Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Ibilbide megalitiko batek Armañongo kultura eta paisaia ondarearen balioa nabarmenduko du, bertako hileta monumentuen bidez

2024-05-20
  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu duten eta Karrantza Haranako Udalaren partaidetza ere baduen proiektu honen baitan, ibilbidea osatzen duten 14 monumentuen inguruko paisaiaren gaineko esku-hartze bat, monumentuei balioa emateko azterketa arkeologiko bat eta kultura eta natura aldetik interesekoa den ibilbide honen hedapena egiteko programa bat sartzen dira.
  • Ibilbide honi buruzko informazioa liburuxka baten bildu da, proiektuaren webgunera jotzen duen QR eta guzti. Liburuxka hori Armañongo Parketxean, Karrantzako Turismo Bulegoan eta Armañongo Parkeko Informazio Puntuan eskuratu daiteke.
  • Ekainaren 8an ibilaldi herrikoi bat egingo da inguru honen balio naturala hedatu eta ondare kulturala in situ ezagutarazteko, ingurumen babes berezia duen leku honetan.

Kultura sailburuorde Andoni Iturbek Armañongo Parke Naturalaren inguruneko ibilbide megalitikoaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Armañongo kultura eta paisaia ondareari historiaurreko hileta monumentuen bidez balio emango dion ibilbide bat sortzeko proiektua finantzatu dute. Karrantza Haranako Udalaren lankidetzari esker egin den ibilbide honek parke naturaleko trikuharri eta tumulu nagusiak zeharkatzen ditu, Agiri arkeologia elkarteak egindako ikerketen ondoren osatu den zeharbide batean. Proiektuak bere baitan biltzen ditu inguruko paisaiaren gaineko esku-hartzea eta Armañon-Galupa-Surbias gailur-lerroan zehar hedatzen diren eta 2009an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendatu zituen 14 hileta monumenturen azterketa arkeologikoa.

Ekimen hau garatzeko, aurretiazko azterketa arkeologikoak egin ziren, monumentu desberdinetan zundaketa estatigrafikoko kanpainak burutuz eta horietako batzuetan indusketa zaharrak berrintegratzeko eta finkatzeko lanak eginez, betiere ondareari balioa emate aldera. Aurretiazko lan horiek amaitutakoan, eta aztertutako monumentu megalitikoak zaindu eta babeste aldera, monumentuok ikusteko eta antzemateko moduan jarri dira, ingurua garbitzeko esku-hartzeak eginda eta beraiek identifikatzen dituzten seinale ofizialak jarrita.

Ibilbide megalitikoak El Suceso auzoa eta Amañongo Parketxea batzen ditu (Pozalagua kobazuloaren ondoan), eta sarbide osagarriak ditu Santecilla eta Paules auzoetatik eta Turtzioztik. Irteera-helmugako puntu nagusietan (El Suceso eta Parketxea) bi panel ditu, bai eta La Lama tumulua interpretatzeko panel bat eta ibilbidean zehar doazen pertsonak orientatzeko norabidea adierazten duten seinale batzuk ere.

Horrez gain, Armañongo Parke Naturaleko Turtziozko informazio puntuan, Parketxean eta Karrantza Haranako Turismo Bulegoan informazio liburuxka bat dago jendearen eskura. Liburuxka horrek QR bat dauka bertan biltzen den informazio arkeologikoa hedatzeko interesa duten pertsonentzat, www.arkeoagiri.org helbidera eramaten zaituena. Bertan, gainera, La Lama tumuluaren eta Biroleo I zistaren berreraikuntza birtuala erakusten duten bideoak ikus daitezke.

Proiektu honen inguruan egindako lan guztiaren emaitza prestakuntza teknikoko ikastaro batean eta kasu honetan Enkarterriko biztanleei zuzenduta egin zen jardunaldi batean (bi hitzaldi dibulgatzaile tartean) zabaldu ondoren, ibilaldi herrikoi bat antolatzeko lanak martxan dira, hartara kultura ondare hau in situ ezagutarazteko eta daukan balio naturala hedatzeko, ingurumen babes bereziko parajea dela kontuan hartuta. Ibilaldi hau datorren ekainaren 8an egingo da.

Ikerketa arkeologikoaren emaitzak

Karrantzako Haranean Bizkaiko dolmenen ia erdia dago, arro hau mugatu eta ixten duten gailur-lerroetan zehar banatuta: Armañon, La Escrita, Hormatza, Balgerri eta Aizko-Ubal. Ikusita zenbat monumentu dauden eta aditu batzuek XX. mendearen azken bi hamarkadatan eskuratu zituzten karbono datazioek zein antzinatasun duten, pentsatzekoa da Enkarterriko inguru hau Kantauri ekialdeko Neolitikoaren garapeneko nukleotako bat zela.

Agiri Arkeologia Elkarteko taldeak ibilbide hau zehazte aldera Armañongo estazio megalitikoan egindako ikerketa arkeologikoen ondotik, Kantauri ekitaldian historiaurrean hileta praktikak zelakoak ziren ezagutzeko ikuspegi berriak zabaldu dira.

Ibilbide berria osatzen duten 14 monumentuen artetik esanguratsuentzat jo diren hirurak aztertuta, hona hemen atera diren ondorio nagusiak:

  • Biroleo I zista da Bizkaia osoan zista gisa definitutako bakarra, eta banakako (edo pertsona gutxiko) ehorzketa eredua jarraitzen du. Kristo aurreko bigarren milurtekoko azken herenekoa dela kalkulatzen da.
  • Armañon eta Galupa III tumuluak lauzazko hobi ganberarik ez duten tumulu txikiak dira, hileta arreorik ere ez zutenak. Horietan, su arrastoak baino ez ziren antzeman, ikatz ugari agertu baitzen. Egitura horietan egindako bi esku-hartzeetan ezin izan da ebatzi zein zen beren esanahia eta kronologia, baina pentsatzekoa da Historiaurreko azken faseetakoak izan daitezkeela.
  • Monumentu multzo osotik La Lama da interes handiena duena. Bizkaiko bost monumentu handienetako bat da (20 metroko diametroa bider 2,40 metroko altuera), eta Armañon mendiaren hegoaldean dagoen laugune handi batean dago, 742 metroko altitudean. Karrantza eta Turtzioz haranen gainean, posizio estrategikoa du eta, ziur aski, Historiaurrean balio sinbolikoa izan zuen. Tumulu honetan eraikuntza fase desberdinak identifikatu dira, hainbat teknika eta material erabilita:
    • Lehenik eta behin, lurrez egindako tumulu bat eraiki zen, harrizko babes batez estalita. Erdiko partean, depresio txiki baten gainean, hareharrizko lauza bat agertu zen, erronbo formakoa, posizio bertikalean, ziur aski estela bat izango zena.
    • Lur eta harrizko lehen tumulu horren gainean harriz egindako egitura solido bat jarri zen, 1,30 metroko lodiera zuena, harri lehorrezko lauza horizontalen bidez jarritakoa. La Lamak duen bolumen handia bigarren eraikuntza fase honetan lortu zen, barnealdeko egitura zigilatu eta ezkutatzeko helburuz.
    • Azkenik, zehaztu gabeko data batean, harrizko tumulua moztu eta zeharkatzen duen putzu bat induskatu zen, azpiko lurrezko tumuluaren sabaira iritsita. Oraindik ez dakigu zergatik egin zen hori.

Agiri taldearen ustez, La Lamak eraikuntza aldetik antzekotasun handia du ohiko ganberarik ez duten Asturiasko tumuluekin. Azken horiek Kristo aurreko V. milurtearen amaieran eraiki ziren, eta zeremonia lekuak (ziur aski hileta lekuak) monumentuz zigilatu edo estaltzeko lanekin lotuta zeuden.

Armañonen fase megalitikoetan egondako landaretzari buruzko informazioa

Ibilbide megalitiko hau ezartzeko garatu den lanari esker, Historiaurrean Armañonen egondako landaretzari buruzko lehen datuak eskuratu ahal izan dira. Oraindik egiteke dauden etorkizuneko azterlanek ekarriko diguten informazioaren zain (polenak eta abar), sua egiteko erregai moduan erabiltzen ziren ikatzak identifikatzeko azterketak agerian uzten du horretarako haritz, pago eta angiospermoak batu zirela. Beraz, monumentu hauek espezie horiek ugaritzen ziren paisaiaz inguratuta zeudela irudikatu dezakegu.

 

 

Iruzkin bat
  •  erabiltzaile
  • 2024-05-24

    Bikain. Benetan txalotzeko ekintza.
    Ea noizbait, norbaitek konturatzen da Lemoizko itsaslabarrek daukaten potentzialaz eta ematen dituzten aukeraz. besteak beste Zentral nuklear zaharrari irtenbide bat ematearena.

Ekitaldiko kargudunak