Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafiko Zuzendaritzak sare sozialak ere baliatuko ditu ikus-entzunezkoen bidez harrapatzeen inguruko kontzientzia handitzeko

2012.eko otsailak 29

Kontzientziatzeko bideoak Youtuben eta gertaeren inguruko informazioa Twitterren

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak kontua ireki du Twitterren eta kanal bat Youtuben sare sozialen bidez ere kontzientzia harrarazteko informazioa eta mezuak zabaltzeko, bideko segurtasuna hobetze aldera. Twitter bidez, EAEko errepide sareko gertaeren eta trafikoaren egoeraren inguruko oharrak zabalduko dituzte, eta Youtubeko kanalean ikus-entzunezko lau bideo jarriko ditu, oinezkoen harrapatzeen ingurukoak. 

Ekimena 2010-2014rako Bideko Segurtasunerako Plan Estrategikoaren baitan jasotzen da, eta sentsibilizazioa eta kontzientzia handitzeko ekintzak garatzea eta Internet bidez parte hartzeko kanalak sustatzea aurreikusten du.

Twitterreko kontuak (http://twitter.com/trafikoaejgv) EAEko errepide sarean izan diren gertaeren, oharren eta larrialdi-egoeren berri emateko balioko du. Youtubeko kanal bakarra (http://www.youtube.com/TrafikoaEJGV), aldiz, Trafiko Zuzendaritzaren lanaren gaineko ikus-entzunezko materiala (informazioa edo material didaktikoa) zabaltzeko erabiliko da. Bi zerbitzuetara Zuzendaritzaren webetik (www.euskadi.net/trafikoa) ere sartu ahalko da.

Harrapatzeak saihesteko lau bideo

Youtube kanalean gaur aireratuko dituzten bideoetan oinezkoak harrapatzeko arrisku egoera batzuk erakusten dituzte (ikuspen eskaseko bidegurutzeak, egoera atmosferiko txarrak...), eta herritar guztiei zuzenduta daude, baina adinekoei eta nerabeei bereziki. Horren helburua harrapatzeen arriskua saihesteko jokabide eta ohitura prebentiboak bultzatzea da.

Sarean ez ezik, 251 udaletan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 500 ikastetxetan eta 200 autoeskolatan ere zabalduko dituzte bideoak.

Ikus-entzunezko bakoitzak bi minutu inguruko iraupena du eta aholkuak ematen ditu jokabide zuzena izateko kalea zeharkatzean, errepide batetik oinez ibiltzean eta egoera klimatologiko eta ikuspen txarrak direnean.

Istripuetan hildakoen % 25 harrapatuta hil ziren

EAEn izaten diren ezbeharren kopurua handia ez bada ere, eta Trafiko Zuzendaritzak horiek murrizteko ezarri zituen helburuak bete baditu ere (milioi bat biztanleko 30 eguneko epean hildakoen ratioari dagokionez, EAEn Suitzan edo Erresuma Batuan dituzten antzeko datuak daude), harrapatzeen ondorioz hildakoen kopurua ez da murriztu besteen neurri berean. 2011n, 60 pertsona hil ziren EAEko errepideetan izandako istripuen ondorioz; horietako hamabost, harrapatuta. Kopuru hori aurreko lau urteetan izandakoen antzekoa da. 2010ean, hamalau pertsona hil ziren harrapatuta; 2009an, hamasei; 2008an, hamazazpi; eta 2007an, hogeita lau. Urte horietan guztietan, harrapatuta hildako oinezkoen erdiak 64 urtetik gorakoak ziren.

Iruzkin bat
  • @JesusMatellan
    2012.eko otsailak 29

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco Irekia :: La Dirección de Tráfico se estrena en las redes sociales con audiovisuales. http://t.co/s9hoL1Ei

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko