
Euskadiko musika eta dantza eskolen dekretu berria (Gobernu Bilera 2024-5-21)
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko musika eta dantza eskolen dekretu berria onartu du gaurko bileran. Dekretu berriak eskola horiek –izan publikoak zein pribatuak- sortzeko eta jardunean jartzeko oinarrizko arauak jasotzen ditu. Eskola hauetan eskaintzen diren ikasketek ez badute balio akademiko edo profesionaleko titulurik ematen.
Musika eta dantza eskolen helburu nagusia, gaur onartutako Dekretuan jasotakoaren arabera, musikan eta dantzan prestakuntza praktikoa eskaintzea izango da, herritar guztiei zuzenduta, hauek komunitatearen kultura-bizitzan askatasunez parte hartzeko eta arteez gozatzeko eskubidea gauza dezaten. Era berean, helburua da bokazio eta gaitasun berezia erakusten duten pertsonei ikasketa profesionaletarako eta lan-mundu artistikorako orientazioa eta prestakuntza ematea.
Dekretuaren berritasun nagusia da, aurrekoan ez bezala (289/1992 Dekretua, urriaren 27koa), eskola horietan eman beharreko irakaskuntza gisa dantza sartzea. Ondorioz, arautzen dituen eskolen izendapenak honako hauek izango dira, ematen dituzten irakaskuntzen arabera:
- Musika Eskola
- Dantza Eskola
- Musika eta Dantza Eskola
Beraz, gaur egun Euskadin martxan dauden eta dantzako edozein espezialitate irakasten ari diren musika eskolek Musika eta Dantza Eskola izena eskatu ahal izango dute. Era berean, beste edozein eskolak ere izen bera eskatu ahal izango du, aldi berean, dekretu berrian jasotako dantza-espezialitateak emateko baimena ere eskatzen badu.
Espezialitateak
Dekretu berriak Musika espezialitateak eguneratu eta osatzen ditu, eta Dantzarako espezialitate hauek jasotzen ditu: Klasikoa, Garaikidea, Euskal Dantza eta beste dantza batzuk (azken horien artean daude dantza urbanoak, flamenkoa, dantza soziala, jazza/klakea eta munduko edozein eskualde edo joeratako beste dantza batzuk). Dantza eskolek gutxienez espezialitate horietako hiru eskaini beharko dituzte, eta musika eta dantza eskolek gutxienez Euskal Dantza espezialitatea.
Eskola horiek instalazioei dagokienez bete beharko dituzten gutxieneko baldintzak ere ezartzen dira. Dantza eskolek gutxienez bi dantza-gela izan beharko dituzte, jauzietarako egokitutako zoruarekin, eta gutxienez 70 metro karratuko azalera izan beharko dute (halakorik ezean, gutxienez 5 metro karratu pertsonako), eta baita aldagelak ere, matrikulatutako ikasle-kopuruaren eta eskolaren plangintzaren araberakoak.
Irakasleen titulazioari dagokionez, arau berriak gradu-titulazioa eskatzen die. Hala ere, mantendu egiten da aurreko Dekretuan zegoen ezohiko gaikuntzaren prozedura, goi-mailako titulaziorik ez duten espezialitateetarako. Prozedura horri ikasketa-planak ezartzen direnetik zortzi urte igaro arte eutsiko zaio. Urteko deialdi bidez egingo da, eta horretarako deitutako gaitasun-proba bat gainditu beharko da.
Prestakuntza-mailak
Orain arte bezala, musikako eta dantzako irakaskuntzak lau prestakuntza-mailatan emango dira: 1. maila edo kontaktua (0 eta 7 urte bitarteko ikasleentzat); 2. maila edo espezialitate-hastapena (8 urtetik aurrera); 3. maila edo espezialitate-finkapena; eta 4. maila edo espezialitate-hobekuntza. Berritasuna da kontaktu-mailak (1. mailak) handitu egiten duela adin-tartea, orain arte 4 eta 7 urte bitarteko ikasleentzat izan baita.
Hala ere, 1. maila ematea erabakitzen duten eskolek 5, 6 eta 7 urteko ikasleentzako espezialitateak eskainiko dituzte nahitaez. 0-4 urteko ikasleentzako eskaintza osagarria izango da.
85 musika eskola
Musika eskolek musika ez-arautuaren irakaskuntzak eskaintzen dituzte, eta funtsezko zeregina betetzen dute adin guztietako milaka herritarrek musika beren bizitzako jarduera garrantzitsu bihur dezaten –askotariko estilo eta manifestazioetan–, prestakuntza, zaletasun, errealizazio pertsonal eta gizarte-ingurunearen aberastasun kulturalean aktiboki parte hartzeari dagokionez. Gaur egun, Euskadin 85 musika eskola daude, publikoak (udal-titulartasunekoak) zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute horietan.
Dekretu berria indarrean sartzean, indargabetuta geratuko da egun indarrean dagoena, urriaren 27ko 289/1992 Dekretua, musika-eskolen sorrera eta funtzionamendua arautzen dituena.