Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2023 uztako sagardoak aurkeztu ditu Albaola Itsas Kultur Faktoria

2024-05-28

Euskal Sagardoa osatzen duten 48 sagardogileen 85 Euskal Sagardo desberdinak azaldu dira, %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak.

Euskal Sagardoa Jatorri-Deiturak 2023ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, maiatzak 28, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek 85 produktu desberdin aurkeztu dituzte.

Aurkezpenean jatorri-deitura sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Bittor Oroz; HAZI Fundazioko zuzendaria Peli Manterola; Basquetourreko zuzendaria, Daniel Solana; Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria, Arantza Ariztimuño; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez; Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren presidentea, Oihana Gaincerain; Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailea, Unai Agirre; Sagardoa Route Euskal Sagardoaren Ibilbideko arduraduna, Amaia Zubeldia; Albaolako lehendakaria, Xabier Agote; eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagargile eta Sagardogileak.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 85 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta handia izan da kopuruz 2023koa, eta lortu den sagardoa orekatua eta ahoan leuna eta lurrintsua. Guztira, 6 milioi kilo bildu dira eta 4 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Uzta oparoa izaki, 2024an dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan.

Urtarrilaz gero, txotxean dastatu ahal izan diren sagardoak botilaratzen hasi dira sagardotegiak eta hemendik aurrera 2023ko uztaren ezaugarri guztiak botilan dastatzeko aukera izango dute kontsumitzaileek, sagardoa ondo borobildua botilan egongo baita.

Aurkezpena Albaola Itsas Kultur Faktorian

Gaur aurkeztu dira 2023ko uztako sagardoak Albaolan, eraikintzen ari diren San Joan Baleontzian bertan. Izan ere, sagardo sektoreak hainbat elkarlan ditu Albaolarekin. San Joan baleontzia Kanadara abiatzen denerako sagardoa nola eraman aztertzen ari dira batetik eta Euskal Sagardoaren Ibilbideak esperientzia bat jarri du martxan Albaolarekin, Kultur Faktoria eta sagardotegiko bisita bateratzen dituena eta itsasoko eta sagardoaren kultura bateratzeko diseinatua: https://www.sagardoa.eus/eu/irteerak/98-albaola-eta-sagardotegia.

Itsasoa eta sagardoa elkarren lagun izan dira Euskal Herrian, marinelen eta inguruko langileen edaria izan baita sagardoa mendeetan zehar. Horrek, besteak beste, sagardo industria indartsu bat sortzeko baliabidea jarri zuen mende luzetan Euskal Herriko baserrietan, eta baita paisajea sagastiz betetzeko interesa ere. Bestalde, marinelek beren sustenguaren oinarri nagusietako bat izan dute sagardoa, eta hamarkada askotan, izurriterik txarrena izan zen Eskorbuto gaitzaren aurkako antidoto naturala. Euskaldunok izan dugun ezinbesteko sinbiosi hau irudikatzeko balio izan du gaurko aurkezpenak.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta geroztik ibilbide luzea egin du, bai sagastietan eta baita produktuaren kalitatean ere, eta nola ez, bere komertzializazioan.

Jatorri Deitura sagastitik ari da lanean, sagarra baita Euskal Sagardoaren kalitate honen lehen ardatza. Uzten arteko oreka lortzea eta sagarraren kalitatea lantzen jarraitzea dira aurrera begirako bi helburu nagusiak. Bakanketak, interpolinizazioa, eta lurraren lanketa dira lanketa horretarako hiru zutabe nagusiak.

Komertzializazio bideak: retaila, ostalaritza, on-line eta salmenta zuzena

Euskal Sagardoak komertzializazio bideak indartzen egin du lan azken urteetan, bai linealetan, bai ostalaritzan eta baita salmenta zuzena eta on line salmentan ere. Garrantzitsua da sektore hauekin egin litekeen elkarlana, Jatorri Deitura duten sagardoak balorean jarri eta salmenta bultzatzeko. Aurreko urteetako bideari jarraikortasuna eman eta salmentak areagotzen jarraitzea da helburua. Horretarako komertzializazio bide bakoitzerako estrategiak garatzen ari da Euskal Sagardoa eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ekintzak antolatzen.

Dastatzea, Eusko Label produktuekin batera

Aurkezpenaren ondorenean, 2023 uztako Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek, Eusko Label produktuekin batean. Uztaren ezaugarriak eta sagardotegi desberdinen izaera desberdinak dastatu ahal izan dira, giro ezin hobean.

2024 sagardotegi denboraldia

2024ko sagardotegi denboraldian positiboki baloratu dute sagardogileek: giro atsegina eta lasaia nabarmendu da aurtengo denboraldian gure sagardotegietan. Pandemiaz gerozko joerari eutsi dio aurtengo denboraldiak ere. Larunbata eguerditarako izan dira eskari gehienak eta baita larunbata gauerako ere. Igande eguerdietan irekita dauden sagardotegiek ere mugimendu handia izan dute. Astean zehar sagardoa dastatzeko irrikan elkartzen diren sagardozaleak egun ere garrantzia berezia dute. Orokorrean igo egin dira sagardotegietan erreserbak menuari eta txotxari dagokionean. Erreserba hauen kudeaketari dagokionean geroz eta bezero gehiagok baliatzen dute online erreserba egiteko aukera.

Badira urte batzuk sagardo sektoreak dastatze edota bisita gidatuak martxan jarri zituenetik. Bi produktu hauek oso erakargarriak dira lagun giroan sagardotegira gerturatzen diren bertako bezeroentzat. Sagardo sektoreak bere eskaintza gastronomiko eta kulturala landu eta komunikatzen du denboraldian zehar bertaratzen diren bezeroek esperientzia borobila izan dezaten. Sektoreak dagoeneko garatuta dauka Sagardotegiari dagokion Plan Estrategikoa eta Sagardo Upategien Turismo Plana. Horiek ditu ardatz urtez urte eskaintza osatu eta geroz eta anitzagoa den bezeroari hainbat proposamen egiteko. Denak ere kalitatezko produktu baten baitan antolatutakoak. Denboraldiari begira nabarmentzekoa da % 40 areagotu dela iazko urtearekin alderatuz dastatze, bisita eta bestelako irteeren kontsumoa.

Denboraldi honetan Sagardotegietan sagardoa online erosteko hainbat euskarri ikusi ahal izan ditugu. Informazio-gune hauek balio izan dute, besteak beste, denboraldian izan dugun sagardoaren online salmenta ere % 33an igotzeko.

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @BittorOroz
    2024-05-28

    Comentario de X:
    🍎 En su trayectoria de 7 años, @EuskalSagardoa ha recogido grandes frutos y ahora se enfrenta a retos como avanzar en el desarrollo de la Denominación de Origen transfronteriza o alcanzar que el 100% de la producción de sus bodegas sea #EuskalSagardoa.

    🔗https://t.co/DvV7kvtENi https://t.co/EzjA08djNi

  • Argazkia SN Robot
    @BittorOroz
    2024-05-28

    Comentario de X:
    🍎 7 urteko ibilbidean, @EuskalSagardoa-k fruitu handiak bildu ditu eta orain hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola mugaz gaindiko Jatorri Izendapenaren garapena bultzatzea, edo bere upategien ekoizpen osoa #EuskalSagardoa izatea lortzea.

    🔗 https://t.co/9KWhRhS2OV https://t.co/ckMhZznxhw

Ekitaldiko kargudunak