Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadik areagotu egin du zigarro elektronikoak osasunerako duen arriskuari buruzko sentsibilizazioa, kontsumoa handitu eta gailu horien kalteberatasun ezaren irudi faltsua zabaldu delako

2024-05-27

TABAKORIK GABEKO MUNDU EGUNA, MAIATZAK 31

  • Kanpaina bat abiarazi du, eta, OMEren ildotik, ohartarazi du jarduera horrek kalte larriak eragiten dituela; izan ere, 6 urtean jarduera hori laukoiztu egin da Euskadin —herrialde aitzindaria da zigarro elektronikoak tabakoarekin legez parekatzen—; bertan, 15-21 urteko 4 nerabe eta gaztetik 1 erretzen hasi da
  • Osakidetzak 10.700 pertsona ingururi erretzen uzten lagundu dio 2023an —aurreko urteko kopuruaren bikoitza baino gehiago—, eta Kerik Gabeko Gazteak programan Euskadiko 66 ikastetxetako 4.845 ikaslek hartu dute parte
  • Duela bi urte sortu zenetik, Kerik Gabeko Guneen Sareak bikoiztu egin du mugatutako puntuen kopurua, eta 293 puntu edukitzera iritsi da hondartzetan, igerilekuetan, terrazetan, eskola- eta kirol-inguruneetan, parkeetan eta Euskadiko 59 herritako plazetan banatuta

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kanpaina bat aurkeztu du gaur goizean, zigarro elektronikoak erabiltzeak osasunari dakarzkion arrisku larriez ohartarazteko; izan ere, substantzia toxikoak izan arren, kaltegabetasunaren pertzepzio faltsua eragiten duten gailu mota horien kontsumoa gero eta handiagoa da.

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela eta gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, maiatzaren 31n, Euskadik, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) ildoari jarraituz, bere ekintzak herritarrak babestera bideratuko ditu aurten, bereziki gazteenak, tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen industriaren esku-sartzearen aurrean. Euskadin, 6 urtean laukoiztu egin da zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera; hala, 15-21 urteko 4 nerabe eta gaztetik 1 hasi da horiek erabiltzen.

Kanpaina gazteei zuzenduta dago bereziki, baina baita gainerako biztanleei ere, eta helburua da agerian uztea zigarro elektronikoa, kalterik eragiten ez duen moda erakargarritzat hartzen bada ere, kaltegarria dela osasunarentzat eta haren kontsumoak bizitza laburtzen duela. Kaltegabetasun-sentsazioa eta beste konbentzionalismo sozial batzuk, itxurakeria, moda edo talde edo kuadrilla bateko kide izatearen sentimendua, hain zuzen, gero eta ohikoagoak dira gazteen artean. Horrela, digitalki eszena harrigarri bihurtutako nerabeen artean ohikoak diren bi egoeraren irudien gainean, honako mezu hau zabaltzen da: “Bapeatzea ez da broma. Bizitza izorratzen dizu”.

Testuinguru horretan, Osasun Sailaren kanpainak tonu dramatikoa erabiltzen du, giro apokaliptikoen bidez, non protagonistak atmosfera toxikoz inguratuta dauden. ‘Zigarro elektronikoa ez da jolas bat, ez da moda bat, ez da itxurakeria. Zigarro elektronikoak bizitza kontsumitzen dizu’, azaltzen du kanpainak.

Sentsibilizazio-kanpaina, batez ere, sare sozialetan egingo da, baina ohiko bitarteko eta euskarrietan ere izango du presentzia.

Euskadi aitzindaria izan zen esparru horretan, 2016an Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea onartu baitzuen. Lege horrek tabakoa eta gailu horiek kontsumitzeko debekuen inguruan araubide bera ezarri zuen duela 8 urte. Indarrean dagoen Euskadiko Adikzioen Planak —Eusko Jaurlaritzak azken lau hamarkadetan garatu duen zortzigarrenak— lan-ildo hori aurreratzen du. Eta adingabeek tabakoa hain eskuragarri ez izateko neurriak sustatzeaz gain, iaz onartutako plan honek tabako-kontsumoa desnormalizatzera bideratutako ekintzak ezartzen ditu, bereziki nerabeen eta gazteen artean, eta aldi berean, "ez kontsumitzeari" prestigioa ematen dio.

OSAKIDETZA: ERRETZEARI UZTEKO TRATAMENDUA

Tabakoaren eta honen deribatuen kearen eraginpean inor ez egotea bultzatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak jarduketak garatzen ditu erretzaileei erretzen uzten laguntzeko. Hala, 2023an, 10.797 pertsonak (2022an baino bi aldiz gehiagok) hasi zuten erretzeari uzteko tratamendua; horietatik % 60 45 eta 64 urte bitarteko adin-tartean zeuden. Osakidetzak hainbat aukera eskaintzen ditu erretzeari uzten laguntzeko. Tratamendu indibidualak jarraitzen du izaten gehien erabilitakoa (% 88).

Era berean, Osasun Sailak bi gida argitaratu berri ditu tabakoaren edo horrekin lotutako produktuen kontsumoa utzi nahi duten pertsonei motibatzeko eta laguntzeko: bata, herritar guztiei zuzendua ("Hobe tabakorik gabe. Lor dezakezu!") eta beste bat haurdun dauden emakumeei zuzendua ("Haurdunaldia hobe tabakorik gabe. Nire umeagatik eta nigatik"). Zehazki, 8.000 ale banatzen ari dira Euskadiko osasun-zentroetan eta ospitaleetan.  

KERIK GABEKO EUSKADI ESTRATEGIAREN BALANTZEA

Gaurko agerraldian tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko Osasun Sailak aspaldidanik garatzen dituen programei buruzko datuak ere eman dira, tabakismoa pertsonen osasunean eragin negatiboa duen osasun publikoko arazoa baita.

Horrela, duela bi urte Gotzone Sagarduik zuzendutako Sailak sortu zuen —foru aldundiekin eta udalekin elkarlanean— Kerik Gabeko Guneen Sareak bikoiztu egin du erretzeko mugatutako puntuen kopurua, harik eta tabakorik gabeko 293 gunera iritsi arte (hondartzak, igerilekuak, terrazak, eskola-inguruneak, haur-parkeak, plazak edo kirol-inguruneak...), 144 gunerekin hasi ondoren. 2023an, sare hori markesinetara zabaldu zen; 2024an, terrazetara; eta, datorren ikasturteari begira, unibertsitate-campusak ere sartzea espero da. Parte hartu duten udalerrien kopurua jatorrizko 41etik 59ra igo da gaur egun: Araban 7; Bizkaian 37 eta Gipuzkoan 15.

Ekimen honen helburuak, herritarren osasun publikoa zaintzeaz gain, honako hauek dira: jokabide osasungarriak sustatzea; tabakoaren eta nikotinaren arriskuei buruzko informazio- eta sentsibilizazio-lana bultzatzea; substantzia horren kontsumoa murriztea; kontsumo hori utzi nahi duten erretzaile guztiei informazioa eta laguntza ematea; herritar guztiak tabako-ketik babestea; eta gure herri eta hirietan ingurune garbiak, osasungarriak eta kerik gabekoak sortzea eta mantentzea, ingurumenaren hobekuntzan modu positiboan eraginez.

Kerik Gabeko Euskadi estrategiari buruzko informazio gehiago.

KERIK GABEKO GAZTEAK

Tabakoari dagokionez, Osasun Sailak eta Euskadiko udalek garrantzia ematen dioten beste esparru bat hezkuntza-ingurunean kontzientziazioa eta sentsibilizazioa zabaltzea da. 2023an, Euskadiko 66 ikastetxetako 4.845 ikaslek hartu zuten parte Kerik Gabeko Gazteak programan. Programa horren helburua da ikasleen artean tabako-kontsumoa prebenitzea (Lehen Hezkuntzako 6. maila, DBHko 1. eta 2. mailak).

Ekimen hau abian jarri zenetik, 2011-2012 ikasturtean, 1.005 ikastetxetako ia 86.800 ikaslek hartu dute parte.  Jorratzen diren gaien artean, tabakoaren osaera, taldearen presioa, genero-ikuspegia, tabako-enpresen eragina, kutsadura edo gailu berrien kontsumoa nabarmentzen dira. Ondoren, ikasgela bakoitzak argazki-konposizio bat egiten du, ikastetxeetan bertan erakusketa bat eginez, eta Osasun Sailak antolatutako lehiaketan parte hartzen du. Edizio honetan, "Tabakorik gabe gusturago gaude" leloaren inguruan egiten da. Lurralde bakoitzeko lan irabazleen sariak datorren ostiralean, maiatzaren 31n, banatuko dira Gasteizko Salburua Gizarte Etxean (Araba), Bilborock aretoan (Bizkaia) eta Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetzan (Donostia).  

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak