sektorean, % 2,58.

 

 

 

3 iruzkin
  • @Lanabesa
    2012.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 3.463 pertsona gehiago langabezian otsailean, Euskadin. http://t.co/sziixwJ5

  • @lanbideejgv
    2012.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 3.463 pertsona gehiago langabezian otsailean, Euskadin. http://t.co/sziixwJ5

  • @lanbideejgv
    2012.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El desempleo aumentó en Euskadi en 3.463 personas en febrero. http://t.co/o7gn6mVM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)