Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu du

2024-05-22
  • Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordea izan da ikasleek ikasturte honetan garatutako STEAM proiektuak erakusteko erakusleihoa izango den topaketaren inaugurazioan.
  • 70 ikastetxetako ia 800 ikaslek parte hartu dute STEAM hezkuntza sustatzea helburu duen azokan

Elhuyar Zientzia Azoka 2024 izango da gaurtik aurrera Bilboko Areatzan. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak parte hartu du esparrua irekitzeko ekitaldian, erakunde babesleekin eta STEAM (science, technology, engineering, the arts, and mathematics) hezkuntza sustatzea helburu duen ekimena babesten duten erakundeetako ordezkariekin batera. Hezkuntza Sailak ekitaldia babestu du gazteen artean zientziarekiko zaletasuna sustatzen duelako, bai eta kultura zientifikoa sustatzen eta zabaltzen duelako ere STEAM Euskadi Estrategiarekin bat etorriz.

Bilboko Areatzan egingo den ekitaldia datorren larunbatera arte, maiatzaren 25era arte, luzatuko da. Ekitaldia azoka formatuan egingo da, eta 70 ikastetxetako ia 800 ikaslek ikasturtean zehar garatu dituzten proiektuak erakutsiko dituzte bertan.  Lehenengo edizioa 2013an egin zenetik gaur arte, 12 urtetik 18 urtera bitarteko ia 8.200 gaztek parte hartu dute Elhuyar Zientzia Azokan. 

Esparrua irekitzeko ekitaldian, Hezkuntzako sailburuordeak nabarmendu du STEM trebetasunak funtsezkoak direla ikasleek aukera gehiago izan ditzaten bai gizartean bai lan-merkatuan. “Horregatik da garrantzitsua trebetasun horiek eskuratzeko eta garatzeko aukera izatea”. Sailburuordeak erantsi duenez, garrantzitsua da gazteen artean STEAM bokazioak piztea, izan ere teknologia gero eta gehiago ari da gure gizartearen zati integrala bihurtzen, aurrerapen teknologikoak ezinbestekoak baitira gure lehiakortasuna indartuko duten trantsizioak egiteko.

STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiarekin lerrokatuta

STEAM hezkuntzak Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika Artearekin eta Humanitateekin lotuta uztartzen ditu. “A” horrek Arteen eta Humanitateen ikaskuntza integratuko prozesua inplikatzen du, ikasleengan, besteak beste, lankidetza, sormena, talde-lana edo berrikuntza sustatuz.

Euskal estrategiak bereziki azpimarratzen du ikasle nesken artean bokazioak gaztetatik sustatzea, esparru horretan berdintasun-maila handiagoa lortzeko. STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiak (2018) hezkuntza-etapa guztietan (LH, DBH, Batxilergoa, LH eta Unibertsitatea) bultzatu nahi du hezkuntza eta heziketa zientifiko-teknikoa, STEM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) bokazio eta asmo profesionalak piztu nahi ditu eta dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatu nahi ditu herritarren artean.

Estrategiak nolabaiteko izaera didaktikoa du gai horri buruzko zalantzak argitzeko, bai eta lanbide zientifiko-teknologikoen hezkuntzan eta sustapenean egiten diren ahaleginak lerrokatzeko ere.

Ondorioz, STEM eremuan sartu berri diren unibertsitateko ikasleak gaur egun 3.918 dira; unibertsitateko ikasleen % 30. Unibertsitateko ikasle nesken % 19k STEM karrerak ikasten dituzte. Lanbide Heziketari eta STEM ikasketei dagokienez, emakumeak % 16 dira. 

STEAM Sare programa

STEM lanbideen orientazioa indartzeko testuinguruan, bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen (enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta beste erakunde batzuk) sare bat garatu da, eta elkarrekin lan egiten dute STEM gaien eta lanbideen irudi errealista emateko gazteei. Euskadiko 165 ikastetxek parte hartzen dute programan. Horri eta 66 erakunde laguntzaileei esker, 22.000 neska-mutilek ezagutu dezakete esparru zientifiko-teknologikoko profesionalen eguneroko errealitatea. 170 profesionalek baino gehiagok laguntzen dute programa honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)