Berriak Osasuna
qrcode

Osasun sailak eta euskadiko farmaziek sendagaien segurtasuna zaintzeko euskal sare zentinela sortuko dute (Gobernu Bilera 2024-5-14)

2024-05-14
  • Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak farmazia-bulegoetan asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pertsonen artean inhalagailuen erabilera eta atxikidura hobetzeko programa inplementatzea helburu duen beste hitzarmen bat ere baimendu du

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Euskadiko Farmazia Zentinelen Sarea ezarri eta garatzea helburu duen Osasun Sailaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeari. Hitzarmen horren bidez, sendagaien segurtasuna zaintzen lagundu nahi da, farmazia komunitarioaren laguntza-dinamikaren barruan.

Sare horren jarduera nagusia izango da sendagaiek eragiten dituzten ondorio kaltegarrien susmoak Euskadiko Farmakojagoletza Unitateari jakinaraztea. Gainera, arreta jarriko die txertoei, publizitate-sendagaiei, sendabelarrei, formula magistralei eta sendagai homeopatikoei ere.

Euskadiko Farmakojagoletza Unitatea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzaren mende dago eta Galdakao-Usansoloko ospitalean kokatzen da 1989az geroztik. Han jaso eta ebaluatzen dira osasunaren arloko profesionalek, herritarrek eta farmazia-industriak bidalitako ondorio kaltegarrien susmoak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Osasun Sailaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoen artean beste hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmen horri esker, farmazia-bulegoen bidez ezarriko da asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pazienteek inhalagailuak egoki erabiltzeko eta tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko programa.

 Hitzarmen horren esparruan, Osasun Sailak urtean 120.000 euro jarriko ditu, guztira, Sailaren bi arlo estrategiko biltzen dituen proiektu aitzindari horretarako: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen arreta, eta farmaziak osasun-sisteman barne hartzea, gainerako laguntza-mailekin koordinatuta.

 Asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa dira arnas-gaixotasun kroniko nagusienak. Euskadin, asmaren prebalentzia % 9,7koa da eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoarena % 2,41koa. Bi gaixotasun horien tratamendu nagusia inhalagailu bidez aplikatzen da, eta oso garrantzitsua da inhalazio-teknika ondo ezagutzea, behar bezala egiten ez bada, medikazioa ez baita birikara iristen eta ez baitu eraginik.

Iruzkin bat
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @jjorgepoveda
    2024-05-14

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Salud y las farmacias de Euskadi crearán una red centinela vasca... https://t.co/6j1hoN4Wvw

Komunikabideek behera kargatzeko