Lehendakariak Euskadiko enpresa partaidetuen eta lan-sozietateen “ausardia eta erabakitasuna” nabarmendu ditu
- “Badugu lana eta zeregina, eta badugu eredua” −adierazi die Iñigo Urkulluk ASLEko Batzar Nagusira bertaratu diren enpresetako arduradunei
Euskadiko Lan-sozietateak biltzen dituen ASLEren Batzar Nagusiaren itxiera ekitaldian, berriz ere, enpresa partaidetuen “ausardia eta erabakitasuna” azpimarratu ditu Lehendakariak.
“Egun horretan, benetan sinetsi zenuten zeuen aukeretan eta urrats bat gehiago ematea erabaki zenuten; ardura bat hartu zenuten eta enpresa bat aurrera ateratzeko arriskua zuen gain hartu zenuten” −adierazi die Iñigo Urkulluk Batzar Orokorraren itxierara bertaratu diren lan-sozietateetako eta enpresa partaidetuetako 200 ordezkari inguru horiei; ekitaldi hau Bilboko Iberdrola Dorrean izan da, eta lan-sozietateetako eta enpresa partaidetuetako ordezkariez gain, ordezkari instituzional ugari ere hurbildu dira.
Mintzaldiaren beste zati batean, elkarrekin lan egiten eta konpromisoak partekatzen jarraitzearen alde mintzatu da Iñigo Urkullu, eta gogora ekarri du, hain justu ere, ahalegin kolektibo horri esker, Euskadik aurrera egiten segitzen duela eta etorkizunari begira “aurreikuspen onak dituela”.
“Euskal ekonomia hazten ari da eta hazkunde horren joera ia-ia % 2an finkatu da, bai aurten, bai hurrengo urtean; enplegua sortzen jarraitzen dugu, milioi bat pertsona baino gehiago daude lan egiten eta kotizatzen, eta enpleguaren kalitatea ere hobetu egin da; era berean, bosgarren urtez jarraian, errenta erabilgarrian, Euskadi goi-goian dago erkidegoen artean, Europako batezbestekotik gorago” −gogorarazi du Lehendakariak.
Bukatzeko, ASLEko kideei “bihotzez” eskerrak eman dizkie Lehendakariak, urte hauetako lanarengatik, eta adierazi du ziur dagoela Euskadik, “orain arte bezala” aurrera egiten segituko duela.
“Badugu lana eta zeregina, eta badugu eredua” –baieztatu du.