Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak baieztatu du Euskadi prest dagoela zibersegurtasunaren erronkari aurre egiteko

2024-05-09
  • Gaur goizean Iñigo Urkulluk AYESA enpresak abiarazitako Cybersegurity Operations Center – CSOC inauguratu du
  • Gogorarazi du azken 7 urteetan ziberdelituak esponentzialki hazi direla, zehazki, % 380 baino gehiago igo dira

Lehendakariak ziurtatu du Euskadi “ondo kokatuta” eta prest dagoela, zibersegurtasunaren desafioari aurre egiteko, eta, era berean, etengabe, profesionalak gehitzearen alde hitz egin du, horrela, “talentu arrakalak” saihestu ahal izateko. Gaur goizean, Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernua sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak lagunduta, Iñigo Urkulluk AYESA enpresak Donostian abian ipini duen zibersegurtasuneko operazioak egiteko lehen zentroa (CSOC) inauguratu du.

Enpresa honetako arduradunen eta ekitaldira bertaratu diren gainerako agintarien aurrean, Lehendakariak adierazi du, Europarekin alderatuta, Euskadik modu adierazgarrian gainditzen duela, batez beste, milioi bat biztanleko dagoen enpresa kopurua (Euskadin, 79; Europan, 22’8), ildo beretik, Lehendakariak bertako dibertsitatea nabarmendu du, izan ere, hain justu ere, horregatik –bere ahotan–, “lurralde autonomoa gara, eta euren osotasunean heldu ahal diegu zibersegurtasunarekin lotutako egitasmoei”.

“Hazten jarraitu behar dugu. Euskadi 2025, Eraldaketa Digitaleko Estrategia egitasmoaren helburua da 300 enpresa berri espezializatu lortzea, besteak beste, zibersegurtasunean, adimen artifizialean, konputazio kuantikoan, ikusmen artifizialean, errealitate handituan eta Big Datan” –adierazi du–, era berean, profesionalak gehitzearen alde mintzatu da, horrela, “talentu arrakala” ekiditeko. 

Bere mintzaldiaren beste pasarte batean, Iñigo Urkulluk gogorarazi du azken 7 urteetan ziberdelituak modu esponentzialean hazi direla, zehatz-mehatz, % 380tik gora (azken urtean, ia-ia % 40 igo dira), zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasuna sustatzeko duen konpromisoa berretsi du; konpromiso horrek, 2023an, Cyberzaintza ekarri zuen.

“Lankidetza publiko-pribatuko lotura hau indartu egin behar dugu, enpresei eta gizarteari azpiegitura, produktu eta zerbitzu erresiliente eta lehiakorrak sortzen laguntzeko, zibereraso hauei iskin egiteko modukoak” –adierazi du–, eta, amaitzeko, elkarlan honen eredu gisara, AYESA enpresa aipatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak