Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzako Emergentzietako zerbitzuak 1.100 dei baino gehiago hartzen ditu egunero, eta lanegun bakoitzean ia 600 anbulantzia-irteera kudeatzen ditu

2024-05-24
  • Euskadin presazko bat-bateko laguntza-eskaerari erantzuten dion eta Larrialdiak eta ospitalez kanpoko larrialdiak koordinatzen dituen zerbitzuak 30. urteurrena beteko du aurten 
  • Aholku Sanitarioa, erizain talde baten bidez osasunari buruzko zalantzak argitzen dituen zerbitzua, arreta-zerbitzu ez-presentzial gisa finkatu da

 

Osakidetzako Emergentziretako zerbitzuak 405.155 dei jaso zituen iaz, hau da, egunean 1.100 baino gehiago. Arreta-eskaerei erantzuteko hainbat bitarteko erabiltzen dira, esku-hartze bakoitzeko premien arabera: osasun-langileek zuzenean erantzutea baliabide telematikoen bidez, medikua edo erizaina etxebizitzara joanaraztea, anbulantzia edo helikopteroa bidaltzea, etab. Iaz, egunean ia 600 anbulantzia- edo helikoptero-mobilizazio egin ziren. Datu horiek Osakidetzaren erakunde honek 30 urte betetzen dituenean eman dira ezagutzera. Hain zuzen ere, Emergentzietako zerbitzua arduratzen da Euskadin presazko bat-bateko arazoei erantzuteaz, ospitaleen arteko lekualdaketa konplexuak kudeatzeaz eta ospitalez kanpoko larrialdiak koordinatzeaz.

Gaur egun, Emergentzietako zerbitzuak 90 anbulantzia ditu (63 oinarrizko bizi-euskarrikoak, 12 bizi-euskarri aurreratukoak eta 11 bizi-euskarri aurreratu erizaindunak), baita helikopteroa ere. Bizi-euskarri aurreratuko anbulantziek 15 minutuan baino gutxiagoan erantzun zuten kasuen % 95ean, deia estaldura-eremuaren barruan egin zenean. Oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzien kasuan, jarduketen % 85 inguru egin ziren 13 minutuan baino gutxiagoan.  Helikopteroaren aktibazio-denbora, berriz, batez beste 5 minutukoa baino gutxiagokoa izan zen.

OSASUN AHOLKUA

Emergentziaetako zerbitzuak Osasun Aholkua kudeatzen du ere bai. Arreta ez-presentzialeko zerbitzu honen bidez, erizain talde batek gau eta egun ematen du arreta urteko egun guztietan.

Erreferentzia-gune honekin harremanetan jartzeko, 900 20 30 50 telefono-zenbakira deitzen da, ohiko osasun-arazoetarako gomendioren bat behar izanez gero, aurrez aurreko esku-hartze profesional sanitariorik behar ez denean.

2023an, zerbitzuak 202.000 dei hartu zituen, egunean 550 inguru. Deien % 85 20 segundoan baino gutxiagoan erantzun ziren, batez beste.

Pandemian zehar, Osasun Aholkuak jaso zuen deien bolumenak nabarmen egin zuen gora. Hurrengo urteetan, deien kopurua pixkanaka murrizten joan da, baina pandemiaren aurreko urteetan baino bolumen handiagoekin jarraitzen du, eta, horrela, zerbitzu ez-presentzial gisa finkatu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak