Hezkuntza Sailak 3 milioi euro bideratu ditu lanbide heziketako eremu estrategikoetan jarduera-ildoak garatzeko (Gobernu Bilera 2024-5-7)
Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzetarako deia egiten duen Agindu bat.
3.068.400 euroko zenbateko ekonomikoa duen deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxeetako irakasleek parte hartzea, 2024-2025 ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan. Honako plan hauetan jasotzen diren jarduera-ildoez ari gara: Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana.
Deialdi hau bat dator Lanbide Heziketa ekoizpen-sektoreen egungo eta etorkizuneko beharretara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko helburuarekin, enpresek gero eta kualifikazio eta espezializazio-maila handiagoak behar dituztenez gero.
Eta bere xedea da itunpeko ikastetxeen partaidetza sustatzea, irakasleek deialdian zehaztutako jardueretan parte har dezaten finantzaketa eskainita eta Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana hedatzeko eta plan horretan zehaztutako arlo estrategikoetako helburuak lortzeko laguntza emanda.
2024-2025 ikasturterako, Hezkuntza Sailak aipatutako planari lotutako 49 jardueraren zerrenda bat osatu du. Liberatutako irakasleek parte hartuko duten jarduera horiek honako eremu estrategiko hauetan biltzen dira:
- Berrikuntza aplikatua
- 0 testuinguruan ikastea
- Elkarlaneko adimena eta malgutasun eraldatzailea
- Berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak
- Biozientziak eta garapen iraunkorra
- Egitura organiko espezializatuak
Deialdi honen bidez jasoriko dirulaguntzak pertsonal gastuetarako izango dira, dela ordezko irakasleak kontratatzeko, dela ikastetxean jardunean diren irakasleen kontratuak luzatzeko.