Berriak Kultura
Eu

Basque Team-ek eta Gazteaukera atariak Londreseko 2012ko Olinpiar Jokoei eta Joko Paralinpikoei burzko ikuspegia partekatzeko aukera emango diete zortzi gazteri

2012.eko martxoak 01

Gazte Olimpic Team lehiaketak zortzi blogari aurkitu nahi ditu Gazte-txartelaren titularren artean, uda honetan Ingalaterrako hiriburuan jokatuko den munduko kirol jarduera nagusiaren testigantza eman dezaten

Irabazleek lehiarekin zerikusia duten jarduera ugaritara joan eta Basque Team-eko euskal kirolari olinpiko eta paralinpikoekin harremanetan egoteko aukera izango dute

Lehiaketan parte hartzeko, "2020ko Olinpiar Jokoak Euskadin jokatuko dira" delako gaiari buruzko 350-450 karaktereko testua edo bideoa bidali behar da Gazteaukera webgunearen bidez apirilaren 12a baino lehen

Sariek (Olinpiar Jokoetarako lau bidaia eta Paralinpikoetarako beste lau bidaia) hegaldiak, ostatua, kirol jardueretarako sarrerak, bidaiako gastuak eta asegurua biltzen dituzte

Eliteko kirola bultzatzea xede duen Basque Team euskal fundazioak eta Euskadi Gazteaukera gazteriaren atariak lehiaketa berri bat abiaraztea adostu dute, Londreseko 2012ko esperientzia olinpikoa informazio-teknologia berrien bitartez ezagutarazteko asmoz. Zortzi blogari gaztek Jokoekin zerikusia duten jarduera asko zuzen-zuzenean bizi, lehian diharduten euskal kirolariekin harremanetan egon eta han-hemenka bildutako esperientziak http://gazteaukera.blog.euskadi.net blogean islatzeko aukera izango dute.

Gazte Olimpic Team izenaz bataiatutako lehiaketa honek aukera paregabea eskaintzen die Gazte Txartelaren titularrei (Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 30 urtetik beherakoak) Londresen bederatzi eguneko egonaldiak irabazteko, lau egun Olinpiar Jokoetarako eta beste lau Paralinpikoetarako. Sariak hegaldiak, ostatua, kirol jardueretarako sarrerak, bidaia-gastuak eta asegurua biltzen ditu.

Lehiaketa 18 urtetik gorakoentzat irekita dago, eta bertan parte hartzeko, euskaraz edo erdaraz idatzitako ipuin laburra (350-450 karaktere ingurukoa) edo bideo bat bidali behar da Gazteaukera webgunearen bitartez, Euskadin jokatuko litzatekeen balizko 2020ko Olinpiada gaitzat hartuta. Bidaltzeko azken eguna apirilaren 12a da, eta maiatzaren 4an, saritutako pertsonen izenak argitaratuko dira Euskadiko gazteriaren atarian eta Basque Team nahiz Gazteaukeraren sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Tuenti).

Epaimahaiak zortzi ipuin onenak aukeratuko ditu, eta zozketa bidez, launa pertsonako bi talde antolatuko dira Olinpiar Jokoetara joateko, uztailaren 31tik abuztuaren 9ra bitartean, eta Joko Paralinpikoetara joateko, abuztuaren 29tik irailaren 6ra bitartean, hurrenez hurren.

Talde hauen esperientziak Gazteaukerako blogean azalduko dira -blogen bidez eta Jokoetan hartutako argazki eta bideoen bitartez-, bai eta sare sozialetan eta IKTekin (informazio eta komunikazioko teknologia berriekin) zerikusia duten beste bitarteko batzuetan ere. Aukeratutako blogariek Basque Team-ek babestutako euskal kirolari olinpiko nahiz paralinpiko batzuekin zuzenean harremanetan egoteko aukera izango dute.

Ekimen honen bidez, euskal gazteei hurbildu nahi zaie kirol jarduera garrantzitsu hau, munduan antolatzen den handiena, baina gazteen ikuspuntutik egin nahi izan da, biztanleriaren sektore honek gehien erabiltzen dituen tresnen bitartez.

 

Basque Team

Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak -Kultura Sailaren bitartez- eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ, Cespa-Ferrovial eta Euskaltel. BAT Basque Teamek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez-olinpikoak eta egokituak barne hartuta.

Gazteaukera

Gazteaukera Euskadiko Gazteriaren ataria da. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak gai desberdinei buruzko informazio eskaintzen du atari honen bidez, Kultura eta Aisia, Euskara, Internet, Lankidetza, Hezkuntza, Enplegua, Etxebizitza, Osasuna eta Ekologia tarteko direla. Gazte Informazio Guneetako zerbitzuak eta Gazteriaren Euskal Behatokia ere atarian ageri dira. Urterik urte, Zuzendaritzak era askotako programak garatzen ditu, hala nola, Auzolandegiak, Euskadiko Gazteak Lankidetzan edo programa europarrak. Horrez gain, nazioarteko txartel desberdinak online tramitatzeko aukera errazten du: gazte-txartela, aterpekide-txartela, ikasle-txartela, irakasle-txartela eta Go 25 txartela. Gazteekin etengabe harremanetan egon eta egunero informazioa emateko asmoz, atariak honako komunikazio-kanal hauek ditu sare sozialetan: Facebook, Twitter, Tuenti, Gazteaukera Bloga, Youtube eta Flickr.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan