Eman odola!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Jaurlaritzak Gasteizko Salburua Institutu berria sortzeko dekretua onartu du

2024-05-21
  • Obrak amaitu ondoren, datorren ikasturtean, irailean, ekingo dio ikastetxeak hezkuntza-ibilbideari
  • 5 milioi euroko doktoratu ondoko ikasketak garatzeko programa ere onartu du Gobernuak ikertzaile doktoreek atzerrian aldi baterako joan etorriak egiteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

IA 5 MILIOI DOKTORATU ONDOKO IKASKETAK GARATZEKO

Hezkuntza sailarekin zerikusia duten hainbat gai onartu ditu Gobernu  Kontseiluak gaur. Horien artean, ia 5 milioi euroko doktoratu ondoko ikasketak garatzeko programa, ikertzaile doktoreak hobetzeko eta atzerrian aldi baterako joan-etorriak egiteko 2027ra arte. Zupiriak adierazi duenez, programa honetako kideek, lehen, urteko kontratuak zituzten eta orain, hasierako kontratua hiru urtekoa izango dute, beste urtebetez luza daitekeena. “Horri esker, ikerketa-prestakuntza eraginkorragoa izan daitekela uste dugu”- gaineratu du bozeramaileak. 2024-25 ikasturtean 95 pertsonak jasoko dute doktoretza-ondoko kontratu bat programa honen bidez.

Bestalde, Musika eta dantza eskolen Dekretu berri bat ere onartu da gaurko bileran. Dekretu berriak eskola horiek –izan publikoak zein pribatuak- sortzeko eta jardunean jartzeko oinarrizko arauak jasotzen ditu, baldin eta eskola hauetan eskaintzen diren ikasketek ez duten balio akademiko edo profesionaleko titulurik ematen. “Dekretu berriaren nobedade nagusia da, 1992ko dekretuan ez bezala, oraingoan dantza sartzen dela eskola horietan eman beharreko irakaskuntza gisa” –azaldu du Zupiriak.

Hezkuntza sailari lotuta ere, Gobernu Kontseiluak Gasteizko Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutua sortzen duen Dekretua onartu du. “Ikastetxe berri honek izen hori eramango du, Salburua BHI, eta obrak amaitu ondoren, 2024-2025 ikasturtearen hasierarekin ekingo dio hezkuntza-ibilbideari, hau da, datorren irailean”- adierazi du bozeramaileak. Hasiera batean 6 unitate (6 talde) izango ditu ikastetxe berriak eta Gasteizko Salburua auzoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren premiei erantzuteko sortu dela zentroa azaldu du Zupiriak.

GOBERNU KONTSEILUAN ONARTUTAKO BESTE GAI BATZUK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai.

Ertzaintza eta Burgosen egoitza duen Isabel I Unibertsitatearen arteko hitzarmena onartu da gaur, Kriminologia eta Segurtasun Zientzien Graduko ikasleek gure polizian kanpoko praktika akademikoak egin ahal izateko. Lau urte iraungo duen hitzarmena da eta helburu du ikasleei prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko eta osatzeko aukera ematea.

Halaber, joan den apirilaren 3an Gobernu Kontseilura eraman zen CCOO eta UGT sindikatuekin lortutako akordioa, Administrazioaren zerbitzurako lan-kontratu finkoa duten langileen erretiro partzialerako. Gauzak horrela, gaur Kontseiluak onartu du Plan hori, apirilaren 3tik indarrean dago eta urte amaierara arte iraungo du. “Borondatezko neurria da, eta neurri hori hartuko duten pertsonen kopurua ezezaguna bada ere, adinagatik 635 langile izan daitezke, eta txanda-kontratu hori gauzatzeko kalkulu ekonomikoa 16 milioi eurokoa izango litzateke” –gehitu du Zupiriak.

Azkenik, Jaurlaritzak 2024ko Euskadi Literatura Sarien deialdia onartu du gaurko bileran.

Urtero banatzen dira Euskadi literatura-sariak aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzeko helburuz, eta literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Aurtengo kasuan ere, atal hauetan sailkatuko dira sariak: Euskarazko eta gaztelerazko literatura; Euskarazko haur eta gazte literatura; Euskarazko literatura itzulpena; Literatura lanaren ilustrazioa, eta Euskarazko zein Gaztelerazko saiakera lanak.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak