Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskal Poliziak eskola-garraioaren kontrolak indartuko ditu

2024-05-26
  • Kontrolak maiatzaren 27tik 31ra bitartean indartuko dira adingabekoen ikastetxeetarako garraioan
  • Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako seinaleztapena eta laguntzailearen presentzia egiaztatuko dituzte

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu Euskadin maiatzaren 27tik 31ra bitartean, adingabekoen bide-segurtasuna zaintzeko.

Alde batetik, egiaztatuko dute garraioak administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta beste hainbat alderdiri buruz legez ezarritako baldintzak betetzen dituen. Beste alde batetik, adingabeek, gidariak eta laguntzaileak segurtasun-uhala erabiltzen duten ere egiaztatuko dute. Horrez gainera, eskola-umeen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia. 

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Adingabekoak kolektibo zaurgarria dira errepidean, eta babes berezia behar dute, beraz. Kontrol horien helburua ikastetxeetarako joan-etorrietan haien segurtasuna bermatzea da”.

Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpora ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura. Kontrolak, ahal izanez gero, ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iristen denean eta ikasleak jaisten direnean.

Kanpaina horiek trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 38 kanpainen egutegiaren barruan egingo dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)