Eusko Jaurlaritzak garraioaren sektorean teknologia berriak eta segurtasuna ezartzeko laguntzen agindua onartu du (Gobernu Bilera 2024-5-21)
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren agindua, salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrietako eta segurtasuneko sistemak ezartzeko 2024. urterako laguntzen deialdiari buruzkoa.
Laguntza-programaren lehen deialdia 2005ean egin zen, eta sektorea modernizatzearen bidez mugikortasun jasangarrian aurrera egitea du helburu. Laguntzak flotak GPS gailuen edo antzekoen bidez kudeatu, lokalizatu eta kontrolatzeko sistemen ezarpena bultzatzera bideratuta daude, baita salgaien eta bidaiarien garraio publikorako ibilgailuetan segurtasun-elementuak ezartzera ere. Besteak beste, guraizearena egitearen aurkako sistemetan, istripuen erregistragailuetan, kameretan, talkak arintzeko teknologietan (hala nola sentsore eta radarretan), suteak detektatzeko eta autoitzaltzeko sistemetan, larrialdietarako dei-sistemetan eta gidatzea optimizatzeko sistemetan egindako inbertsioak ordainduko dira. Era berean, laguntzen xede izango dira sektoreko enpresek erabiltzen dituzten orga jasotzaile automotorretarako segurtasun-elementuak ezartzeko eta eskola-garraioko eta haurren garraioko ibilgailuetan segurtasun-uhalak eta atxikitzeko gailuak instalatzeko egindako inbertsioak.
Aurtengo deialdiak 110.000 euroko aurrekontua du, eta eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, laguntzen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.