Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak ziurtatu du Euskadik ez duela galdu etxebizitza publikoak produzitzeko ekimena

2012.eko otsailak 29

Azken biurtekoan soberan bete dira etxebizitza babestuaren hasierako eta amaierako helburuak

Etxebizitza sailburuak, Iñaki Arriolak, ziurtatu du Etxebizitzaren 2010-2013 Plan Zuzentzailearen lehenengo biurtekoan Etxebizitza Sailak "soberan bete dituela etxebizitza babestu berriak hasteko helburu absolutuak", guztira 9.406 etxebizitza hasi direlako, etxebizitza librearen sustapenekoa baino kopuru handiagoa.  Amaitutako etxebizitza babestuei dagokienez, 2011k errekor historikoa markatu du, 5.523 etxebizitza amaitu direlako.

"Datu horiek frogatzen dute, administrazio publiko guztiek aurrekontu-egoera zaila bizi dugun arren, Euskadik ez duela galdu etxebizitza publikoak produzitzeko ekimena", esan du Arriolak Forum Europa Tribuna Euskadin hitz egin duenean.

Birgaitzean ere, Plan Zuzentzailearen helburuak gainditu egin dira, 2010-2011 aldian Eusko Jaurlaritzak 35.829 laguntza-espediente onetsi dituelako.

Arriolak nabarmendu du birgaitzeko laguntzek ondorio ekonomiko handia daukatela, eragin zuzena daukatelako hornitzaile eta gremio txikien jardueran. "2010ean, Sailetik 20 milioi euro bideratu genituen programa horretara, eta, horren eraginez, 277 milioi euro baino gehiagoko bolumena mobilizatu zen birgaitze-obretan. Cerdá Institutuak egin duen azterlan baten arabera, birgaitzean zuzenean gastatutako euro bakoitzak 1,33 euroko zeharkako eragina eta 0,78 euroko eragin induzitua dauzka; beraz, horrek 857 milioi euroko guztizko eragin ekonomikoa dauka", azaldu du.

Sailburuak berriz esan du bere politikaren ardatz nagusia errentako etxebizitza bultzatzea dela. Horregatik, Sailak etxebizitzako aurrekontu-gaitasunaren % 65a errentara bideratzen du. Gainera, kontuan hartu behar da gaur egun etxebizitza-sustapenen finantzaketak zailtasun handiak dauzkala, bereziki errentako etxebizitzari dagokionez; zuzkidura-bizitokien eraikuntzak ere finantzaketa-zailtasun handiak dauzka.  "Horrela, 2010ean errentako etxebizitza berriak hasteko helburuak soberan bete bagenituen ere, hori ez da posible izan 2011n; biurtekoaren produkzio-maila % 72an kokatu da, Planaren aurreikuspenei dagokienez", esan du.

Hori dela-eta, Sailak hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko programen (BIZIGUNE) helburuak handitu ditu, 6.000 etxebizitzako kopurura iristeko, eta, laster, bitartekotza-programa berri bat jarriko du martxan alokairuan (ASAP), 3.000 etxebizitza mobilizatzeko.

ASAP programa berri horren bidez, Jaurlaritzak errentako etxebizitzen eskaintza sustatu nahi du merkatu libreko batez bestekotik behera egongo diren prezioetan. Horrela, jabeei, aseguruen bidez, errenta kobratzeko eta kalteak konpontzeko bermea emango zaie. Programa berri horri 39.000 eurorainoko diru-sarrerak dituzten pertsonek eta familiek erabili ahal izango dute.

Lurzoruari buruzko Legea

Arriolak iragarri duenez, halaber, Eusko Legebiltzarrak etxebizitzari buruzko 2011ko apirilaren 13ko osoko bilkura monografikoan hartutako ebazpenak betetzeko, Saila elkarlanean ari da Legebiltzarreko Sozialisten Taldearekin proposamen bat zehazteko. Proposamen horren ildoa, hirigintzako plangintza, kudeaketa eta diziplina prozedurak sinpletzea da, eta horrez gain Udalei autonomia handiagoa ematea, udalen lurzoru ondareak benetako beharrizanetara egokitzea eta etxebizitza babestuen nahitaezko erreserbaren portzentajea ezartzean udalerri edo eskualde bakoitzaren benetako eskaria kontuan hartzea.

Azaldu duenez, "Kudeatzen zailak diren esparruak garatu ahal izateko, hiria berritzearekin harreman zuzena daukaten kasuetan, (urbanizazio-kargen ziozko bideragarritasun defizitak, jarduera ekonomikoen lekualdaketa, ostatu emateen kostuak, etab.), uste dugu beharrezkoa dela eragiketa horiek bideragarri bihurtzeko kudeaketa tresnak txertatzea. Zalantzarik gabe interesgarriak dira gizartearen ikuspuntutik, hiriarentzat hiri-esparruak berreskuratzeari dagokionez, baina aurrera jarraituko badute, kudeaketaren indartze eta sustatze elementu horiek ezinbestekoak izango dira".

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)