Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 2,1 milioi euroko dirulaguntza onartu du Miramar Jauregiaren birgaitze lanetarako (Gobernu Bilera 2024-5-7)

2024-05-07

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2024-2025 urteetarako Miramar Jauregia birgaitzeko diru partida. Guztira 2.144.294 euro izango dira, 1.167.515 euro aurten bideratuko direnak eta 976.779 euro datorren urtean. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako udalarekin batera, Miramar Jauregiko partzuergoko kide da ondorioz birgaitze lanen herena ordaintzea dagokio. “Kursaal Elkargunea SA” da eraikinaren kudeaketaren arduraduna eta berak jasoko du lanak egiteko dirulaguntza.

Honako hauek dira Miramar Jauregian egin beharreko lanak:

  • Eraikin nagusian:
    • Sotoa, beheko solairua eta lehenengo solairua egokitu ekitaldiak egiteko. Irisgarritasuna hobetu, eta, aldi berean, aldagela eta komun berriak egin.
    • Bigarren solairua egokitu, alokatzeko bulegoak sortzeko.
  • Zerbitzuen pabilioia: eraikinaren egitura arriskuan jartzen duten hezetasunak kendu.
  • Gainerako eraikinetan: esku-hartze txikiak.
  • Era berean, suteen aurkako instalazioa egingo da eraikin guztietan.

Obrak 2025ko abendurako bukatuta egotea aurreikusten da.

Miramar Jauregia

Donostiako Miramar Jauregia 2012. Urtetik babes bereziko ondasun bezala izendatuta dago. Maria Kristina erreginak eskatuta eraiki zen 1893. urtean. Selden Womun arkitekto ingelesak diseinatu zuen, Ingalaterrako “cottage”-en estiloan, eta Jose Goikoa arkitektoak eraiki zuen. Urteetan Espainiako errege-etxearen eskuetan egon zen, 1973an Donostiako Udalak erosi zuen arte. Harrezkero, Jauregiaren xede nagusia da helburu kulturalak dituen jauregiaren erabilera zuzena ezartzea, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak, Eusko Ikaskuntzaren zerbitzuak, eta orokorrean, kulturarekin zerikusia duen edozein jarduera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko