Berriak Hezkuntza
qrcode

Ikertzaile Doktoreen Hobekuntzarako Doktorentza-Ondoko Programa euren baldintzak hobetzeko egokitu da (Gobernu Bilera 2024-5-21)

2024-05-21
  • 2024-2025 ikasturtean, programa honen bidez, 95 lagunek doktoretza-ondoko kontratu bat izango dute. Horietako 44 aurtengo deialdian sartuko dira

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du, Gobernu Kontseiluan, Ikertzaile Doktoreak Hobetzeko eta Atzerrira aldi baterako joateko Doktoratu Ondoko Programako laguntzen deialdia 2024-2027 aldirako (berriak zein berriztapenak).

Deialdian sartzen dira bai laguntza berriak ematea (29), bai aurreko ikasturterako emandakoak berritzea (15). Gainera, 2022-2025 ikasturteko programan sartu ziren 23 ikertzailek eta 2023-2026 ikasturtean hobekuntza programan hasi ziren beste 28k lanean jarraituko dute. Orotara, 95 ikertzaile doktorek kontratu bat izango dute doktoratu ondoko programa honen bidez.

Doktoratu ondoko hobekuntza-programa honetan sartzen diren pertsonek hiru urteko hasierako kontratua izango dute, beste urtebetez luza daitekeena. Hiru urteko kontratuak hobekuntza-fasearen ikuspegi oso bat ematen laguntzen du; izan ere, lehen, kontratuak urterokoak ziren, kontratua lau aldiz egiteko aukera zegoelarik. Aldaketa horrek aurrekontu-egokitzapena ekarri du; aurten 4,6 milioi eurokoa izango da aurrekontua eta ikertzaile bakoitzeko ordainsaria %3 handituko da, hau da, %3 gehiago kobratuko dute.

Doktoreek lan-kontratu bat sinatu beharko dute ikerketan diharduen euskal erakunde batekin. Erakunde hori unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutu bat izan beharko da, I+Gn gaitasuna eta jarduera egiaztatua dituena, egoitza soziala Euskadin duena eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agente gisa akreditatua ere izan beharko da.

Programa honekin, Hezkuntza Sailak eredu bati bultzada eman dio, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaintzen dituena eta onuradunak lan-kontratu baten bidez lanbidearen errealitatera hurbiltzen dituena.

Hiru ikerketa-ildo

Deialdiak hiru jarduera-ildo biltzen ditu. Ikerketa orokorraren arloko bi jarduera-ildo (laguntza berriak edo berritzeak izan daitezke) 4,2 milioi eurorekin, eta ikerketa espezifikoaren arloko beste lerro bat (laguntza berriak) 405.569 eurorekin.

Ikerketa orokorra (laguntza berrien lerroa), ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko erabiliko dena. Lerro honetarako programaren zenbateko osoaren 3.513.198€ izango dira.

Ikerketa orokorra (berritze-lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Kontratuak berritzeko 772.860€ erabiliko dira.

Ikerketa espezifikoa (laguntza berrien lerroa), ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Lerro honetarako programaren zenbateko osoaren 405.569€ erabiliko dira. 

 

Arloak

Guztira (€)

Ikerketa arlo "orokor" guztietan, laguntza berriak

3.513.198

Ikerketa arlo "orokor" guztietan, berritzeak

   772.860

Ikerketa arlo espezifikoetan (neutronika eta hezkuntza); laguntza berriak

   405.569

GUZTIRA

4.691.627

 Euskadirentzat interes berezia duten eremuak

Ikerketa orokorreko laguntzak honako jakintza-arlo hauetan eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.

Berariazko ikerketa-arloen barruan, deialdi berriak neutronikako ikerketa eta partikulen azelerazioa sustatzeko laguntzen ildo espezifikoa jasotzen du beste behin ere. Egun, arlo hori bereziki interesgarria da Europar Batasunaren testuinguruan eta bereziki, Euskadirentzat. Arlo hau estrategikoa da etorkizunerako, zientzian, teknologian eta industrian.

Neutronikarekin batera, ikerketa espezifikoaren arloaren barruan, Hezkuntza arloa ere badago aurtengo deialdian. Helburua da hezkuntzaren arloko hainbat ildo estrategikotan ikerketa sustatzea, hala nola digitalizazioan (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), STEAM proiektuen bidez gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzean edo kulturartekotasunean eta eskola-arrakastan.

Arlo honek ere pisua du euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunean eta, horrez gain, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan, euskal I+G+b garatzeko aukera ematen du. Euskadin arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak barneratzen dituen politikaren barruan.

Ezarpen-zentroak eta desplazamendu-zentroak.

Ikertzaile doktoreak kontratu bidez atxikiko dira egoitza soziala Euskadin duten zentroetara, laguntzak irauten duen aldian. Zentro horiek I+G+b gaitasun egiaztatua eta kontratatzeko gaitasuna duten eta ZTBESeko unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutuak izango dira. Publikoak zein pribatuak izan daitezke.

Ikerketa-lanak egiteko lekualdatze-zentroei dagokienez, atzerrian dauden zentroetara aldi baterako lekualdatzen diren ikertzaile doktoreak, irabazi asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko zein pribatuetara joan ahal izango dute, baina ezin izango dute joan aurretiaz doktoretza-ikasketak egin dituzten unibertsitateetara. Atzerriko eskatzaileen kasuan, lekualdatze-zentroa ezin izango da egon jatorrizko herrialdean. Era berean, atzerriko zentrora joateko fasean, doktoratu ondoko ikertzaileek mugikortasun-laguntza osagarria jaso ahal izango dute joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Komunikabideek behera kargatzeko